Txomin Peillen: 'Andima Ibiñagabeitiak bultzatu ninduan euskeraz idaztera'

Koldo Isusi Zuazo 2009-12-28 11:54   Barriketan

Idazlea eta ikerlaria, aurtengo Manuel Lekuona saria jaso dauena

Parisen jaio arren, zuberotar jatorriko Txomin Peillen idazle eta ikerlariari emon deutse Manuel Lekuona Saria, 1983tik Eusko Ikaskuntzak lan osoaren onarpen legez kulturako personalidadeei emoten deutsen saria. Aurretik, Agosti Xaho saria eta PEN-en Idazluma eskuratu izan ditu 2009an.

Txomin Peillenek Zientzia ikasketak (Biologia eta Geologia) egin zituan Sorbonako Unibersidadean. Bertan Ion Mirande ezagutu eta zuberotar jatorria euken biek batera sortu eben 1962an 'Igela' aldizkari heterodoxoa.

Pariseko Lavoisier Lizeoan irakasle lanetan ibili da, baita Paueko Unibersidadeko Letren Fakultadean (Euskal Hizkuntza eta Literaturea erakusten) be. 1981ean doktorau zan 'Bordeleko Lexique Basque de l'anatomie, morphologie et semantique' tesiagaz.

1962an idatzi eban bere lehenengo eleberria, 'Amodiozko baratzetan' izenburukoa. Lehenengo ipuinak be garai horretakoak dira: 'Azken inkesta', 'Tximinuaren segretua' eta 'Tristan ta Isolt'.

Peillen jn.aren testuak 'Gernika', 'Egan' eta 'Euzko-Gogoa' aldizkarietan jaso dira. Ordutik 41 liburu inguru argitaratu ditu, nobela, ipuin antologia, poesia, saiakera, dibulgazinoa, etnologia, haur eta gazte literatura arloetan. Horrezaz gan, 'Paristar euskaldun bat (ni... neu)' (1987, Elkar) lan autobiografikoa be azpimarra daiteke.

Sorkuntza literarioagaz batera, Txomin Peillenek zabalkunde lan garrantzitsua egin dau biologia, ideien historia (etnografia eta literaturea) eta hizkuntzalaritza arloetan. Lan horreek 'Anuarios de Eusko Folklore', 'FLVSD', 'Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra', 'Euskera' (Bilbo), 'Elhuyar', 'Bulletin du Musée Basque de Bayonne' eta 'UZEI' aldizkarietan argitaratu dira, besteak beste.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1961ean eta euskaltzain oso 1988an. Onomastika eta Literatura Ikerketa baztordeetako kidea da. 2007ko zemendiaren 30ean, euskaltzain emeritu izentau eban Euskaltzaindiak.

Txomin Peillen lehen Euskal PEN Klubaren sorreran izan zan 1951ean, besteak beste, Jokin Zaitegi, Federico Krutwig, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirandegaz. PEN euskal klubaren kide nabarmena eta gaur egungo ohorezko lehendakaria da.

Ondokoak kontau deuskuz osasun arazoak tarteko, aspaldian Baionan 'iltzaturik' dagoan Peillen jn.ak


1.- Zorionak Manuel Lekuona Sariagaitik eta aurten jaso dozuzan Agosti Xaho eta PEN-en Idazlumegaitik be. Sariak normalean gustora hartzen dira baina zelako gogoetea eragin deutsue sari honek?

Eskerrik asko. Pozik nago, jakina. Manuel Lekuonagaz pentsetan dot nire ibilbidea saritu gura izan dabela, izan be, hamasei urtegaz hasi nintzan idazten eta egun 77 ditut, beraz, atara kontuak. Urte asko dira euskeraz idazten nabilela, ikerketa lanik gehienak euskeraz emon ditut, liburuak, artikuluak eta danak. Frantsesez eta gaztelaniaz be idatzi izan ditut baina gehienak euskeraz, danetara, 41 liburu, erdiak edo literatura arlokoak eta besteak ikerketakoak.


