Karmele Jaio: 'idazlea bere inguruari adi egoteko gai izan behar da'

Karolina Almagia 2009-12-21 11:01   Barriketan
Idazlea

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) kazetariak ezusteko polita emon eban orain dala bost urte lehenengo ipuin-sortea (Hamabost zauri) argitaratu ebanean. Harrezkero, beste bi liburu kaleratu ditu (Zu bezain ahul ipuin-bildumea eta Amaren eskuak eleberria) eta orain bigarren nobeleagaz jatorku. Musika airean (Elkar) izenburuko narrazinoan sentimentuak eta errealidadetik ataratako eguneroko egoerak eta pertsonaiak jorratzen ditu, bere aurreko obran legez. Maitasunak, gorrotoak, adisketasunak eta zeloek osotzen dabe nobela honen ardatza.


1.- Zure liburuaren protagonistea emakume zahar bat da. Kostau egin jatzu adin horretako pertsonaje baten azalean sartzea?

Bakardadeaz berba egin gura neban eta iruditu jatan bakarrik bizi dan adineko emakume baten irudia oso egokia zala horretarako. Ez jat larregi kostatu haren azalean sartzea adinagaitik. Egia da oso kontuan izan behar izan ditudala adin horretako emakume baten ezaugarriak, zelako bizitza izan dauen aurretik eta abar… baina, nik uste, azkenean bakardadearen sentimentua bera edo antzekoa izan daitekela adin batean edo bestean. Nik uste Elenaren azalean sartzeko konbinau ditudala, batetik irudimena, bestetik nik bakardadeaz ditudan ideiak eta, azkenik, behaketea. Idazle batek, azken finean, bere inguruari adi egoteko gaitasuna izan behar daue, eta ni adineko emakume askori begira geratu izan naz azken urteetan.


2.- Elenak bere oroitzapenei atxikia pasatzen ditu egunak. Horrela imaginatzen duzu zeuk zahartzaroa?

Iraganak pisu handia dau. Gu gara gu eta gure bizitzan pasau jakuna, eta zentzu horretan, nobela honetan egiten da hausnarketa bat iraganaz. Iragana oraina be bada. Iraganean pasau jakunak oraina baldintzatzen dau, hor grabauta daukagu, nonbait, haurtzaroan ikasitako abesti baten leloaren antzera. Dana dala, Elenaren eboluzinoak erakusten dau zahartzaroan ez dagoala zertan bakarrik iraganera begira bizi behar. Beatriz Elenaren etxera sartzen danetik, Elena hasiko da oraina beste intensidade batez bizitzen.


3.- Osatu barik ixten doguzan zauriei buruz ari zara nobela honetan.

Iraganak eragindako samindurea dago agirian protagonistaren berbatan. Erruak eta damuak dagoz hor min egiten, osatu bako zaurien antzera zizt egiten. Egia da zauriak zarratu ezean, hor jarraitzen dabela urteetan min egiten. Dana dala, nobelearen hasierea gogorra edo tristea izan badaiteke be, itxaropenak indarra hartzen dau aurrera doan heinean, eta horren isla da protagonista beraren eboluzinoa nobelearen hasieratik amaieraraino.


4.- Adiskidetasuna nabarmen agiri da nobelan. Gizonezkoakaz konparauta, emakumeok adiskidetasuna era desbardinean biziten dogula uste dozu?

Nik uste dot hor be estereotipo asko dagozala markauta. Horregaitik nobelak galdera batzuk egiten ditu. Berbarako, posible ete dan behin adin batera ailegauta, umezaroko adiskidetasun puru, garbi eta baldintzarik bako hori mantentzea. Eta posible ez bada, nork jarten deutsozan trabak adiskidetasun horri, bakotxak modu librean ala gizarteak berak bultzatuta. Hau da, libre ete garan gure hartu-emonak gura doguzan moduan biziteko. Eta galdera honeek emakumeen hartu-emonen arlora be eroan daitekez. Badago estereotipo bat esaten dauena emakumeen arteko adiskidetasuna oso gatxa dala. Ni estereotipo horren kontra nago. Baina, halanda be, nobeleak galdetzen dau hori: adiskidetasun hori eregiteko trabak badagoz emakumeen artean, zergatik izan daiteke? Nork jarten deutsoz trabak adiskidetasun horri? Gizartean dagozan zenbait idatzi bako arauek, akaso?


5.- Musikea elementu sinboliko legez agiri da. Zeren metaforea izango litzateke?

Musikea sentidu egiten da, baina ez da ikusten. Nobelan, ikusten ez diran baina sentiduten diran gauzen ganean berba egiten da. Horregaitik erabili dot musikea metafora legez. Nik bakardadearen ganean berba egin gura neban, bakotxak bere bakardadean entzuten dauen musika horretaz, bakotxaren barruko musikearen ganean. Badago bizitza osoan gugaz daroagun musika moduko bat, gure bizitzea marketan dauen musikea, hor, buruan inkauta geratzen jakuna, umezaroko kanta bat legez, eta ia konturatu barik, isilean kantetan doguna. Horren konposaketan bizitzan pasau jakun guztiak dauka zeresana. Musika hori airean dago.


6.- Zahartzoaren kontrapuntua Beatriz pertsonaia da, emakume gaztea, energiaz beteta. Beatriz kanpotarra da, etorkina. Zergatik sartu dozu elementu hori istorio honetan?

Errealidade baten isla da. Egun, hainbat emakume etorkin dagoz gure aitite-amamak eta umeak jagoten. Niri aspaldi egiten jatan deigarria horrelak neska baten eta adineko emakume baten artean sortu daiteken loturea. Horrelakoak ikustean, neure buruari galdetzen neutson: zelako loturea izango dabe horreek, hain diferenteak izanda euren adina, kulturea, jaioterria…? Eta hartu-emon horreek zulotxu batetik ikusteko probea egiten dot nobelan. Beatriz pertsonaia, ganera, Elenaren eboluzinoaren katalizatzailea da, bultzatzailea. Beatriz etxean dagoanetik, musika barria sartu da bertara.


7.- Lehenengo nobelea argitaratu zenduanean, ipuinakaz gehiago disfrutetan zenduala entzun neutsun. Bigarren nobela honegaz lehenengoagaz baino gitxiago sufridu dozu?

Sufridu, beti sufriduten da idazten, baina egia da aurretik beste nobela bat idatzi izanak lagundu deustala honen egiturea preparetako momentuan eta abar… Dana dala, nire ustez, nobela bi oraindino eskarmentu txikia da idazle batentzako. Aurrerantzean be jarraituko dogu sufritzen eta ikasten ahalegintzen.


8.- Zinemazalea zara.
Gustauko litxakizu zure istorioak pantailan ikustea?

Zinemea eta literaturea bi lengoaia diferente dira eta nik uste dot istorio bat pantailara pasetako momentuan ahaztu egin behar dala jatorrizko istorio hori eta gauza barri bat ikusten bazengoz legez egin behar dala. Badago Amaren eskuak nobelearen pelikula bat egiteko egitasmoa, 2011rako dana ondo badoa, eta ni oso konzientea naz horretaz, obra barri bat dala pelikulea, nire nobelan oinarritua egon arren.


9.- Lana, umea…, noiz idazten dozu? Zeri kentzen deutsazu denporea?

Ba, gehien-gehien, bizitza sozialari. Askotan sakrifikau ditut osteratxuak eta horrelakoak idazteagaitik. Egi esateko, umea izanda eta egun osoko lan bategaz, ez da erraza idaztea.


10.- Irakurle legez, zeintzuk dira zure gustuko egileak?

Ia danetarik irakurtzen dot, oso eklektikoa naz zentzu horretan, baina nire joerea beti da errealidadean, eguneroko bizitzan oinarrituta dagozan obren aldekoa. Ez naz zientzia fikzioaren zalea. Nire idazle kuttunen artean ipuingile asko dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu