Jorge Cortes Izal euskaltzain urgazlea hil da

Bizkaie! 2010-01-12 16:59   Euskerea berbagai

Cortes Izal Otsagabian sortu zan, 1930ko apirilaren 25ean. Nafarroako Príncipe de Viana erakundeko 'Fomento del Vascuence' sailean parte zuzena izan eban, euskerearen sustatze lanetan eta erakundearen izena eukan aldizkariaren euskerazko gehigarrian, batez be. Ikastolen mobimentuan parte hartze zuzena izan eban.

Jorge Cortes Izal euskaltzain urgazlea hil da gaur, urtarrilak 12, Iruñean, 79 urte zituala.

Cortes Izal Otsagabian sortu zan, 1930ko apirilaren 25ean.

Batxilergoa Iruñeko Eskolapioetan ikasi eban. Gero, Iruñeko Merkataritza Eskolan urte bitan ikasi eban eta -'praktikan, teorian baino interes handiago' eukanez gero- lanean hasi zan, komertzial moduan. 35 urtetik, erretiroa hartu arte, plano-erreproduktoreak, fotokopiagailuak eta horrelako tresneria saltzen ibili izan da.

Ama euskalduna zan, baina berak ez eban ikasi. Euskeareagazko zaletasuna, berak azaltzen ebanez, horrexegaitik biztu jakon, hain zuzen be: amak baekialako eta Jorgek berak txikitatik entzun ebalako euskerea Otsagabian. Hortik sortu jakon ikastolen munduagazko hurrekotasuna be. Izan be, Ikastolen mobimentuaren bultzatzaile handienetarikoa izan da Jorge Cortes Nafarroan, etenik bako lan isila egiten.

'Amigos del País' Euskalerriaren Adiskideen Alkarteko bazkide egin zan, ikastolen aldeko mobimentuan parte hartu ahal izateko.

Iruñean, 1963an egin zituen Nafarroako lehenengo ikastolea zabaltzeko ahaleginak, baina ekimenak ez eban aurrera egin, eta handik urte bira, 1965ean, Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak ikastola bat eratu eban, bertako kideen seme-alabentzat baino ez. Hasieran Nuestra Señora de Ujué izena jarri eutsen, baina gero Paz de Ziganda izatera pasau zan. Baina alkartea zatitu egin zan, eta Jorge Cortesen gidaritzapean, San Fermin ikastolea sortzeari ekin eutsen. Ikastola horren buru be izan zan, gurasoek aukeratuta; ikastola horretako lehenengo ikasleetakoak izan ziran bere semeak. Laster zabaldu eben ikastolen mobimentua Nafarroa osora.

Nafarroako Príncipe de Viana erakundeko 'Fomento del Vascuence' sailean parte zuzena izan eban, euskerearen sustatze lanetan eta erakundearen izena eukan aldizkariaren euskerazko gehigarrian, batez be. Amadeo Marco, Miguel Javier Urmeneta eta abarren laguntzinoa lortu eban Euskerearen Sail horretatik euskerea sustatzen eta zabaltzen joateko Nafarroan, eskola munduan.

Euskalerria Irratiaren sortzaileetarikoa be bazan.

1969ko zemendiaren 28an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban.


Sariak eta omenaldiak:

- 1997: Euskalerria Irratiaren Larreko saria.
- 'Euskariako' dominea.
- 2004ko bagilaren 28an, Noaingo burrukearen urteurrena ospatzeko eginiko ekitaldian, Jose Cortes Izal omendu eben.
-2004ko garagarrilaren 8an, Nafarroako Ikastolen Alkarteak eta Lizarra Ikastoleak omendu eben.
- 2008ko maiatzaren 18an, Jimeno Jurio saria emon eutsen, Artaxoako Kultura Astearen barruan. (Juan Zelaiari be emon eutsen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu