'El euskera en la Comunidad Autónoma Vasca (2009). Una aproximación a la diversidad lingüística' liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2009-12-04 15:27   Euskerea berbagai

Miquel Grosen lanaren planteamendurik nagusienak Espainiar Gobernuaren hizkuntza politikea eskatzen dau, estadu mailakoa, Espainia herrialde eleanitza dala behingoz autortuz.

Gaur, abenduak 4, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, 'El euskera en la Comunidad Autónoma Vasca (2009). Una aproximación a la diversidad lingüística' liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak. Liburua Akademiak argitaratzen dauen 'Jagon' bildumaren 8. zenbakia da eta Miquel Gros i Lladós abokatu eta soziolinguista katalanak idatzi dau.

Jakina danez, Kataluniako kulturea da 44. deialdi honetako konbidatu nagusia eta Gerediaga alkarteak, Institut Ramon Llull-egaz alkarlanean, ekintza kultural ugari egingo ditu Durangon. Aukera hori aprobetxauta, Institut d’Estudis Catalans eta Euskaltzaindia erakustoki berean izango dira Azokeak iraun bitartean, eta bi erakundeen argitalpenak publikoari eskainiko.

2007an, Miquel Gros i Lladósek 'Recuperación del euskera en Navarra' liburua argitaratu eban Euskaltzaindiaren eskutik. 'El euskera en la Comunidad Autónoma Vasca (2009). Una aproximación a la diversidad lingüística' liburuan, Nafarroako lanaren ildoari jarraituz, Miquel Grosek 1981tik hona Euskal Autonomia Erkidegoan euskerearen garapenak egin dauen bidea erakutsi dau, bost urtean behineko errolden estadistikak aintzat hartuta. Ezagutza mailan emon dan aurrerapausu esanguratsua autortuta, dana dala, hizkuntza baten berreskurapenak gainditu behar dituan trabak azaleratzen ditu. Abagune horretan, eta Europa eta Espainiaren eremuan agirikoa dan hizkuntza-aniztasuna kontuan hartuta, Miquel Grosen lanaren planteamendurik nagusienak Espainiar Gobernuaren hizkuntza politikea eskatzen dau, estadu mailakoa, Espainia herrialde eleanitza dala behingoz autortuz.

Egilearen beraren esanetan, 'lan honen helburu xumea izan da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan euskereak izan dauen eboluzinoa erakustea, hizkuntza-lanei ekarpen txiki bat egitea'.

Bere liburuak Europako eta Espainiako errealidade eleanitzaren azterketea dau abiapuntu. Bigarrenik, 'ahal izan dodan modurik objektiboenean, euskerearen garapena erakusten saiatu naz, baita etorkizuna aurreikusten be'. 1981etik hona egindako erroldak hartu ditu oinarri bertan jasotako emoitzak batzeko. Bere ustez, 'euskerea, hizkuntza baten berreskurapenaren eredu ezin hobea da, gizartearen babes zabala daukalako, eta ezagutzak nabarmen egin dauelako gora'.

Halan da be, egin beharreko bidea luzea da oraindino, izan be, 'emoitzok etorkizun itxaropentsua erakusten badeuskue be, ez da ahaztu behar hizkuntza gitxituek gainditu beharreko trabak asko eta oso handiak dirana'.

Maila honetan, Miquel Gros i Llados-ek proposamen bat jaso dau liburu honetan, ekin honetan salto kualitatiboa ekarriko dauena, hizkuntza txikietako lurralde-administrazinoez gaindi. 'Honezkero belaunaldi oso batek demokrazia bizi izan dauelarik, bada sasoia Espainiak Estadu mailako Hizkuntza-Politika sendoa abiatzeko, epe erdi eta luzera hizkuntzen garapena bermatuko dauena'.

Planteamendu hori islatu dau paperean, hau da, jabetua dalako botere zentralaren gaur egungo jarreraz: 'Ezin jake hizkuntza gitxituen erabiltzaileei agindu normalizazinoaren lana; egunez egun, eta legeen indarrez, eredu elebakarra indartzen ari bada'.

Ikerle kataluniarrak jarraipena emon deutso, modu honetan, orain bi urte Nafarroako egoera soziolinguistikoari buruz aurkeztutako lanari. Eta bildur da hirugarren partea egiterik izango ez dauen, Iparraldeari eskainitakoa, 'Frantziako administrazinoak ez baitu baimendu hizkuntzei buruz ezelako azterketarik egitea errolda-galdeketatan'. 2011. eko datorren deialdian posible izango ahal da!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu