Dana prest abenduaren 13an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala jokatzeko
2009-12-10 10:51 BertsolaritzeaGoizean, 9:30etan zabalduko ditue Bizkaia Arenaren ateak eta 11:00etan hasiko da bertso saioa. 14:00etan, bazkaria eta arratsaldean, barriz, 15:40an, Zura taldeak Bertsoka-bertsoka' lana eskainiko dau. Bertso saioa 16:00etan hasiko da eta 20:00-20:30ak inguruan sari-banaketa ekitaldia izango da.
Urriaren 3an hasi zan Bertsolari Txapelketa Nagusia'09 tartean 44 bertsolari zirala eta finalera orduko, final-laurenak eta finalaurrekoak 13 saiotan jokatu dira.
Kontuak kontu, zortzi bertsolarik (Andoni Egaña, egungo txapelduna, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina) kantauko dabe Barakaldoko BECeko finalean. Goiz eta arratsaldeko saioa izango da. Goizean, 9:30etan zabalduko ditue Bizkaia Arenaren ateak eta 11:00etan hasiko da bertso saioa. 14:00etan, bazkaria eta arratsaldean, barriz, 15:40an, Zura taldeak Bertsoka-bertsoka' lana eskainiko dau. Bertso saioa 16:00etan hasiko da eta 20:00-20:30ak inguruan sari-banaketa ekitaldia izango da.
Bertsolariak
Amets Arzallus
Hendaiarra da. 26 urte ditu. Kazetaria da eta komunikabide bat baino gehiagotan kolaborau izan dau. Jexus Arzallus bertsolariaren semea da. Iparraldeko txapelduna. Bigarrenez izango da Txapelketa Nagusiko finalean.
Sustrai Colina
Urruñarra da. 27 urte ditu. Zuzenbidean lizentziatua da eta gaur egun Argia aldizkarirako alkarrizketak egiten ditu. Hirugarrenez kantauko dau Txapelketa Nagusiko finalean.
Andoni Egaña
Zarauztarra da. 48 urte ditu. Euskal Filologiako ikasketak egin zituan eta sorkuntza lanetan dihardu azken urteetan. Eleberriak, saiakerak, eretxi artikuluak, gidoiak… idazten ditu. Txapelketa Nagusiko finalean zazpigarrenez izango da. Azkeneko lauretan txapelduna izan da
Unai Iturriaga
Durangarra da. 35 urte ditu. Bertso jardunaz aparte, gidoigintzan egiten dau lan. Bosgarrenez izango da Txapelketa Nagusiko finalean. 2005eko txapeldunordea da.
Maddalen Lujanbio
Hernaniarra da. 33 urte ditu. Arte Ederretako lizentziaduna da. Bertsogintzaz gan, euskerazko letren inguruan garatzen dau bere lana. Laugarrenez kantauko du Txapelketa Nagusiko finalean.
Jon Maia
Urretxun jaio eta Zumaian bizi da. 36 urte ditu. Euskal Filologian lizentziaduna. Bertsolaritzaz gan, kantagintzan ibili da eta gidoilari lanak be egiten ditu. Txapelketa Nagusiko finalean laugarrenez kantauko dau.
Aitor Mendiluze
Andoaindarra da. 34 urte ditu. Injinerutza ikasketak egin ditu eta Gipuzkoako Bertsozale Alkarteko langilea da. Hirugarrenez kantauko dau Txapelketa Nagusiko finalean.
Aitor Sarriegi
Beasaindarra da. 32 urte ditu. Informatikako injinerutza ikasketak egin zituan eta Urretxu-Zumarraga ikastolan IKT dinamizatzailea da. Lehenengoz kantauko dau Txapelketa Nagusiko finalean.
Aurkezpen lanak, barriz, Saroi Jauregi zaldibitarrak, Alaitz Rekondo lesakarrak eta Zuriñe Iarritu bilbotarrak egingo ditue.
Bertsolarien lana epaitzeko lanetan, Zigor Leunda, Joseba Santxo, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula, Eneko Bidegain, Bakarne Urreaga eta Jon Abril ibili dira.
Finaleko lana
Goizean (14 bertso puntuagarri)
Binaka, gaia emonda, hiruna bertso zortziko handian.
Binaka, gaia emonda, hiruna bertso zortziko txikian.
Banaka, lehen puntua emonda, bi bertso zortziko txikian.
Binaka, gaia emonda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Kartzelako lana:
Banaka, gaia emonda, hiru bertso nahi dan doinu eta neurrian.
Arratsaldean (10 bertso puntuagarri)
Binaka, gaia emonda, hiruna bertso hamarreko txikian.
Binaka, gaia emonda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osotu arte.
Banaka, gaia emonda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Buruz burukoa (10 bertso puntuagarri)
Binaka, gaia emonda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
Binaka, gaia emonda, hiruna bertso zortziko txikian.
Kartzelako lana:
Banaka, hitza gaitzat emonda, bertso bat bederatziko txikian.
Banaka, gaia emonda, hiru bertso nahi dan doinu eta neurrian.
Sari-banaketea
1. Txapeldunari: Txapela — Joxe Agirrek emonda, Euskaltzandiak 'Bertsolari' oroigarria eta BBKk garaikurra.
2. sailkatuari: Bertsozale Alkarteak 'Eskuz esku' oroigarria eta Bizkaiko Foru Aldundiak oroigarria.
3. sailkatuari: Kutxak oroigarria eta Argia aldizkariak oroigarria.
4. sailkatuari: Gipuzkoako Foru Aldundiak oroigarria eta Berriak oroigarria.
5. sailkatuari: Vital Kutxak oroigarria eta AEK-k oroigarria.
6. salkatuari: Euskaltel-ek oroigarria eta Euskal Kultur Erakundeak oroigarria.
7. sailkatuari: Ikastolen Kooperatibeak oroigarria.
8. sailkatuari: Bertso-eskolek oroigarria.
Txapeldunari Joxe Agirrek jarriko deutso txapela
Joxe Agirre Esnal, 'Oranda' 1929ko apirilaren 13an jaio zan Azpeitiako Oranda-beheko baserrian. Goi mailako bertsolaria da eta lau belaunalditako bertsolariak ezagutu ditu: 60ko hamarkadan hasi eta XXI. mendeko lehen urteetan plazarik plaza ibili da, eta gaur egun be saio asko egiten ditu urtearen buruan. Bertsogintzea hitzezko burruka moduan ulertzen dauen tradizinotik dator, eta horrek erabateko eragina izan dau bere estiloan: zirikatzailea, erantzun zorrotzekoa... Bat-bateko bertsolaria izan da guztiaren gainetik.
Bertsolari oroigarria
Txapeldunari Euskaltzaindiak orain arte Xenpelar oroigarria emon deutso, Jorge Oteizak eginda. Baina eskultoreak zortzi oroigarri irudikatu zituan. Orain dala lau urteko finalean jaso eban Andoni Egañak azkena. Aurrerantzean Santxotena eskultoreak egindako 'Bertsolari' oroigarria jasoko dau txapeldunak Euskaltzaindiaren eskutik.
Eskuz-esku oroigarria
Bertsozale Alkartearen eskutik, Txapelketa Nagusiko bigarren sailkatuak jasoko dauen saria da, Xabier Laka artisteak egindako oroigarria. 2005eko txapelketan emon zan lehenengoz eta Unai Iturriagak jaso eban. Azken lau urteotan berak izan dau gordeta. Aurtengo txapelketarako jatorrizko oroigarria bueltau dau eta 'Eskuz esku' oroigarriaren erreplika txikiagoa jaso dau trukean.
Autobusa eta bazkaria
Bertsozale Alkarteak ipinitako autobus zerbitzua erabilita 2900 lagun joango da BEC-era. Autobus linea horreen ibilbidea eta ordutegia www.txapelketanagusia.eu atarian topau daiteke.
Bazkariari jagokonez, 1600 lagunek erosi dabe Bertsozale Alkarteak jarritako bazkaritarako txartela. Horrezaz gan, etxetik jatekoa eroango dabenentzat lekua antolatu da antolakuntzeak mahai, aulki eta taberna zerbitzuagaz.
Aldizkaria
Bertsozale Alkarteak aldizkari berezia argitaratuko dau finalerako. Bertsozaleak aulkian topauko dau 28 orrialdetako argitalpena. Finalari buruzko jakin beharrekoak, Bertsozale Alkarteari buruzko informazioa eta denborapasak izango dira.
DVD bikotxa
Finala amaitu eta abenduaren 24rako Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoen bildumea kaleratuko dau Bertsozalek. Berria egunkariagaz batera banatuko da eta Lanku Bertso Zerbitzuak-en liburudenda sarean be eskuratu ahal izango da. Final-lauren, finalaurreko eta finaleko bertso aukeratuakaz DVD bikotxa izango da. 10 euroan jarriko da salgai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!