Karmen Amezua: 'entrenatzaile euskaldunen faltea dago herri guztietan'
2010-01-18 11:03 BarriketanZezeilean eta martian, kirol arloan euskerearen erabilerea sustatzeko, Euskal Coaching izeneko ikastaroa izango da Berrizko futbol taldeagaz Athletic Clubeko jokalari Koikili Lertxundiren eta Angel Iturrasperen eskutik. Horrezaz ganera, kirol arloagaz loturiko beste zenbait ekimen be antolatu ditue. Udaleko euskara zinegotzi Karmen Amezua ikastaroaren eta bestelakoen ganeko datu gehiagogaz dator.
1.- Berrizen egindako azterketearen arabera, euskerearen erabilerea % 27koa da. Hamar berriztarretik hiruk, beraz, euskerea darabile euren eguneroko jardunean. Ze balorazino egiten dozu zuk, euskara arloko arduraduna zaren aldetik, kopuru horren ganean?
Bada, egia esateko, 2001eko neurketeagaz alderatzen badogu, 2001ean erabilerea % 22,9koa izan zan eta 2009an, % 27,9koa. Igoerea egon da. Inguruko zenbait herrigaz konparauta, antzeko erabilerea dogu (Elorrio, Amorebieta-Etxano...) eta Bizkaian baino altuagoa. Baina ikastetxeetan neurketa bereziak egin doguz eta Lehen Hezkuntzan erabilerea % 22,8koa da eta DBHn % 17,7koa. Argi dago, irakaskuntzako D ereduak ez dauela erabilerea bermatzen, Berrizen behintzat. Eta zer esanik ez, kirol munduan...
2.- Kirol arloan, barriz, erabilerea % 5ekoa da. Aldea nabarmena da.
Datu kezkagarriena hori izan da. Herrian 'Kirolari ateak zabalik' egun berezia antolatzen da eta egun hori aprobetxau genduan kirol-instalazino desbardinetan euskerearen erabilerea neurtzeko. Egun horretan, 89 pertsonatik euskeraz entzundakoak 5 besterik ez ziran izan. Horregaitik, urteko plangintzea egitean, lehentasuna gazteei eta kirolari emon geuntsan.
3.- Datuok ikusita, kirol arloan euskerea sustatzeko 'Euskal Coaching' ikastaroa jarriko dozue martxan zezeilean eta martian. Zertan oinarrituko da?
Itzarri enpresako entrenatzaileak (tartean, Athleticeko jokalari Koikili Lertxundi) Berrizko futbol taldeakaz entrenamentu-saioak egingo ditue. Gure kasuan, emakume, ume eta alebinen taldeakaz izango dira saio horreek. Ohiko entrenamentu-metodologia jarraituz, futbolean eta entrenamentuetan erabilten dan hiztegia-terminologia landu eta euskeraz normaltasun osoz entrenau daitekela erakutsi gura da. Talde bakotxagaz 3 saio egingo dira. Eta kanpaina hau amaitzerakoan, entrenatzaile-jokalari-udaleko teknikariek betetako inkestakaz ondorioak atara, bakotasunak identifikau eta etorkizunerako bestelako bitartekoak ezarriko dira.
4.- Zein izango da metodologia zehatza?
Lehenengo egunean, ume guztiak batu eta Koikilik eta Ander Iturraspek zertarako etorri diran azalduko deutse. Ez dabe inor derrigortuko baina euskerea entrenamentuetan naturaltasunez sartzen saiatuko dira.
Hiru entrenamentu-saio egingo ditue talde bakotxagaz eta talde horreen betiko entrenatzaileagaz; betiko terminologia, ariketak, jolasak... euskeraz eginaz.
Ondoren, balorazinoa egingo da. Helburua, taldearen betiko entrenatzaileak eta jokalariek dinamika horregaz jarraitzea da.
5.- Hori baino lehenago, urtarrilean, Lehenengo Hezkuntzako bigarren zikloko eta DBHko gaztetxuek kirol arloko idazkuntza, ulermena, deskribapena eta irakurpena landuko ditue Athleticeko Koikili Lertxundi eta Ander Iturraspe jokalariakaz. Zelan sortu zan tailer hori eskaintzeko ideia?
Euskereari prestigioa emoteko, ohikoa izan da eskoletatik eta udaletxeetatik pertsona ezagunak konbidetea, pertsona horreen presentzia hutsagaz, umeak euskerara hurreratzeko. Hortik abiatuta, antolatu dogu tailer teoriko-praktiko hau, bide batez kirolaren inguruko gaiak jorratzeko. Ikastaroan, ulermena, deskribapena eta irakurmena lako atalak garatuko dira.
6.- Teknologia barriek be lekutxua izango dabe programa horretan. Praktikan, zelan bideratuko da tailerra?
Gazteek teknologia barriak landuko ditue; euskerazko bilatzaileak zelan erabili eta power point programeagaz aurkezpen bat zelan egin azalduko jake. Eta Athleticen ganean egindako deskribapenak programa honegaz aurkeztuko ditue.
7.- Zelakoa izan da, orain arte, ikasleen erantzuna?
Imajinau! Koikili edota Athleticen izenean ikastaroa emon, edo Berrizko Udalaren izenean emon, alde handia dago eta guk gazteentzat inportanteak diran pertsonak ekarri gura izan doguz gazte horreek euskerara erakarteko. Ikastaroaren aurkezpenera be gazte asko hurreratu ziran.
8.- Athleticeko jokalarien presentziak umeak motibauko dituala uste dozu?
Bai, adin tarte horretan (beharbada nagusiagoetan be bai) euren gustuko pertsonaiak ekarri behar dozuz (kirol, musika, jantza... mundukoak). Umeakaz Pirritx eta Porrotx eta nerabeakaz Athletic, Goazen musika-taldeak...
Eta horren bitartez euskerearen erabilera sustatu gura dogu. Euskerea gizarteratu, gaurkotu eta modernizau gura badogu, egungo gizartearen premina eta gustuetara egokitu behar gara, atzean ez geratzeko. Eta ez da erraza!
9.- Zeintzuk dira, etorkizunera begira, herrian euskerearen erabilerea sustatzeko egingo dozuezan kanpainak?
Argi daukagu kirola eta gazteak izango dirala gure lehentasunak. Kirol-kanpaina honen emoitzak aztertu ostean, posible da entrenatzaile euskaldunen tailerra martxan jartea eta lan-poltsa bat osotzea. Entrenatzaile euskaldunen faltea dago herri guztietan. Hainbat udalek, eskaera hori egin dogu Aldundian eta Jaurlaritzan. Eta entidade horreen bitartez, kirol federazinoakaz hitzarmenak lotu beharko litzatekez; entrenatzaile tituluak euskeraz atarateko aukerea, dirulaguntzinoak, arbitro euskaldunak, komunikabide eta goi-mailako kirol taldeetan euskerearen presentzia gehitzea... (horrek, eragina izango dauelako herrietako kirolariakan).
Eta gazteakaz aparteko saiakera batzuk egingo doguz; DBHko ikasleakaz, berbarako, epe luzerako plangintzea daukagu zehaztuta, euren euskereagazko motibazinoa eta jarrerea lantzeko.
Eta kultura eskaintzan be, euskera hutsean, ume eta gazteentzat, orain arte egin dogun ahalegina egingo dogu herri euskaldun bat lortzeko.
Azken finean lortu gura doguna hauxe da: euskerea izatea jenteak komuniketako gustuko dauen hizkuntzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!