Arlo juridikoan euskerearen erabilerea normalizetako hitzarmena sinatu dau Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2010-01-27 10:40   Euskerea berbagai

Zuzenbidearen Euskal Akademiagaz (ZEA) eta Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeagaz (HAEE) sinatutako hitzarmenari esker, helburu bi lortu gura dira: komunikazinoaren teknologien bidez zuzenbide orokorra eta, berenberegi, euskal zuzenbide zibil eta autonomikoa euskeraz eta gaztelaniaz jentarteratzen laguntzea; eta zuzenbidearen munduan euskerearen erabilerea normalizetea.

Justizia eta Herri Administrazino Sailaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Zuzenbidearen Euskal Akademiagaz (ZEA) eta Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeagaz (HAEE) hitzarmena sinatzea onartu dau arlo juridikoan euskerearen erabilerea normalizetea lortzeko helburuagaz.

Lankidetzeagaz, helburu bi lortu gura dira: komunikazinoaren teknologien bidez zuzenbide orokorra eta, berenberegi, euskal zuzenbide zibil eta autonomikoa euskeraz eta gaztelaniaz jentarteratzen laguntzea; eta zuzenbidearen munduan euskerearen erabilerea normalizetea.

Lehenengo helburua lortzeko, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburuordetzeak eta HAEEak 'bultzada handia' emongo deutse ZEAk egindako www.forulege.com webguneari, zainduta eta eguneratuta egoteko. Euskal zuzenbide zibilaren ganeko datu-basea da webgunea, eta erabiltzaileen esku jarten ditu euskal zuzenbide zibilaren arloan indarrean dagoan legeria, arlo zehatz horren inguruko jurisprudentzia, kasuan kasuko bibliografia eta eremu horretan erabilgarriak izan daitekezan formularioak.

Jaurlaritzearen arabera, webgune hori 'oso tresna erabilgarria' da euskal foru zuzenbidearen munduan euskerearen erabilerea sendotzeko.

ZEAk, ganera, bere esperientzia eta jakituria eskainiko ditu informazino juridikoaren ganeko euskerazko wegbune barri bat sortzeko. Webgune horren izena iusplaza.com izango da, eta zuzenbidearen arloko profesionalek eta herritarrek formularioak eta ereduak arin topauko ditue bertan, agiri administratibo eta judizialak euskeraz egin ahal izateko. Zuzenean edo Justizia Sailaren eta HAEEaren orrietako esteken bidez sartu ahal izango da webgunera.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan berbakera juridikoaren batasuna lortzeko, gaiari jagokozan oinarrizko kontzeptuen hiztegi juridikoa egingo dau ZEAk euskeraz eta gaztelaniaz. 'Zuzenbidearen Euskal Hiztegia/Diccionario Vasco de Derecho' hiztegiak 500 bat sarrera izango ditu, eta HAEEak bialduko deutso ZEAri terminoen eta unidade lexikoen zerrenda adostua, berbakera juridiko-administratiboa finkatzeko eskumena dauen organoa da eta.

Hiztegia egiteko, euskerearen arloan lan egiten daben erakundeakaz eta batez be Euskaltzaindiagaz lankidetzea be bultzatuko dabela jakinarazo dau Jaurlaritzeak.

Adierazotako proiektu horreek guztiak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailaren aurrekontuagaz finantzauko dira, eta aurten, 30.500 euro bideratuko dira lan horreetara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu