Txomin Uribe: 'Disko barriaren ondoren, film laburra, bideoklipa, pintura-erakusketea eta making off-a etorriko dira gero'

Koldo Isusi Zuazo 2009-12-30 17:23   Barriketan

Piztiak taldeko abeslaria eta gitarristea

Ondarroako rock talde beteranoak 'Gabeko kalapitxixak' lana kaleratu barri dau eta honezkero gustora dabiz zuzeneko emonaldiakaz. 91an edo hortxe bueltan abiatu ziran, aurretik TU-k taldeagaz maketa bi grabau eta bazterrak astindu ostean. Hortik aurrera, etenak eten eta 'Argia eta itzala' (1998), Zero (1999) eta 'Euriaren zain' (2004) diskoen ondoren etorri da proiektu erraldoi baten parte dan 'Gabeko kalapitxixak' (2009) diskoa.

Diskoaren zehetasunak eta taldearen ibilbidea azaldu deuskuz Txomin Uribe Piztiak taldeko abeslari eta gitarristeak.


1.- 'Euriaren zain' lanaren ondoren, 4 urte geroago argitaratu dozue 'Gabeko kalapitxixak'. Hor tartean zer pasau da?

Lau urte pasau dira, bai, tarte luzea izan daiteke baina beharrean ibili gara, kantak egin eta kantak egin; gure tempoa da hori, gauzak lasai hartzen doguz, ezelako prisa barik. Ganera, oraingoan, zeozer berezia gura genduan eta horretarako denporea hartu dogu. Orain diskoa aurkezten gabiz baina proiektu zabalago baten parte baino ez da. Sei irudiko disko bat da 'Gabeko kalapitxixak' eta geroago etorriko da Josu Aranbarriren pintura erakusketea eta making off-a eta Josu Eizagirreren bideoklipa eta film laburra. Urtean zehar azaltzen joango gara horreeek danak.


2.- Zelakoa diskoa da 'Gabeko kalapitxixak'?

Orain arteko lanetan, diskoak kontzeptu baten inguruan sortzen genduzan; honetan, kontzeptua kantak egin ahala joan da eratzen eta konturatu gara askatasunaren ideia behin baino gehiagotan agiri dala, hainbat arlotan. Diskoa autoprodukzinoa da, film laburra, bideoklipa, pintura-erakusketea eta making off-a ekarriko ditualako gero eta ekimen bakotxari daukan garrantzia emon gura izan deutsagu pausu guztiak geuk landuta. Erakusketeari jagokonean, diskoaren liburuxkan batzen diranak ikusgai izango dira gela batean, kanten berbak eta bestelako erakusgaiakaz. Diskoa oso formato txikia zala eretxi jakun eta gauza handiagoak egin behar genduzala sentiduten genduan. Hortik, 'Gabeko kalapitxixak' proiektuaren sorrerea.

Bestelakoan, abestien hitzak Josu Eizagirrerenak (1), Kirmen Uriberenak (3), Josu Aranbarrirenak (6) eta neureak (4) dira. Hiru abestitan, bestalde, Pettik jarri dau ahotsa.

Mungiako Lamiña estudioetan grabau euskun diskoa Jose Lastrak abuztua eta iraila bitartean.


3.- 'Gabeko kalapitxixak' diskoaren izena nondik nora dator?

Josu Aranbarriren doinua da, instrumentala eta momentu zehatz batean egilearen burutik pasautakoak islatzen ditu. Gaueko kalapitxixak (Tximeletak) beti doaz argira jakin arren hil egingo dirala, askatasuna daukie hori erabagiteko eta horixe da diskoaren espiritua be.


4.- Disko barrian 'Pornografiaz' kantuaren moldaketea sartu dozue. Piztiak taldearen sorburu izandako TU-k taldeak 88an argitaratutako maketara batu zenduen Kirmen Uribek 15 bat urtegaz idatzitako kantu hori...

Bai. Kirmen nire anaia da eta beti ibili da geugaz. Piztiak taldekotzat daukagu eta beti ibili da hor berbak idazten eta ideiak azaltzen, inork ezagutzen ez ebanetik. 'Pornografiaz' kantua 15-16 bat urtegaz idatzi eban Kirmenek institutoko denporetan, irakurten eta poesia idazten hasi zaneko denporetan, segurutik Kirmenen lehenengo testua izango da eta nire lehenengoetako kantua.

Ondo esan dozunez, gure lehen maketakoa da kantu hori eta pentsau genduan polita izango zala berreskuratzea proiektu honetarako.


5.- Hogei urteko ibilbidean, eten nagusi bi izan dituan taldea da Piztiak, 5 eta 4 urteko isiluneak. Zergaitik eten luze horreek?

Lehenengo etena izan zan beste zeregin batzutan nahastau ginalako. 'Zero' amaitu eta gero Kirmenek 'Bitartean heldu eskutik' liburua argitaratu eban eta hasieran liburu hori aurkezteko ekitaldi berezia egiten genduan ni gitarreagaz eta Josu Aranbarri mural bat pintetan. Pare bat urte edo emongo genduzan horretan, beste saltsa batzuetan be ibili ginan; bateria beste talde batean be ibili zan... Geroago, bueltan bueltan DVD bat grabetako aukerea etorri zan... Piztiak taldearen etenotan beti ibili gara zeozertan.


6.- Rock taldetzat hartzen da Piztiak baina beste joera batzuk be ez dozuez baztertzen...

Gauza asko gara. Lagun talde bat, gauza asko egitea gustetan jakona. Disko barrian rocka da nagusi baina pop-erako joera handia be badauka. Kantu bakotxak bere ezaugarriak ditu, sano desbardinak dira, era guztietakoak topauko ditu entzuleak eta harritu be egingo dira batzuk. Kontua da ze bildur guztiak albo batera laga eta barruan geunkan guztia atara dogula. Rock taldea da gurea, melodiak eta tarte lasaiak baztertu barik, gitarra soinuak nabarmentzen dituana.


7.- Talde beteranoa zarie, 20 bat urte daroazuez musika munduan eta, jakina, gauzak asko aldatu dira...

Bai. Txarrerako esango neuke. Etorkizuna nahikoa ilun ikusten dot. Diskorik ez da saltzen, jenteak musikeagazko interesa galdu dau, kontzertuetara oso jente gitxi joaten da... Pena da eta bildurra emoten deust ze diskorik saltzen ez bada, zuzenekoetara jentea joaten ez bada, diskoak grabetan ez badira eta argitaratzen diran apurrei etekinik ataraten ez bajake, musikagintzan etena suberta daiteke.


8. Kontuak kontu, zuok polito zabizie orain. Ondarroan, zemendiaren 28an ekin zeuntsien diskoa barriaren aurkezpen kontzertuei. Ondarroan, etxean zelakoa izan zan kontzertua?

Polita. Ondarroan beti dira bereziak gure kontzertuak. Diskoan Pettik hiru kantutan abesten dau eta han izan zan geugaz, baita Txuma Murugarren be... Itzel pasau genduan. Harrituta be bagagoz ze disko hau oso ondo hartu dau jenteak, diskoko kantuak euren artean sano desbardinak dira eta, era horretara, publiko gehiago erakarri dogula esango neuke.

Oraingoz Bizkaian gabiz. Ondarroakoaren ondoren, Durangon, Ahotsenean be jo genduan, aretoa ganezka egoala eta gustora ibili ginan. Urtarrilaren 2an Durangon joko dogu barriro, oraingoan Plateruenan. 9an, barriz, Gernikako Trinketen eta 28an, Bilboko Kafe Antzokian.

Zezeilean, ostera, Azkoitian eta Oñatin be izango gara.


9.- 2010. urteari zer eskatzen deutsazu bai maila personalean, baita profesionalean be?

Urte barriari errespetua eskatzen deutsat, danok danokan. Ia behingoz lortzen dogun gauzak aurrera ataratea.

Taldeari jagokonez, jentea animau gura neuke diskoa erosi daien, zuzenekoetara hurreratu daitezan eta danok batera ondo pasau daigun. Gauza barriak egiteko gogorik ez daiskula falta sekula.


10. Zenbat denpora itxaron beharko dogu Piztiak taldearen hurrengo diskoa entzuteko?

Auskalo. Guk beharrean segiduko dogu baina lehen be esan dogunez, egoerea ez dago bolanderak botateko moduan eta holakoetan desanimetea ez da gatxa izaten...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu