Edorta Jimenez, Josune Muñoz eta Igor Estankona: 'antologia hau topikoen kontra doa'
2010-01-25 11:47 BarriketanIgor Estankonak, Edorta Jimenezek eta Josune Muñozek 'Desira plazer' izeneko euskal poesia erotikoaren antologia (1968-2008) aurkeztu dabe Txalaparta argitaletxearen eskutik. Liburuaren berbaurrean azaltzen dan legez, 'Euskal Herrian idatzi dan poesia arakatu dabe erotismo bila'. Emoitza, Jimenezen esanetan, 'altxor-mapa' bat da.
Hirurogeta hamar idazle inguruk (horreetatik % 40 inguru emakumezkoak) 1968az geroztik euskeraz idatzitako poema erotikoak batu dira liburuan (Iñigo Aranbarri, Paddy Rekalde eta liburua zabaltzen dauen Jon Miranderen 'Oianone' poemea, besteak beste). Tartean, hausnarketarako bide asko edegi dira eta horreen ganean jardun dabe egileek.
1.- Aurkeztu barri dozuen liburua antologia bat izanda, askotariko lanak topau ahal izango dira. Zelakoa izan da aukeraketa lana eta zer eskaintzen dau liburuak?
Igor Estankona: Ni, zeozelan, antologia honen lanetara ailegau nazan azkena naz. Josune Muñoz andrazko euskal poeten lanetatik ale erotikoak, maitasunezkoak, pikanteak hartzen arduratu da eta Edorta Jimenezek beste horrenbeste egin dau, nire laguntzino apur bategaz, gizonezkoen kasuan.
Antologia honen amesa ez zan poesia erotikoaren ganeko definizino bat ezartea. Erotikoa zer da, erakusten ez dauena baina iradokitzen dauena? Ez dakigu. Hemen, erakutsi egiten da batzuetan, ostendu besteetan, disimulau beste batzuetan... eta, poema batzuk dagoz, ia-ia, maitasun dibino bati buruzkoak.
Definizino zabal horretatik egin dogu lan, kanpoan ia ezer itxi barik. Horregaitik uste dot dala interesgarria antologia hau, bere amesa ez dalako definizino bat emotea, ibilbide bat erakustea baino, 1968an Jon Mirandek 'Oianone' lan bikain ha idatzi ebanetik Castillo Suarez bateraino, adibidez. Nire inpresinoa da lehenengo poemeak oso altu ipinten dauela mailea, 'Oianone' lanagaz hasteak lan guztia baldintzatzen dau eta hor dagoz poesia erotikoa jorratzeko modu desbardinak.
Lan batzuk, irakurleari, zuriak eta sinpleak irudituko jakoz; beste batzuk, barriz, eskandalizetako modukoak. Baina, irakurle gazteentzako -68tik hona zer idatzi dan jakiteko-, poesia-zaleentzat orokorrean, eta literatur zaleentzat zentzu zabalean, oso liburu gomendagarria da -nahiz eta txarto egon nik hori esateari-. Izan be, bide batez, ordutik hona egindako euskal poesiari errepasoa be egiten jako, Amaia Lasaren ahots zuritik hasi eta Omar Nabarroren bulkada indartsuraino, Xabier Montoiaren zinismotik pasatuz eta Xabier Leteren mistizismoan bukatuz, oso liburu aberatsa da. Eta, ez da gure meritua, baizik eta euskal idazleena.
Edorta Jimenez: Bilduma honen arduraduna nazan aldetik, liburu honek literatura bildumeari beste maila bat emoten deutsola esan neike. Bazan 'Euskal lizunkeriaren antologia' eta hor dago aldea, lizunkeriatik erotismora. Lan honek duintasuna emoten deutso, cool ikutu bat be bai, pornografiara ailegau barik, eta liburu hau mugarria izango dala uste dot.
2.- Zergaik aukeratu dozue 1968. urtea abiapuntu moduan?
E.J.: Arrazoi askogaitik. Igorrek esan ditu batzuk, eta beste bat da Etxepareren liburuaren berrargitalpena urte horretan egin zala eta euskaldun gehienentzat idatzia ez balitz legez izan arren (erudituak baino ez ebelako irakurten), oso garrantzitsua izan zan.
3.- Euskal poemagintzearen arloko izen handien ondoan, horren ezagunak ez diranen lanak be jaso dozuez.
E.J.: Hori da, hain zuzen be, liburu honek daukan ezaugarririk garrantzitsuena, eta gogoetarako eta hausnarketarako bidea emoten dauena. Hau da: sariketetan-eta zenbat liburu saritu izan diran gero hedakuntzarik edo zabalkunderik izan ez dabenak. Zenbat izen dagoan euskal literaturan, euskal poesigintzan, emakumezkoen artean are gehiago esango neuke, saria irabazita eta liburua argitaratuta, isiltasunaren hilobian bizi direnak. Guk, batzuk, hortik atara doguz, irakurleak deskubriduko dituanaren itxaropenagaz eta, zeozelan, liburu honen bidez, autokritikea egiteaz gan, sistemeari be kritikea egiten deutsagu. Guk, liburuan, askotariko lanak jasoten ahalegindu gara eta, hiru esku egon arren, danak datoz batera. Eta, puntu honetan, editorearen lana azpimarratu behar dot, liburu hau egin eta gero hemen, bizirik eta burutik ondo egotea miraria da. Azkenik, parkamena eskatu behar dogu, gure ez jakituan edo, hartu ez doguzan aleakaitik; prest gagoz irakurleen eretxiak jasoteko.
4.- Emakumeen lanak presentzia nabarmena dute lan honetan. Zenbateraino? Lan horreek batzeaz Josune arduratu da. Zelakoa izan da esperientzia, Josune?
J.M.: Ilusino handiz jaso neban Edortak egin eustan enkargua, oraindino, egun, emakumeen lana ez baita autortzen eta badira emakumeen lana kontuan izan barik egindako antologiak. Orain arte, euskal emakumeen poesia ia osoa ezagutzen neban baina ez berenberegi aztertuta, beraz, neuk be azterketa sakona egin behar izan dot antologia honetarako. Nik, orain arte, batez be beste kultura batzuetako emakumeen ahots erotikoak ezagutzen nituan eta, beraz, Euskal Herrian hori zelan agertzen zan jakin gura neban.
Erotismoari buruz ari garanean, nik uste dot, azkenean, sexuari buruz ari garala. Erotismoa sexuarekin daukagun loturea da, ekintza sexualeraino eroaten gaituen ibilbidea. Beste kulturetan, alde handia ikusi dot gizonek sortzen daben poesia eta emakumeek sortzen dabena alderatuta, eta Euskal Herrian be bai. Halanda be, emakumeek betidanik idatzi izan ditue goi-mailako lanak, Amaia Lasaren lanak, adibidez.
Emakumeok beti idatzi izan dabe, beti egon dira hor eta gero eta gehiago gara. Gure ahotsa ozenki entzuten da baina beste era batera. Emakumeek sexuagako daukien loturea eta gizonezkoek daukiena ez da bera eta hori emakumeen poesian igarten da, usaimena, dastamena, ukimena... lako zentzumenak presentzia handikoak dira, baita azalaren kodea be, Miren Agur Meaberen lanetan, adibidez.
E.J.: Gatxa da norberaren jatorrizko matxismotik alde egitea eta esango neuke bilduma honetan harrigarriena emakumezkoen ahotsa dala. Erotismoaren arloan, euskal emakume poetak gorago ailegau dira gizonezkoak baino. Inpresino hori daukat.
5.- Zenbat emakumeren lanak batu dozuez?
J.M.: Nahikotxu, euskal poesian emoten dan portzentajea baino handiagotxoa, diskriminazino positiboa egin dogu.
E.J.: Antologiagaz hasterakoan hartutako lehenengo erabagietariko bat liburuetan argitaratutako lanak baino ez hartzea izan zan. Ikusirik zenbat emakume-ahots dagozan baztertuta, bildumatan batutako lanak be jasotea eragi genduan eta, beraz, portzentajea nahiko altua da, ia ehuneko berrogei.
J.M.: Berez, euskal poesiagintzan, portzentajea askoz bajuagoa da, ehuneko hamabost inguru. Horretan, Edortak hasieratik esan eustan eskuzabala izateko eta nik behar beste emakumezkoen poemak sartzeko.
E.J.: Ez gara definizinoetan sartu antologia egiteko, urteka egin dogu, ez emakumezkoen eta gizonezkoen lanak bananduta. Bigarren erispidea liburuetakoak eta ez aldizkarietakoak kontuan hartzea izan zan. Hori bai, emakume batzuek idatziriko lanen kasuan salbuespenak egin doguz. Izan be, liburu honetan ikusten da zenbat emakume, saridunak ganera, isiltasunaren hilobian bizi diran. Azterketak egitekoa litzateke eta galdetzeko zer pasetan dan, zerk isilarazoten dituan.
J.M.: Zenbakien jantza horrek erakusten dau emakumeen lana goraipatzeko erispide bat egon behar dala, berez, sistema literarioak daukan ikutu matxistea desagertarazoteko.
6.- Irakurleak ustekaberen bat hartuko dau antologia honetan, aspaldi edo sekula irakurri ez dituan poemak aurkituz. Zuek be, ustekaberik izan dozue antologia hau egiterakoan?
J.M: Emakumeek egindako poesiagintzan, nire partetik, ez. Hori bai, emakumeen ahotsa bai izan da ustekabea niretzat, desiren ganean zelan berba egiten daben irakurtea.
E.J.: Bai, ustebako egile batzuk egon, badagoz.
I.E.: Niretzat, bai.
E.J.: Lan hau egiterakoan sokondo asko aztertu doguz eta horrelako sokondoetan ustebakoak hartzen dira. Ganera, konturatu gara euskal poesiaren antologia orokorra egin behar izan ezkero, lana ia ezinezkoa izango litzatekela, erotikoa egiteko erabili dogun informazinoa kontuan izanda... Ikaragarria da, multzo handia.
7.- Euskal poesiaren barruan, zein da poesia erotikoak hartzen dauen tartea?
E.J.: Gaia, hor dago. Badagoz, egia da, poesiarik idatzi ez daben idazle handiak eta antologia honetan agiri ez diranak. Poesia idatzi baina antologia honetan parte hartu gura izan ez dauenik be badago.
I.E.: Poesia erotikoa azpi-genero baten moduan sailkatu gura bada, gure literatureak ez dau horretarako biderik emoten. Guk jasotakoak han-hemenkako aleak dira, poemategi diferenteetan topautakoak, gehien bat.
E.J.: Egungo euskal poetakan, gehienetan agiri da erotismoa, zelan edo halan, baina baliabide moduan, ez azpigenero moduan. Zentzu horretan, antologia hau topikoen kontra doa; euskal literaturan ez dagoala erotismorik? Bai, badago.
8.- Eta, dagoan erotismoa non emoten da gehiago, poesian ala narratiban?
J.M.: Nik, berenberegi, emakumeen lanetan espezializauta nago eta askozaz gehiago agiri da poesian narratiban baino.
E.J.: Gizonezkoen kasuan, ez dakit, ez neuke esango.
I.E.: Genero bietan emoten dala esan daiteke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!