Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak euskerearen normalizazinoan traba izango dirala salatu dau Kontseiluak

Bizkaie! 2009-12-15 10:30   Euskerea berbagai

'Euskerea normalizetako beharrezkoa dan hizkuntza-politika eragingarria baztertu eta euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak modu sistematikoan zapaltzea ahalbidetzen dauen politikea dauka indarrean UPNren Gobernuak', azaldu eban Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua sano arduratuta dago euskerearen normalizazinoak Nafarroan daroan bideagaz. Hori azaltzeko, agerraldia egin eben atzo Kontseilua osotzen daben hainbat eragileetako ordezkariek.

'Euskerea normalizetako beharrezkoa dan hizkuntza-politika eragingarria baztertu eta euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak modu sistematikoan zapaltzea ahalbidetzen dauen politikea dauka indarrean UPNren Gobernuak', azaldu eban Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.

'Euskarabidearen sorreran, Pegenauteren bolada iluna iraganean geldituko zala pentsau eben hainbatek. Ez zan, egia esan, aurrerapausu ikusgarririk espero baina, aurrera egiteko zirrikituak edegiko zirala emoten eban. Halan da be, ez da holan gertatu. Izan be, Azanza jaunak zuzentzen dauen Euskarabideak, forma atseginagoen azpian, politika berbera ezkutatzen dau: mespretxua, bitarteko falta, berbea beteteko gaitasun faltea, hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoagaz amaitzeko ezintasuna eta euskerea normalizetako hizkuntza-politika eragingarria abiatzeko ezintasuna. Euskarabideak, beraz, ez ditu bete nafar euskaltzale askoren espektatibak, Euskarabidea ez baita UPNren politika gauzatzeko tresna bat besterik', esan eban atzo Lasak.


Gastuak gora, diru-laguntzak behera

2010eko aurrekontu proposamena da horren adibide. Murrizketak han eta hemen jazoten diran bitartean, diru kenketek proiektuak erabat baldintzatzen dituen bitartean, Euskarabidearen pertsonal gastuak handitu egin dira. Pertsonal gastuak 2009an 1.634.123 eurokoak izan ziran eta 2010ean 1.895.298 eurokoak izango dira. 'Esan leiteke Euskarabideak berak jaten dauela euskerearentzako aurrekontua, izan be, pertsonala eta ohiko gastuak batzen badoguz 2.271.852 euroko gastua dogu; transferentziak eta inbertsinoak, barriz, ez dira 919.150 euro besterik. Hau da, sistemeak Euskarabidearen aurrekontu osoaren erdia baino gehiago jaten dau. Gainera transferentziak, hau da, euskalgintzako eragileek jasoten dabena, nabarmen txikitu dira: 287.686 euro gitxiago dira aurten. Azanzak eta bere ekipoak 2 miloe euro gastetan daben bitartean, Euskalgintzeak murrizketa gogorrak sufridu behar ditu', nabarmendu eban Lasak.

Edozein kasutan, Lasak gogoratu nahi izan eban hizkuntza-politikea egiten dana eta egiten ez dana dala. Holan, nafar Gobernuak ez dau Osasunbidea euskalduntzeko planik, ez Foruzaingoa ezta Justizia alorra be. Hori be, hizkuntza-politikea da, euskaldunon eskubideak modu sistematikoan urratze bidean jarten dituana. Alor sozioekonomikoa, aisialdia, kirola... hizkuntza-plangintzarik bako alorrak dira.

'Bestetik, hain garrantzitsua dan Hezkuntza alorrari jagokonez, oso desegokia iruditzen jaku british ereduagaz hasieran eta TIL ereduagaz orain, sortu nahi daben ingelesa versus euskerea gatazkea. Ozen eta argi adierazo nahi dogu esperimentu horreek euskerearen ahultzea dabela helburu; gaur egun, D ereduak, 30 urteko esperientzia dauen ereduak, jada lortzen ditualako pertsona eleaniztunak, euskerea eta gaztelania ondo ezagutzeaz aparte atzerriko hizkuntza baten ezagutza zabala bere badabenak', gaineratu eban Kontseiluko ordezkariak.


Eredu desegokia

'Garrantzitsuak dira helduen mundua eta erabilerea sustatzea helburu daben egitasmoak be. Horreetan desegokia da nafar Gobernuaren hizkuntza-politikea, desegokiak 2010erako aurrekontuetan, helduen euskalduntze-alfabetatzea, euskera alkarteak, kultur jarduerak eta hedabideak baztertzen eta zigortzen diralako be. Argi esan behar da ez dagoala euskerea normalizetarik helduen euskalduntzearen izaera estrategikoa onartu barik eta euskerearen erabilerea areagotzea helburu daben egitasmo eragingarriak abiatu barik'.

Hizkuntza-politikea, gainerako politika guztiak legez, bi zutabe nagusitan oinarritzen da: corpus juridikoa eta diru inbertsinoak. Nafarroan, biak dira desegokiak. 'Euskerearen normalizazinora epe onargarri batean eroango gaituen hizkuntza-politika egokia behar eta nahi dogu. Euskerea ofiziala kontsiderauko dauen lege egokia behar dogu baliabide egokiz hornitua', Iñaki Lasaren eretxiz.

Era berean, 'Alderdi politikoei gogorarazo nahi deutsegu euren ardurea be badala euskerearen normalizazinoak behar dauen hizkuntza-politika eraginkor bat abian jartea', gaineratu eban.


Eregiten jarraitzeko deia herritarrei

Nafarroan euskerearen normalizazinoaren bidean egin eta egiten diran ahalegin eta lorpen gehien-gehienak herritarren borondate eta eskuzabaltasunari esker etorri dirala nabarmendu dau Kontseiluak. Beraz, euskaltzaleei zorionak emoteaz gan, dei egin nahi deutsgeu, orain arte moduan, eregiten segiduteko, euskerearen alde aurrerapausu pertsonal eta kolektiboak emoteko, errealidade desegoki hau aldatzeko biderik eragingarriena dalakoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu