A serious man
2010-01-21 13:54 Zinema kritikakCoen anaien talentoa barriro azalarazoten da film honetan. Fargo, O Brother edo Quemar Después de Leer lako tituluakaz konpara daiteke, nahiz eta gatz apur bat falta aurrekoen parean egoteko. Ez da egin daben onena, baina leiala da euren umore puntuagaz, euren uniberso erdi absurdoagaz.
- Karteldegian: Un tipo serio.
- Zuzendariak eta gidoigileak: Joel Coen, Ethan Coen
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Michael Stuhlbarg, Richard Kind, Fred Melamed, Sari Lennick, Aaron Wolff, Jessica McManus, Peter Breitmayer eta Brent Braunschweig.
- Musikea: Carter Burwell.
- Argazkia: Roger Deakins.
- Produktoreak: Mike Zoss Productions, Relativity Media, Studio Canal, Working Title Films
- Jeneroa: Komedia
Larry Gopnik gizon serioa da. Senarra eta aita serioa, irakasle serioa, auzokide serioa. Bere bizitzan dana behar bezela izaten da. Halan da be, egun batean guztia aldrebesten hasten jako. Emazteak dibortzioa eskatzen deutso beste gizon bategaz dagoalako. Eta hori ez da ezer. Hortik aurrera, zoritxarra izango da bere bizitzaren egunerokoa. Zintzoa eta zentzuduna danez, erlijinoan bilatuko dau babesa. Alferrik.
Coen anaiek barre egiten deutsie Larry Gopnik lako tipo serio horreetakoei. Badirudi mendekatzen dirala beren umezaroan ezagututako gizarte judutar zorrotz eta puritanoaz. Izan be, barregarri ixten ditue orduko ohiturak, arauak eta pertsonaiak, eta agirian ixten ditue mundu horren kontraesanak. Hori guztia interpretazino bikainei esker, nahiz eta aktore gehienak ezezagunak izan. Michael Stuhlbarg protagonistearen lana benetan da ona, bere begiakaz baino adierazoten dauena guztiz sinisgarria egiten baita. Ikusleak barre egiten dau inuzente baten zoritxarragaz. Emazteak, lankideek, ikasleek, auzokideak, seme-alabek, danek jipoitzen dabe eta berak erantzuten ez daki.
Coen anaien talentoa barriro azalarazoten da film honetan. Fargo, O Brother edo Quemar Después de Leer lako tituluakaz konpara daiteke, nahiz eta gatz apur bat falta aurrekoen parean egoteko. Ez da egin daben onena, baina leiala da euren umore puntuagaz, euren uniberso erdi absurdoagaz. Errealidadea abiapuntu hartuz, egile honeek beti eskaintzen deuskue ikuspuntu argia ikusleak jaubetuarazoteko ze erridikuloak garen gizakiok; zelako patetikoa dan erlijinoaren mundua, bere bete ezineko arauakaz, bere naturearen kontrako jokabideakaz. Eta hori dana egiten dabe oso modu sotilean, sarkasmoa erabiliz, baina dramearen etxurea hartuz. Ah, ze ondo eta ze gustora dabilzan anai honeek drama eta umorearen arteko mugaren jantzan! Hori guztia gitxi izango balitz, Coen-ek aho zabalik ixten deuskue amaiera zabal eta kupidabako bategaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!