Jon Kortazar: 'irakurritakoaren ganean idaztea alkarrizketarako bidea da'
2009-12-14 09:26 BarriketanLiteratur kritikoa
Euskal Herriko Unibersidadeko katedradun Jon Kortazarrek (Mundaka, 1955) jaso dau aurtengo Lauaxeta Saria Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Estepan Urkiaga 'Lauaxeta' idazle euskalduna zanaren izena daroan sariagaz, Kortazarrek literatur kritiko, irakasle, berbalari eta beste hainbat zereginetan egindako lana omendu gura da.
1.- Euskerea eta euskal kulturea sustatu, zabaldu eta normalizetako beharra saritzen dau Lauaxeta Sariak. Zein izan zan zure erantzuna jardun horreetan aritzeagaitik saria emongo eutsuela jakin zenduanean?
Poz handia hartu neban eta emozionau egin nintzan. Nahiz eta nik batez be euskal literatura arloan lan egin dodan eta ez euskerea sustatzen zuzen-zuzenean, kontuan izanda idazleok oso bihotz bakartiak garala, nonor gutaz akordetan danean poz handia hartzen dogu.
2.- Sariak eta zure ibilbide profesionalean sakonen aztertu dozun euskal idazle klasikoak (Estepan Urkiaga) izen -edo, idazlearen kasuan, ezizen-bera daroe: Lauaxeta. Honezkero, sariaren bosgarren edizinoa da. Orain arte zutaz gogoratu ez izanak arduratu egin zaitu?
Ez. Saria aurretik jaso dabenek nik baino meritu handiagoak dituela uste dot eta ez nau arduratu; poztu egin naz eurekaitik, nire lagun asko dagozalako tartean. Alde horretatik, nire mugak oso argi ditut.
Ganera, ez dot uste saria aspaldi Lauaxetaren ganean egindako tesiagaitik emon, ezpada be urtean-urtean euskal literaturea hemen zein kanpoan zabaltzen egindako lanagaitik, argitaratu ditudan antologiakaitik -ingelesez, alemanez, gaztelaniaz...-. Tesia, zeozelan, urrun geratzen jat eta momentu honetan askoz be ardura gehiago daukat beste kontu batzuetan.
3.- Euskal Herriko Unibersidadean Euskal Literaturako katedraduna zara. Zelakoa da egungo ikasleen literatureagazko ezagutzea eta interesa?
Urtero-urtero aldatzen dala esango neuke baina, egia esateko, azken urteotan nik zorte handia izan dot eta, horren harian, pasa dan egunean artikulu bat idatzi neban nire ikasleei omenalditxua egin guran. Ikasleak blogak daukiez, eta blog horreetan euren literaturea argitaratzen dabe. Egia da ikasleen artean danetarik egongo dala baina tartean badagoz literatureaz oso zaletuak diranak, literaturea egin egiten dabenak eta literatureaz arduratu egiten diranak.
Nik, ohituraz, ikasturtea hasten danean, ikasleei eskolatik kanpo zer irakurri daben galdetzen deutsiet eta, erantzunakaz, lan txiki bat egiten dot urtero-urtero. Azken urteotan, irakurketa-kopurua -ez dot esango maila- handituz doala esan geinke, batez be euskeraz, euskal filologiako ikasleakaz egiten baitot ikerketea; baina gaztelaniazko eta ingelesezko kontsumo-literaturea be agiri da.
4.- Zelan ikusten dozu ondorengotza?
Ezin dot jakin. Ikusten dodana da literaturearen inguruan badirala beste sorkuntza batzuk. Ikusteko dago teknologia barriek zelako eragina izango daben literatureagan ze, desagertu, ez da desagertuko. Lehenago ez eukazan bidaideak ditu momentu honetan.
Literaturearen inguruko industria kulturala indartuz joan behar da. Egun, ez dago sasoi batean egoan barritasunaren egoneza. Badira idazle barriak eta badatoz, eskolan ikusten dodan moduan, beste batzuk. Orain, zale izatetik idazle izatera... hor pausu handia dago baina euskal literaturearen industriak lagundu egiten dau idazle barria pausu hori emotera. Etorkizuna ez dakigu zelan etorriko dan baina nik uste dot baikor ikusteko moduan etorriko dala.
5.- Gasteizeko fakultadeaz gan, Galizian eta atzerrian -Estadu Batuetan, Britainia Handian, Alemanian...- izan zara, unibersidadeetan, eskolak zein berbaldiak eskaintzen. Ze erantzun jaso izan dozu?
