Sei euskal etxe barri ofizialdu ditue Argentina, Alemania, Brasil, Frantzia, AEB eta Japonian
2009-12-11 14:54 Euskaldunak munduanEusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak sei euskal etxe barriren onarpena sinatu dau oraintsu, horreetatik bi orain arte euskal etxeen mapan agertzen ez ziran herrialdetan, Alemanian (Berlin) eta Japonian (Tokyo). Ganerako laurak Argentinan (Buenos Aires), Frantzian (Paue), Brasilen (Itapevi) eta AEBetan (Santa Fe) onartu ziran.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak sei euskal etxe barriren onarpena sinatu dau oraintsu, horreetatik bi orain arte euskal etxeen mapan agertzen ez ziran herrialdetan, Alemanian (Berlin) eta Japonian (Tokyo). Ganerako laurak Argentinan (Buenos Aires), Frantzian (Paue), Brasilen (Itapevi) eta AEBetan (Santa Fe) onartu ziran.
Sei euskal etxeetan, bat Alemaniakoa da, Berlingo Gernika (Gernika, Deutsch-Baskische Kulturverein E.V.) eta urte batzuk dira bere kideak lanean dabizala Euskal Herriaren eta Alemaniaren arteko loturak egiten. Azken hilebeteotan webgunea barritu eta ofizialtzea erabagi dabe. Japonian, barriz, Tokyo-ko Euskal Etxea barriagoa da eta Asiako bigarrena Shanghaikoaren ondoren. Profesional gazteak eta unibersidadean dabilzan euskaltzaleak batzen ditu, besteak beste. Bere lehenengo pausuak emoten dago, nahiz eta hilebete batzuk zain egon behar izan dauen onarpena eta japonieratiko itzulpen guztiak egin arte. Bi alkarte horreek, Alemaniakoa eta Japoniakoa, euren herrialdeetan onartutako lehenengoak dira.
Argentinan, Buenos Airesko Denak-Bat Kultur Alkartea izan da onetsia. Argentinako uriburuan 2007an sortutako alkarte bat da eta ez da bere esangura estuan euskal etxe bat, izenak dinoen moduan kultur alkartea baino. Euskal jatorriko argentinarrak ditu eragile eta artea eta kulturea landu eta sustatzea dauka helburu. Orain artean, musika jasoari emon deutson bultzadeagaitik egin da ezaguna, bere kideetako asko musikariak baitira eta musika alorrean kontzertu piloa antolatu ditualako sorreratik, euskal egileen, euskal jatorriko argentinar egileen, argentinar egileen eta nazinoarteko egileen lanak zabalduz.
Frantzian onartu barri daben erakundea Paueko Lagunt eta Maita euskal etxe bearnesa da, 1967an sortua eta ordutik lan handia egin dauena euskal kulturearen alde Bearnoko uriburuan.
Brasilen onartutako alkartea, barriz, barri-barria da, sei honeen artean barriena. Itapevin jaio da, Sao Paulo eskualdean dagoan berrehun mila biztanle eskaseko urian. Bere bazkideetako asko, egunotan mende erdia bete dauen Sao Pauloko 'Eusko Alkartasuna' euskal etxeko kideak izanak dira. Sao Paulo uriak 11 bat miloe biztanle baditu be, bertako euskal etxeko kideak oso gitxi dira. Beste askotan legez, hemen be gauzak adosteko ez dira kapaz izan eta uriburutik 39 kilometrora dagoan Itapevin sortu da Brasilgo bigarren euskal etxe hau.
Azkenik, seigarren euskal etxea AEBetako New Mexico estaduan izan da onetsia. New Mexico Euskal Etxea izenpean, 2005ean sortu zan. Urtero zenbait alkarretaratze eta ekitaldi egiten ditue euren artean zein gizarte newmexikotarrari begira. Hartu-emonak baditue NABOgaz, baina ez daukie prisarik bertan sartzeko. Bertako bazkide eta sustatzailerik ezagunena seguruenik, Blas Uberuaga 'Buber' da, 1990eko hamarkadearen hasieran Interneten euskal edukien eta euskal presentzian aitzindari izan zan euskal amerikanoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!