2.- Aita-ama zuberotarrak, Basabürükoak, izanik ez eutsuen euskerarik erakatsi: euren artean zubereraz egiten eben, baina bi semeakaz frantsesez...

Bai, holan da. Nire kontura ikasi neban euskeraz, gehienbat Andima Ibinagabeitia bizkaitarragaz. Parisen jaio nintzan 1932ko zemendiaren 17an eta paristarra sentiduten naz, Parisko euskalduna. Hortik aurrera, euskeraz egin izan dot nire ekarpena.


2.- 'Ikerlari eta idazle polifazetikoa' esan izan dau zutaz Jean-Louis Davant-ek. Zer dinozu, zuk?

Bueno, ez dakit. Ikerlari eta irakasle nabil luzaroan eta biologia, etnologia eta etnografia gaiak ez eze, literaturea be ez dot baztertu eta euskeraz, egia da danetarik idatzi izan dodala, narrazinoa, eleberria labur eta luzea, saiakera, ipuinak, haur eta gazte literaturea, baita poesia be. Literaturan umorea, fantastikoa, politikazkoa, poliziakoa eta erotikoa landu izan dodaz. Idaztea afizinoa da niretzako, sano gustora nabil horretan.

Esan deutsudan legez, Parisen, Paben eta azken aldion Baionan irakasle nabil ogibidez eta ikerkuntza arloetan erraz asetzen ez dan horretakoa naz... Polifazetikoa nazela entzutea gustora hartzen da baina, ez dakit ba...

Gauza bat esango deutsut: inork ez ditu inon nire lanak topetan; nire lanak aspaldikoak dira, Mitxelenan badagoz, liburutegietan badagoz, literatura arloan lau sari irabazi izan ditut, hiru eleberri handian, bat laburrean eta, berbarako, entziklopedia handi horreetako batean aitatu be ez nabe egiten euskal idazleen artean. Mugaren bat badago hor nonbait Bidasoaldean; Zikoinak itxi ninduan Parisen, han jaio nintzan eta kanpotarra naz nonbait, ez naz euskalduna... Boikotak, politika arrazoiak nonbait... Gure gazte garaian ez egoan holakorik, eretxi politikoak gorabehera ez egoan arazorik eta orain, ostera, sailkatua zara...


4.- Jon Mirande eta zu zeu zuberotar jatorrikoak izan arren, Parisen ezagutu zinien alkar eta bion artean 'Igela' aldizkaria sortu zenduen. Hori abiapuntua baino ez zan izan...

Bai. Guretzako animatzaile edo suspertzaile handia izan zan Andima Ibiñagabeitia elantxonbetarra aitatuko neukizu, izan be, berak bultzatu ninduan euskeraz idaztera, beragaz ikasi neban. Hamazazpi urtegaz edo prest neukan zeozer argitaratzeko eta Euzko-Gogoan atara nituan lan batzuk eta holan hasi nintzan gitxika-gitxika, ipuin batzuk idazten. Baina aukera lar be ez egoan argitaratzeko; datu bat emongo deutsut: 53an nobela bat idatzi eta 66an argitaratua izan zan, atara kontuak.

Euskal literaturan egoan atzerapenaz, emoten eban euskal literaturea kristinau dotrinea baino ez zala, zentsuraz eta arlo mugatu horrezaz jaubetuta, besteak beste, Mitxelena, Mirande, Ibiñagabeitia eta nik neuk zeozer egin guran genbilzan. Paris leku egokia zan horretarako, ez gintuen ezagutzen eta han, ganera, mundu guztiko jenteagaz izan genduzan hartu-emonak, errepublikarrakaz, sindikatuetako kideakaz... Asko ikasi genduan, gaztelaniazko lizentziaturea tarteko, Bryce Etxenique lako irakazleak izan genduzan eta hori guztia oso aberasgarria izan zan. Formakuntzaz literarioa izan ez arren, aitatu giro horrek suspertu ninduan. Gerora, asko idatzi arren, nire burua ez daukat geniotzat, idazle asperbakotzat, bai, ostera.


5.- Aitatu izan doduz batzuk baina eragin izan zaituen beste batzuk nabarmenduko zeunkez?

Gabriel Aresti, berbarako, laguna zan. Txillardegi be lar ez neban ezagutzen hasieran. Kontua da ze, gu hasi ginanean ez zebilela inor. Aresti, Krutwing geroago hasi ziran idazten, Txillardegi bera be bai. Baina 1948, 49 eta 50ean, gitxi batzuk baino ez genbilzan idazten, ahaleginak egiten...


6.- Oraintsuagoko zure lanen artean, 'Biziaren hiztegiaz' zer esan, herri literatureari, euskereari egindako ekarpen argia dala...

Baietz uste dot. Erakutsi gura izan neban biziaren hiztegia bizitzaren hiztegiagaz lotua zala, hau da, euskeraz, bizidunen hiztegiak, metaforaz edo metonimiaz oinarrizko hiztegi orokorra aberastu ebala. Liburu hori 81ean irakurri neban semantika tesiaren garapena da, 1970ean hasi nintzan biologiaren hiztegia batzen eta zeozelan hizkuntzea ezagutzeko eta aberasteko bidea da.

Euskaldun zaharrek munduaz euken irudi berezia berpizten be saiatu nintzan liburuan eta sinisteek eta tabuek be euren lekua daukie.

Edozelan be, herri literaturaz, zehatzago, 1964an argitaratutako 'Amodiozko baratzetan' liburua aitatuko neukizu, XVII. eta XVIII. mendeetako maitasun abestien inguruan.


7.- 'Gernika', 'Egan' eta 'Euzko-Gogoa' aldizkarietan argitaratu zenduzan zure lehenengo idatziak. Egun zelan ikusten dozu aldizkarigintzea, kazetaritzea?

Jakina, Iparralden eta Hegoalden egoerea zeharo desbardina da. Nik astero hartzen dot Argia eta gogoz, baegoan holako baten beharra eta egia esan, antxinako 'Egan' zaharraren antza edo espiritua ikusten deutsat. Gai asko erabilten ditu eta ondo. Neronek be idazten ditut artikuluak batzutan.

Bestetik, Iparralden badago aldizkari bat eta, oso oker ez banago, bakarra da Euskal Herri osoan elebiduna eta abertzalea dana, 'Zubiak' izenekoa, hain zuzen be; hemen Baionan argitaratzen dogu eta erdia edo hortik gora euskeraz egoten da eta beste erdia frantsesez. Sarritan elebitasuna eskatu bai baina aldizkarietan ez da holakorik ikusten; berbarako, Iparraldeko 'Zealema' aldizkarian % 3-4 baino ez da euskeraz eta 'Enbata' aldizkariaren % 10 baino ez da euskeraz. Kazetaritzan horixe da bire kezka handienetakoa gaur egun.


8.- Ikerketa edota literatura arloetan, zertan zabilz orain?

Baditut euskerazko liburuak prest baina argitaratzeko arazoak dagozanez, hor dagoz, geldi eta, beraz, gaztelaniaz idazten nabil; 'El imaginario en las creencias populares' liburu potoloagaz, 400 orrialde ingurukoagaz nabil eta amaitzeko oso gitxi falta jat; amaitu behar dot ze hau itsaso zabala da eta itsasoan ez da urrutiegi joan behar barkua txikia danean...


9.- Parisen jaio arren, zuberotarra zaitugu jatorriz eta etxea daukazu Santa Grazin. Noiz ibili zara azkenengoz Zuberoan?

Aspaldian Baiona aldean nabil eta luzaroan nago Zuberoara joan barik. Makalik gabiz, oraintsu ebakuntza bat egin deustie, 3 bay-pass izan ditut eta apirilera bitartean gaixorik egon naz. Gainera, bagilean andrea gaixotu jat, minbizia atzemon deutsie eta, beraz, Baionan iltzatuak gagoz. Lantzean behin egiten ditut eskapada batzuk Bilbora, Donostiara eta baina...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu