Mikel Ayestaran: 'momentuz, ez daukat erredakzinora bueltetako amesik'
2010-01-11 09:41 BarriketanAlkarrizketa hau egin eta ordu batzuk geroago, Mikel Ayestaran kazetariak, Gabonak etxean pasau, eta Yemenerako hegazkina hartu dau bere lanbidean gehien gustetan jakona egiteko: barriak bertatik bertara bizi, aztertu eta publikoari eskaini, komunikabideetan, blog baten bitartez zein You Tubeko kanal batean.
Jardun horren errekonozimentua sari moduan etorri jako, baina, sariak sari, eta denporarik galdu barik, lanari ekin deutso; zoritxarrez, munduan dagozan gatazka-gune kopurua ikusita, ez jako lanik faltauko.
1.- Prentsako Nazinoarteko Klubeko Zuzendaritza-batzordeak Nazinoarteko Kazetaritza Saria emon deutsu, Barriemoile Onenaren kategorian. Zelan hartu dozu sariduna izatearen barria?
Horrelako barriak beti hartzen dira ondo. Kazetarien arteko saria izatea, niretzat, oso garrantzitsua da; hau da, kazetarien artean emoten dan saria da. Publikoa oso garrantzitsua da, baina profesinoaren barruan horrelako sari bat jasotea oso garrantzitsua da niretzat, beste kazetarien arteko errespetua baita.
2.- Dagozan lanbideen artean, arriskutsuenetarikoa aukeratu dozu: gatazka-guneetako barriemoilea. Zerk bultzatu zintuan horretara?
Ez dakit arriskutsuena ete dan; fama hori, behintzat, badauka, baina ez dakit nik, ba. Lanbide arriskutsua izan arren, ni ez naz kamikaze bat eta ez naz ibilten nire burua arriskuan jarten; seguridade osoz mogiduten ahalegintzen naz nire lana beteten. Halanda be, aitortu behar dot egia dala, arriskutsua badala, eta azken urteotan hildako profesional kopurua ikustea besterik ez dago horretaz konturatzeko. Baina nik aukeratutako lana da, ez nago derrigortuta horrelako lekuetan ibilten eta, esan dodan moduan, niretzat seguridadea oso garrantzitsua da eta ez dot neure burua arriskuan jarten.
Eta, zerk bultzatu ninduan? Ba, betidanik, Kazetaritzea ikasi nebanetik, nazinoarteko kazetaria izateko amesa neukan. Sei urte egin nituan prentsa lokalean, kazetari lokal moduan, Bilbon eta Donostian, batez be. Sei urte bete ondoren, nire bizimodua aldatu eta kanpora joatea erabagi neban. Aukeratu dodan lan egiteko modeloa nahiko barria da estadu mailan. Ingelesek 'breaking news' esaten deutsien generoa lantzen dot nik, hau da, azken orduko barriak kubriduten dodaz lekuan bertan, barriemoile berezi legez. Ez ditut kobertura luzeak egiten eta, normalean, etxetik urteten dodanean bidaia bat egiteko, azken orduko albisteak jarraitzeko izaten da beti. Epe laburrerako joaten naz, ez da hilabete baino gehiagoko bidaia izaten, eta normalean beti leku beretsuetan, Irak, Iran, Afganistan eta Pakistan. Horreek izaten dira nire lanerako herrialdeak baina inguruan zeozer pasetan bada be, joan egiten naz.
3.- Zer eretxi dozu erredakzinotik urten barik kazetaritzea egiten dabenen ganean?
Oso ona. Beste genero bat da. Editoreak oso garrantzitsuak dira eta nik asko estimetan dot editorearen lana, kanpoan zagozanean oso garrantzitsua baita editore on bat izatea. Askotan ikuspuntua galtzen dozulako eta iruditzen jatzulako zurea dela inportanteena; horregaitik, editoreak informazino gehiago dauka, zabalagoa, eta ikuspuntu gehiago lantzen laguntzen deutsu, beste ikuspuntu bat daukalako.
Lanaz gan, bizimodu desbardina da. Nik biak probau dodaz eta nire bizitzaren etapa honetan gurago dot nabilen moduan ibiltea. Sei urte egon nintzan erredakzino batean eta urte onak izan ziran, zergaitik ez? Baina, egia esateko, orain intensidade bereziagaz bizi dot lanbidea.
4.- Gogoratzen dozu gatazka-guneren batera egin zenduan lehenengo bidaia? Zelakoa izan zan?
Zuzenean jarraitu neban lehenengo gatazkea Hezbolá eta Israelen arteko gudua izan zan, 2006ko udan. Ni Libanon nengoan eta, kasualidadez, gatazkea hasi zan. Hantxe geratzea erabagi, eta kronikak bialtzen hasi nintzan eta orduan hasi zan orain Euskal Telebistagaz daukadan loturea. Ordura arte, prentsaren munduan mobiduten nintzan eta orduan hasi nintzan telebistarako beharrean.