Nik, egia esateko , euskal literatureaz neurri bateko interesa ikusten dot. 'Neurri bateko' esaten dot, kasu batzuetan zaletasun handia dalako baina, besteetan, ez horrenbeste. Euskal literaturara, asko, egoera identitarioak bultzatuta hurreratzen dira. Hori bai, zenbait idazlek, Atxaga kasurako, itzal handia daukie eta ez da besterik behar izaten jentea idazle horreen ganeko berbaldietara hurreratzeko.
Batzuetan, hainbat idazlegaz batera aritzen naz berbaldiak eskaintzen eta, kasu horreetan, jenteak oso ondo erantzuten dau. Oraintsu, berbarako, Munichetik etorri barri naz eta berrogeta hamar bat lagunen aurrean eskaini genduan zenbait idazlek eta nik mahaingurua. Ia ordu bi igaro genduzan euskal literaturearen eta, egia esateko, euskal egoeraz baita. Neurri horretan, esango neuke danetarik dagoala baina gero eta gehiago ezagutarazoten ari garala euskal literaturea.
Sari hau dala eta hartu dodazan zorionen artean, batez be kanpotik hartutakoen artean, euskal idazleen ezagutza zabaltzeagaitik jaso izan dodaz, idazleak ezagutarazoteko egindako lanagaitik.
6.- Irakaskuntza jarduna komunikabideetan egiten dozuzan kolaborazino-lanakaz buztartzen dozu. Kazetaritzea eta literaturea eskutik oratuta doaz?
Kazetaritza mueta batzuk badagoz literatureagaz lotuta eta, aldi berean, literatura mueta batzuk kazetaritzeagaz. Sarritan entzuten dot kritiko askoren eskutik kazetaritzatik asko daukan literaturea ez jakela gustetan. Kritiko horreen buruan edo ezpanetan, kazetaritzea eta literaturea mundu guztiz desbardin bi izan behar dirala dago, baina nik ez dodaz holan ikusten. Nik oso hur ikusten dodaz; akaso, bizi garan sasoiko eragina be bada, baina oso hur ikusten dodaz.
7.- 'Gaurko Euskal Literaturearen Historia' edizinoa preparetan zabiz eta, honezkero, obra horren hiru liburuki inprimidu dira. Zein fasetan dago geratzen jatzuen lana eta zer jasoten da, labur azalduta, argitaratutako liburukietan?
Egia esateko, fase desbardinetan dago. Laugarren alea amaitzear dago eta urtea amaitu baino lehenago amaitzea espero dogu. Euskal ipuingintzeari eskainitako alea da eta datorren udabarrirako aurkeztea espero dogu. Haur literaturakoa be, esango neuke, neurri batean aurreratuta dagoala eta baleiteke datorren urterako ataratea. Eta oraindino gorpuztuta ez egon arren, egungo antzerti eta saiakereari eskainitako alea diseinauta dago. Azkenik, komikiarena hainbat aurreratu dogula esan neike ze komikiari buruz gauzak harian-harian egiten doguz.
Orain artekoetan, nobelaren historia, poesiaren historia eta egungo euskal nobela eta zinema aztertu doguz. Liburuki guztiak dagoz bardin banatuta. Lehenengo, arlo bakotxaren aurreko urteetako azterketea egiten dogu, ondoren norabidea aztertzeko eta, gero, lanak banan-banan aipatu. Poesiaren kasuan, 23 lan izan ziran, askotarikoak; zinemaren kasuan, hamar bat. Egia esateko, proiektua gorputza hartzen doa.
8.- Zure burua literatur kritikotzat baino, irakurletzat daukazula esan dozu inoiz. Baina, inoiz, idazle berbea be erabili dozu...
Saiakerearen munduan zabal dagoan eretxia da lanean norberaren sena agertu behar dala eta ni horretan saiatu naz. Beraz, neurri horretan, idazle be banaz. Niri, gehien-gehien, irakurtea gustetan jat; idazten dodana baino askoz gehiago irakurtzen dot eta, neurri horretan, neure burua irakurle gisa definidutea gustetan jat. Halanda be, irakurtea eta idaztea eskutik doaz eta irakurri dozunari buruz komentariotxuren bat egitea ez da bape gatxa. Orain irakurten nagoan liburuak dino liburuei buruz idaztea zibilizazinoa egitea dala. Nik ez neuke horrenbesterako esango. Hori bai, irakurritakoaren ganean idaztea alkarrizketarako bidea da eta, neurri horretan, alkarrizketa egiten dogun heinean egiten dogu zibilizazinoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!