Oraindino be badago antzerkirako idazten dauenik
2009-12-18 13:08 KultureaHilabete honetan banatu dira Café Bilbao Sariak -antzerki-testuak saritzen dituenak-, 1.400 euro (euskerazkoa) eta 1.200 (gaztelaniazkoa) eurokoak. Oier Gillan (Donostia, 1975) eta Santiago Ortega (Bilbo, 1973) izan dira aurtengo irabazleak. Gidoiak www.bilbao-cafebar.com webgunean argitaratu dira.
Antzerki-gidoi on eta garaikide bat topetea da antzerkigile guztien erronkea. Literaturea egiten dabenek genero hori ahaztuta dabe, edo ez jake horretan sartzea merezidu, edo gatxa iruditen jake, edo ez deutsee ikusten urtenbiderik… Batek daki. Trabak gorabehera, badago bere dirua eta gogoa genero hori indartzen inbertiduten dauenik. Café Bilbaoko jenteak (Mikel Martinez aktore ezagunak, hain zuzen be) antzerki-gidoiak idazten animetako helburua daben sariketea antolatu dau, zazpigarrenez.
Hilabete honetan banatu dira sariak, 1.400 euro (euskerazkoa) eta 1.200 (gaztelaniazkoa) eurokoak. Oier Gillan (Donostia, 1975) eta Santiago Ortega (Bilbo, 1973) izan dira aurtengo irabazleak. Laster, testuaren irakurketa dramatizatuaren produkzinoa egingo du SGAE-k. Gidoiak www.bilbao-cafebar.com webgunean argitaratu dira.
Umorea eta absurdoa
Herio heroida euskerazko saria lortu dauen lanaren izenburua. Oier Gillan Bermúdez egilea Errenterian bizi da eta lanbidez kazetari free-lance da eta idazle lanetan be badabil. Egun, Herri Irratian Testuketan literatura-saioa egiten dau, Uxue Alberdigaz batera, eta Argian eta Garan idazten dau tarteka. Susa argitaletxeak Eskuen sustraiak poesia-liburua kaleratu barri deutso.
Herio heroi anagaz, egungo gizartearen hainbat jarrerari errepasoa emon gura izan deutso Gillanek, egoera absurdo batetik abiatzen dan umorearen bitartez. Zprist eta Gelnst anaia umezurtzen istorioa da Herio heroi. Etorkizuneko Euskal Herriko uneren batean bizi dira, egoera oso berezian: hildakoek usteltzeari itxi deutsenez, bizirik dagozanek hareen gorpuakaz egin behar dabe alkarbizitzea. Gorpu-pilaketearen arazoa ebitetako, gobernuak haserrea sortuko dauen txit homeopatiko guztiak galarazo ditu, gatazka eta gerrea ebitetako. Halako batean, ezagutu ez daben aitaren gorpuaren kargu egin behar dabe anaiek.
Oier Gillan orain dala hamabost bat urte sartu zan antzerki munduan, Mikelazulo kultur alkartearen bidez poesia errezitalak egiten. Gerora, hainbat antzezlanen prozesuan parte hartu dau (Labea eta Dejabu taldeetan, Gizona ez da txoria antzezlana...). Egun, errezitaldia, performance eta antzerkia buztartzen dituan proiektuetan dabil batik bat.
Hiru ohe-eszena
Gaztelaniaz, Sobre amor y más cuentos lanak irabazi dau. Bertan, hiru ohe-eszena agertzen dira, gidari batek alkarbatuak. Gidari horrek, aldi batera, bere berezko amodiozko pasadizoak kontetan ditu. Amodioa eta sexua atxakia legez erabilten ditu Santiago Ortegak bakartasunari eta komunikazino-falteari buruz berba egiteko.
Ortegak Basauriko Antzerki Eskolan eta Carleville Meziere (Frantzia) Txotxongilo Nazinoarteko Eskolan ikasi eban eta Arriaga Antzokiko hainbat produkzinotan, zein Koblakari, Hortzmuga, Goloka, Psicoklons eta Agerre lako konpaniakaz lan egin dau.
Sobre amor y más cuentostxotxongillo-farsa bat izan gura dau, hizkuntza arina eta sintetikoa dauena eta errealidadearen neurriz kanpoko begiradea daukana, egileak 'hiperrealismo magikoa' deitzen dauena. 'Egitasmo honetarako materialaren bila nenbilela, konturatu nintzan amodio hartu-emonak sarri agertzen zirala nire kanta eta testuetan —esan dau idazle bilbotarrak-. Askotariko ikuskizunak egiten ditudanez, batzuetan musikari legez, beste batzuetan txotxongilolari, aktore edo gidari legez, nire neurriko kabareta sortu gura neban, dibertigarria subertauko jatan zeozer'. Café Bilbaok saritu dauen lan honen atal bat hizkuntzeagaz esperimentetako idatzi eban Ortegak bere garaian. Baita Stanislavky metodoagaz jokatzeko be. 'Pertsonaien arteko konfliktoak sortu gura nebazan, berbarako, batek sexua gura dau eta besteak ez'.
Santiago Ortegarentzat, 'antzerkirako idaztea eginbeharrik dibertigarriena da. Sortzen danean, pertsonai guztien azalean sartzen zara eta batetik bestera saltoka joaten zara. Bederatzi urtegaz idatzitako antzezlanak ditut etxean. Eta, beste genero batzuk interesgarriak iruditu arren, dala poesia, ipuina, kazetaritza edo eleberri laburra, antzerki-gidoiak errazago gizarteratzen dirala uste dot. Eszenatokian, nire testuak erakutsi eta zuzeneko erantzuna sentidu ahal dot'.
Kafe-teatroa dau gustuko batez be egile honek. 'Tabernetako ikuslegoarengana eroan ahal dozu antzerkia eta, ganera, distantzia labur horretan lortu ahal dozu, bakar-bakarrik, hain inportantea dan komunikazinoa eta alkarpartehartzea'. Egun, ideia honeek guztiak praktikan jarten ditu Mi Cabeza Que Habla bere taldeagaz. Inés Martínez de Iturraterekin batera 2004an sortua, Solamente SOS edo SOS y los demás lako ikuskizunak taularatu ditu talde horrek.
Café Bilbao Sarien azken edizino honetara 21 lan aurkeztu dira, horreetako 5 euskaraz. Honezkero zabalik dago VIII. edizinoaren deialdiko lanak aurkezteko epea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!