Momentu hareek gogorrak izan ziran, bildurra pasetan da, ez neukan ideia handirik herrialde hari buruz eta dana zan ezezaguna niretzat. Sorpresa handiz bizi nituan egun hareek baina horrelako esperientzia bat lehenengo pertsonan jaso ahal izatea oso aberasgarria izan zan niretzat. Egunero jente barria ezagutzen neban eta, batez be, edozein gatazkatan legez, zuzen-zuzenean pertsona hareekaz loturea izatea oso hunkigarria da.
5.- Hamar kiloko motxilea eroaten dozu zure bidaietan. Zer daroazu barruan?
Hamar kilo ziran prentsan nengoanean. Orain, telebistarako edo multimediarako lan egiten dodanetik, laupabost kilo gehiago hartu ditu motxileak. Orain, kamara biak, bideoa eta argazkiena, tripodea, kable asko, ordenagailu bat, Ipod bat, liburuak... Danetarik, hamabost kiloraino.
6.- Zeu zara kamara-teknikaria eta kamara aurreko kazetaria aldi berean? Ez dozu sumatzen lankideren bat izateko faltea?
Bai, nik bakarrik egiten dot lan, tripode bategaz eta kamara bategaz, arazorik barik. Eta bai, bai igarten dot, batzuetan, lankide baten faltea, batez be plano handiak atarateko, ni kamara aurrean nagoanez, hori egitea ezinezkoa jatalako. Argazkiak ataraterakoan be, igarten da nire argazkiak ez dirala argazkilari profesional batek ataraten dituan bezain onak, baina hori da tokau jatana, 'multimedia-kazetaritzea' egiten dot eta ahalik eta kalidade oneneko produktua egiten ahaleginduten naz, sarritan konturatu arren oso gatxa dala pertsona bakarrak hainbat arlotan material zainduak egitea. Askotan, ganera, azken orduko albisteak lantzerakoan, arintasuna kalidadea baino garrantzitsuagoa izaten da.
7.- Irak, Iran, Afganistan eta inguru horreetan, igaz, 68 kazetari hil ziran. Zure bizia inoiz arriskuan ikusi dozu?
Bai, baina askotan ez dozu garbi ikusten edo ez dozu horretan pentsetan. Inguruan tiroketak hasten diranean zeure burua babesten ahalegintzen zara eta nik, behintzat, ez dot pentsetan arrisku gorrian nagoanik edo ez dot pentsau gura. Horretan nahiko baikorra izaten naz, baina errealistea be bai. Gauzak oso txarto paretan diranean, nahiko tipo patxadosoa nazanez, urtenbiderik egokiena topetan saiatzen naz eta orain arte ondo joan jat.
8.- Zein da paraje horreetan gogoratzen dozun esperientziarik gogorrena...
Normalean, esperientziarik gogorrenak bonbardaketen ostekoak izaten dira, gelditzen dan usaina, entzuten diran negarrak... zure begien aurrean agertzen diran irudiak hunkigarriak dira. Baina kazetariok pertsonak be bagara eta lankideren bati zeozer larria pasetan jakonean sufridu egiten dogu eta oso barruraino ailegetan jaku. Esaterako, Afganistan hegoaldean lagun batek, lanean egoan argazkilaria, hankea galdu eban eta egoera hori oso tristea izan zan niretzat. Hurrekoa izanda, askoz gehiago sentiduten dozu eta bonbardaketen edo bortizkeriaren ondoren geratzen dan argazkia oso gogorra izaten da.
9.- Bizitakoak bizi arren, gehien bildurtzen zaituana zonalde horreetan dagozan Tupolev 154 muetako hegazkinak hartzea dala autortzen dozu. Zelakoak dira, bada, hegazkin horreek?
Harrigarria bada be, ez jat lar gustetan hegazkinez bidaiatzea eta blogean, broma legez, hori jarten dot, handik nabilenean askotan hartzen dodazalako mueta horretako hegazkinak. Azken urte honeetan aldatzen doa egoerea baina, oraindino be, horrelako hegazkin sobietar bat pista batean ikusten dodan bakotxean bildurtu egiten naz. Aparatu oso zaharrak dira, itxura txarra daukie eta pilotuek beti esaten dabe, onak izan arren, ez dagozala errepostuko piezak eta horrelakoak... Konpainia handietako hegazkinak be jausten dira, egia da, horregaitik barre apur bat egiteko jarri dot blogean Tupolev hegazkinena, ez beste ezegaitik.
10.- Non zagoz momentu honetan? Nora joatekotan?
Etxean nago baina uste dot gaur arratsaldean edo bihar Yemenera joango nazala. Bisadua noiz lortu, orduan joango naz, hegaldia hartu eta gaur edo bihar han egongo naz.
11.- Non, zelan eta zertan lanean ikusten dozu zeure burua hamar urte barru?
Ez dakit. Bizimodu honegaz jarraitu gura neuke baina oso gatxa da, konpetentzia itzela dago eta erritmoa oso bizia da. Askotan, estresa oso-oso handia izaten da... Baina, momentu honetan, azken orduko albisteak egiten gustura nago eta indarrez ikusten naz 'multimedia kazetaritzea' egiten. Akaso, hamar urte barru, gai sakonagoak lantzen eta kobertura luzeagoak egiten egongo naz. Ez dakit. Ez daukat oso garbi. Garbi daukadan gauza bakarra da, momentuz, ez daukadala erredakzino batera bueltetako amesik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!