Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak eta Kontseiluak ETB Nafarroan ikusten jarraitzeko kanpainea bultzatuko dute

Bizkaie! 2010-01-13 10:06

Erakundeen arabera, lege-babes falteak, unean uneko arduradun politikoen borondatean dago euskerazko telebistak ikusteko eskubidea, eta Nafarroan hori jazoteko 'arrisku erreala' dagoala ohartarazo dabe.

Euskaltzaindiako Andres Iñigo, Eusko Ikaskuntzako Jose Mari Velez de Mendizabal, Kontseiluko Xabier Mendiguren eta Acció Cultural del País Valencià-ko Toni Gisbertek 'Mugarik bako telebista' kanpainea aurkeztu dabe Iruñean. Euskal Telebista (ETB) Nafarroan ikusten jarraitzea bultzatuko dabe kanpaina horren bitartez.

Acció Cultural del País Valencià-k (ACPV) abiarazo eban kanpainea bertako telebista-sarearen inguruan. Alkarteak 40 urte ditu eta 2007. urtetik dago kanpaina honetan lanean. Valentziako PPren gobernuak telebista-seinaleen sarea zarratzeko ahalegina egin dau, TV3 Herrialde Valentziarrean ez zabaltzeko, eta horri aurre egiteko abiarazo eban ACPV-k kanpainea.

Aitatutako sarea alkartearena da eta 1980ko hamarkadan sortu zan 150.000 valentziarrek egin eban ekarpen ekonomikoari esker. Hogeta bost urtean, TV3 Herrialde Valentziarrean normaltasunez ikusi ahal izan da, trabak traba. Egun, telebista-eskaintza osoan aukera garrantzitsua da katalanaren normalizazinorako, gaztelaniazko telebista-eskaintza handiaren aurrean.

2007ko urtarrilean zabaldu eutson Valentziako Generalitat-ek Acció Cultural-i lehenengo espediente administratiboa errepikagailu bat zarratzeko eskatuz. Alkartearen ezezkoaren ondoren, Generalitat-ek errepikagailu bakotxaren aurkako espediente bana jarteko prozedurea zabaldu dau, isunak jarrita (700.000 euroko isuna ordaindu behar dabe).

Egoera horretan, Acció Cultural-ek eskatzen dauena Eskualde edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunean jaso eta Espainiako Gobernuak sinatuta daukana betetea da. Holan dino gutun horretako 11.2. artikuluaren zati batek: 'Alde guztiek irrati zein telebista emisinoak zuzenean jasoteko eskubidea bermatzeko konpromisoa hartzen dabe, bizilagun diran herrialdeetan erregino edo hizkuntza gitxiagotu berbera edo antzekoa erabilten badabe, eta ez dabe trabarik jarriko ondoko herrialdeetako telebista edota irrati emonkizunak hizkuntza horretan emotea'.

Kanpainea Euskal Herrira zabaldu

Acció Cultural del País Valencià-koek 'Televisió Sense Fronteres' (Mugarik bako telebista) kanpainearen barri emon eutsen Euskaltzaindiari, Eusko Ikaskuntzari eta Kontseiluari. Kanpaina hori martxan jarteko arrazoiak ezagutu ondoren, hiru erakundeok bat egitea erabagi eben.

Erakundeen arabera, lege-babes falteak, unean uneko arduradun politikoen borondatean dago euskerazko telebistak ikusteko eskubidea, eta Nafarroan hori jazoteko 'arrisku erreala' dagoala ohartarazo dabe.

Amataldi analogikoaren ondorioz, ETB, hau da, euskerazko telebista ikusteko aukerea arriskuan egon daiteke. Nafarroako euskaldunak, egungo egoerak eta legediak bere horretan manteniduten badira, ez dau euskerazko telebista ikusteko eskubidea bermatua izango, beti egongo baita 'aginte politikoan dagoanaren borondatearen menpean'.

Kanpaina honen bitartez, arlo hori arautzea da hiru erakundeon helburua. Holan, euskerazko telebista ikusteko aukerea izango da Nafarroan, legez arautua. Horretarako, zezeilaren 25era bitartean, hiru erakundeen egoitzetan sinadura emoteko aukerea izango dabe herritarrek.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu