Unai Iturriaga: 'euskaldungotik aparte, existiduten garela be ez dakie'
2009-12-04 14:39 BarriketanOrain 35 urte jaiotako durangarra bosgarrenez izango da Txapelketa Nagusiko finalean, 2005ean txapeldunorde geratu ondoren. Erregularretan erregularrenetakoa, aurten tregediatik komediara, txapelketaren gazi-gozoak bizi izan dituan arren. Bera izango da bizkaitar bakarra finalean aurtengo txapelketan inoizkorik bizkaitar gehien ibili ostean.
Abenduaren 13an, Barakaldoko BEC-en jokatuko dan eta hitzordu garrantzitsu horretan sartzeko subertea eta gaitasuna izan daben ganerako bertsolariakaz batera (Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Maddalen Lujanbio, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi), Unai Iturriagagaz, txapelketeak orain arte emon dauena, ibilbide personala, finala bera eta oro har, bertsolaritzeak bizi dauen egoerea jorratuko doguz ondoko lerroetan.
1.- Orain arte txapelketan bizitakoak bizita, finalerako egun batzuk falta diranean, ze sentsazino dozu orain?
Eguna heldu daiten gogo itzela daukat, pasau daitela pasau beharrekoa eta ez deutsut ukatuko hau guztia amaitzeko gogoa be badaukat. Bide luzea da preparetan hasten zarenetik azken egunera bitartean baina pozik nago, aurten sufridutakoak sufriduta finalean izango nazelako kantari.
2.- Txapelketearen gazi-gozoak bizi izan dozuz aurten eta txapelketatik kanpo be ikusi izan dozu zure burua. Zure ibilbide horretan zer nabarmenduko zeunke?
Dakizunez, gure ibilbidea txapelketa hasi baino lehentxuago hasten da. Irailean edo hasiko ginan Igor da biok saioak egiten. Gogotsu ibili gara, gustora txapelketea preparetan, saio batzuk jarraitzen, bai zuzenean eta bai Internet bidez.
Txapelketea hasi eta hilebetegarrenan sartu nintzan ni, Gasteizeko finalaurrekoan, hain zuzen be eta Miren Amurizak irabazitako saio horretan, azertau ezinik ibili nintzan, sentsazino txarrakaz eta anbizinoa edo jarrera faltau jatala esango neuke; halan da be, hori pasautakoan pentsau neban merezidu ebala neure burua erreibindiketea eta jarrera aldaketa horrek eraginda, finalaurrekoetako bigarren itzulian, Iruñean subertea euki neban, gustora ibili nintzan eta egun harek ekarri nau finalaren atarira. Ibilibide zelebrea, akaso baina hor tartean astia eta aukerea izan dot dana erlatibizetako eta gauzak beste ikuspegi batetik analizetako, kanpoan geratuko nintzala uste nebanez, ezelako trauma barik aukera hori asumiduteko balio izan deust eta segurutik patxada eta gogoetaldi horrek be balio izan deust seguruago eta lasaiago jokatzeko Iruñean.
3.- Aurtengo txapelketan gauza asko nabarmendu daitekez, jentearen erantzuna, gazteen maila, inoizkorik bizkaitar gehien, Igor Elortza kanpoan geratu dala... Zegaz geratzen zara zu?
Bai gauza asko dira eta danak gogoan hartzekoak. Alkarrizketa hau Bizkaie!-rako danez, azpimarratu gura neuke, 2009ko txapelketa honi 10 edo 12 bizkaitarrok ekin geuntsola eta gogoan izan, 2005eko finalistek eta herrialde bakotxeko txapelketetan sailkatuek baino ez dabela parte hartzen Txapelketa Nagusian. Aurreko txapelketan be sei izan ginan finalerdietan eta, beraz, Bizkaiko bertsolaritzea sendo dagoala, oinarri eta etorkizun polita daukala esan behar da. Atara kontuak, orain gitxi bateren batek esan eban, Igor ta biok baino ez gengozala eta beitu, zelan diran gauzak.
Danan artean bat azpimarratzekotan, Miren Amurizak egin dauena aitatuko neukizu. Igazko Bizkaiko Txaplketan entzun Miren edo aurten, Txapelketa Nagusian, salto handia dago. Datu batzuk besterik ez, Laudioko final laurena irabazi eban Fredi Paiaren aurretik eta finalaurrekoak amaitu osteko azken sailkapen nagusian, bederatzigarren geratu da, zortzigarren sailkatu eta finalaren ateetan geratu dan Uxue Alberdiren atzetik.
Bizkaia mailan, Mirenen beste adinkide batzuk be polito ibili dira eta txapelketa honetako gazteena be, 18 urteko Maddalen Arzallus, Txapelketa Nagusian debutau dauena.
4.- 2009ko Txapelketa Nagusiak orain arteko marka guztiak txiki itxi ditu baina txapelketeak eta bertsolaritzeak, oro har, goia jo dabela pentsetan dozu?
Mi muga edo egon daitekez. Bata fisikoa, jente kopuru zehatz batek espazio baten sartu leiken horrek markau leikena. Arlo honetan, gorabeherak izan dira orain arte eta horrek ez nau kezkatzen. Aurten ia 15.000 lagun alakartuko gara BEC-en, orain lau urte mila gitxiago izan ziran eta hurrengoan, akaso, zortzi mila edo bederatzi mila izango gara. Horrek ez nau kezkatzen. Niretzako beste muga batzuk daukaguz gainditu barik eta ez da komenidu datuekaz itsutu eta orain aitatuko deutsudazan muga horreek ez ikustea. Euskal herrian, euskaldungotik aparte, existiduten garela be ez dakie edo ez dabe jakin gura; oraintxe berbetan gagozan lekutik 100 metrora dagoan Barakaldo auzoan, batek daki gutaz zer dakien jenteak. Komunikabideek txapelketeari eskaintzen deutsen atentzinoa be deigarria da; berbarako, Fito Cabralesek BEC birritan beteko dauela behin eta barriro errepetiduko deuskue baina txapelketearen zaparradea pasauko da eta asko enterau be ez dira egingo. Hortxe dagoz gure mugak. Eskoletan eta egiten dan lana sano inportantea da eta azken urteotako lanaren ondorioak ikusten gagoz orain baina aparteko lana egin behar da bertsolaritzeak merezidu dauen zabalkundea eta sustapena izan daizan. Presentzia erdaldungoan irabazi behar da.
5.- Finalaren atarian, finalistok nahikoa apal azaltzen zarie eta saioagaz eta giroagaz gozetea beste asmorik ez dozue adierazoten. Ez al dago zure buruan txapela irabazteko gogorik?
Egia esango deutsut, nire buruan ez dago txapela irabazteko gogorik, hori ez da nire helburua. Baina horrek ez dau esan gura Egañari txapela kendu ezin jakonik, argi daukat aurten beste txapeldun bat egon daitekeela. Nik ulertzen dot kanpotik ez ulertzea ondo sentimendu hori. Egañaren aroan gagoz, azken lau txapelketetan txapela irabazi dau eta nik beti esan dot ez neukela gura Egañaren osteko txapelduna izan. Nik neuk ez daukat anbizinorik txapela irabazteko, txapela BEC-en edo final batean irabazteko modu asko dagoz eta uste dot horregaitik garela hain 'zuriak' batzuk pentsetan daben moduan. Hemen badago ibazterik txapeldun izan barik be, ze benetan irabazle sentiduten zara hiru urte barru bateren batek zure bertsoak gogoratu eta kantetan badeutsuz eta hori ez da erraza izaten.
6.- Inpotentziarik ez dozu sentiduten, beraz, nahiz eta zure bosgarren finala izan eta 2005ean txapeldunorde izan ostean?
Ez. inondik inora. Poza, poz handia da sentiduten dodana. Aurrekoan be esan neban, Edwin Mosesena egin gura nebala, lau olinpiada segiduan jokatu.
7.- Abenduaren 13ko finala aztertuko dogu orain. Aitor Sarriegi da Txapelketa Nagusiko finalean lehenengoz kantauko dauena eta ganerakoak finaletan ibilitakoak zarie eta zu 2005ean txapeldunorde be izan zinan... Zelan ikusten dozu final hau?
Izenik ez deutsut emongo baina Andonigaz batera beste hiru edo ikusten dodaz txapelaren lehian sartzeko moduan. Hori bai. lehen be esan deutsut: hemen bi irabazle dagoz, bata txapela jantziko dauena eta bestea, barriz, danon edo askoren gogoan geratuko diran bertsoak botaten dituana; nork ez ditu gogoratzen Jon Maiaren agurreko abuelo eta abuela? Oraindino hor daukaguz gogoan eta 8-10 urte inguru pasau dira... Igorrek (Elortza) bere sasoian 'Desaparecido' doinua lehenegoz erabilita Belodromoan botatakoak be hor dagoz bertsozaleen artean. Hori da hurrengo txapela.
8.- Bertsolaritzeak azken urteotan hartu dauen indarra zelan baloretan dozu?
Ederra da. Baina hau ez daitela egun bateko lorea izan. Egun bizi doguna ondo egindako lanaren ondorioa baino ez da eta hori zaindu eta ahal dala hobetu egin behar da. Edozelan be, ez dago geldi egoterik. Gauzak neurtzea komenidu da, errealidadea zein dan ikusi, zer mobiduten dogun eta nora ez garen heltzen zehaztu. Euskaldungoaren barruan funtzino garrantzitsua beteten dogu baina gure inguruan bizi dan jente askok ez gaitu ezagutzen. Beraz, erronkea hor dago, lurra landatu, haziak frutua emon daiela jagon baina beste begi bat euki behar dogu gizarteari begira.
9.- Finalaren bezperea zelan biziko dozun badago esaterik?
Bai. Ez dot errito berezirik egingo, ez dot vudurik egingo inoren kontra. Finalaren aurreko egunean, etxean trankil egotea gustetan jat. Orain egun batzuk Igorrek (Elortza) esan eustan holako hitzorduen aurreko orduak azkar ala astiro pasetea nahigo dozun ez dagoala zehazterik eta arrazoia dauka. Hori bai, aurreko gauean ondo lo egiten saiatuko naz eta esan deutsudana, etxean, lasai egotea gustetan jat eta ez deistela inork molestau ze nahikoa 'irascible' egoten naz horreetan momentuetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!