Fermín Etxegoien: 'Eleberri hau idatzi dot nire buruari ahotsa emotearren'
2010-02-01 11:35 BarriketanFermin Etxegoien (Oñati, 1966) kazetariak 'Autokarabana' (Pamiela) izenburuko bere lehenenengo eleberria kaleratu barri dau bi urteko lanaren ondoren. Nobela 'beharrezkoa' euskal literaturan, kritiko batzuen ustez. Bere aurreko ensaioan -'Neurona eta zeurona' (Pamiela)- bezela, Etxegoienek euskerearen erabilerea dala eta ez dala sortzen jakozan kexkak eta burutazinoak azaltzen ditu eleberri honetan, bere alter-ego dan pertsonaia nagusi baten bitartez. Horrezaz gan, amodioa, zeloak, sexua, aitatasuna, uria eta herria, kooperatiben mundua eta abarreko gaiak jorratzen ditu Oñatiko idazleak oso harrera ona izaten ari dan liburuan.
1.- Benetako bizipenetan oinarrituta ei dago zure liburua. Ze punturaino?
Gauza pertsonal asko egia dira, agertzen diran protagonista gehienak pertsona errealetan oinarrituta dagozalako, baina eleberriaren bizkarrazurra fikzinozko kontuakaz osotu neban.
2.- Protagonistea zure alter-egoa da? Beraren bidez berba egiten dozu zeuk?
Bada nire alter-egoa, baina beraren bidez ez eze beste hainbat protagonistaren bidez be berba egiten dot, eleberria ez dodalako idatzi -orain konturatu naz!- besteei ahotsa emotearren, baizik eta nire buruari emotearren.
3.- Barriro bueltaka hizkuntzeagaz. Zer da gehien kexkatzen zaituana gai honetaz?
Euskerea ez dala bilakatu hautazko hizkuntza, hautaketak erdarara garamatzalako hamarretik... hainbestetan. Euskera eredu erakargarria lortu behar dogu 'modu unilateral batez', hizkuntzearen bizipena bizipen estetikoa dalako.
4.- 'Arazoa da euskaldun askok ezin dogula euskereagaz' esaten dau protagonisteak. Sentimendu hori izan dozu zeuk be inoiz?
Bai, askotan, izan be nahiago dot nire buruaz baino ez hitz egin, ergelon multzo honetan adibidez zu zeu sartu baino. Nor naiz ni-eta, euskereagaz nork ahal dauen eta nork ez jentaurrean esateko...
5.- Barre egiten dozu euskerearen inguruan egiten diran hainbat ekimenakaz. Guzti honen atzean euskerearen egoereari buruzko hausnarketa bat dago?
Hausnarketea da euskerearen sozializazinoa ez dala modu egokian egin, baina kontua ez da honengaitik inorengana kontu eske joatea, aldez aurretik erdarak eban abantaila izugarria zalako.
6.- Zergaitik kokatu nahi izan dozu istorioaren atal bat kooperatiba batean?
Oso lan mundu berezia dalako, komunidade zein bardintasun ideiak oso presente dituana, baita euskalduntasuna be.
7.- Bilbo uriari amodiozko deklarazino batzuk badagoz liburu honetan...
Benetazko uri handia ez bada be, Bilbo da uritartasun bizipena eskaintzen deustan euskal eremu ia bakarra; nahikoa iruditzen jat omendua izateko.
8.- Sexua eta amodioa beti dagoz presente. Zeloak be bai. Ez gara inoiz konformetan daukagunagaz?
Konformetako, zeure mugaren jakitun izan behar dozu. Horrelakorik gertatzen ez dan bitartean, helburua Champions League-n dago.
9.- Edorta Jimenezek egindako deklarazinoei buruz galdetu behar deutsut. Euskal literaturea ustelduta al dago?
Ez dot uste, ustelduta oso berba potoloa dalako, baina niri neuri be ulertezina iruditzen jat, adibidez, Kritikaren Saria izeneko hori pertsona bakar baten esku izatea.
Alkarrizketatuaz berba bi
Fermin Etxegoien kazetaria da lanbidez eta aurretiaz beste saio batzuetan ibili ostean, egun ETB1eko Kalaka saioko gidoilaria da. Horrezaz gan, Gaztea irratian 'Ekaitz Perfektua' saioa egiten dau.
Idazle be bada eta Pamiela argitaletxeagaz argitaratu ditu: 'Neurona zeurona' (2005) saiakera eta 'Autokarabana' (2009) eleberria.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!