Gerra osteko Bilboko lehenengo andereñoak omendu ditu Bilboko Udalak

Bizkaie! 2009-12-03 14:48   Euskerea berbagai

Gaur, abenduak 3, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, Bilboko Udalak gerra osteko Bilboko lehenengo andereñoak omendu gura izan ditu eta udaletxeko Arabiar Aretora batu diran andreñoei esku-erakutsia emon deutse Iñaki Azkuna alkateak eta Ana de Castro Euskera Saileko zinegotziak, Bilbon euskerearen alde egindako lanaren esker onez.

Gaur, abenduak 3, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian, Bilboko Udalak gerra osteko Bilboko lehenengo andereñoak omendu gura izan ditu eta udaletxeko Arabiar Aretora batu diran andreñoei esku-erakutsia emon deutse Iñaki Azkuna alkateak eta Ana de Castro Euskera Saileko zinegotziak, Bilbon euskerearen alde egindako lanaren esker onez. Frankismoaren garaiko une gatx eta gogorretan euskerea Bilbon zabaltzeko eta bizirik iraunarazoteko emakume horreek egindako lanaren eskerrona agertu nahi deutse holan udalak. Ezkutuko lanean jardun eben emakume adoretsuak dira; zailtasunen eta arriskuen jakitun, sarritan erasopean euren lanagaitik, eta halan da be, eskolak euskeraz emoteari ekin eutsen. Euren lanaren lekukoak gara orain, hamarka urte geroago.

1957an jarri eben abian Bilboko lehenengo ikastolea San Nikolas eleizako lokaletan, Xabier Peña maisuak bultzatuta eta euren seme-alabek ikasketak euskeraz egiteko erabagi sendoa hartua eben dozena bat gurasoren baldintzarik bako laguntzinoagaz. Mª Angeles Garai lehenengo, eta Agurtzane Alberdi geroago, izan ziran proiektu haregaz bat egin eben lehenengo andereñoak.

Hirutik bost urtera bitarteko ikasleen artean euskaldunak eta euskeraz ez ekienak egozan. Beraz, andereñoen eginkizuna, euskeraz berba egitera bultzatzea ez eze, taldea zelan euskaldundu planifiketea bere bazan.

Abiaburuko urte hareetan erabilitako materialak, besteak beste, Txomin Ikasle irakurten irakasteko 'idaztia' eta Xabiertxo euskerazko testu-liburu ezaguna izen ziran.

Gurpide gotzainaren aginduz San Nikolas ikastolea zarratu ebenean, 1958an hain zuzen, Iralabarriko frantziskotarren komentu-etxera joan ziran. 1958-1959 ikasturtea han hasi eben ikasle-talde handiagaz; 48 ikasle izatera heldu zan taldea hurrengo urtean.

Ikastola honek be aurretikoaren antzeko amaierea izan eban; 1959-1960 ikasturtea hasi barritan jaso eben behin betiko zarratzeko agindua.

Ondorengo urteetan, 1960tik 1966ra bitartean, gitxi gorabehera, ikastolak uriko etxe partikularretan antolatu eta batu ziran, andereñoen, ikasleen eta familien ahaleginagaz. Urteak aurrera joan ahala, gero eta etxe gehiago zabaldu zituen, eskolaume-kopurua be gero eta handiagoa zan, familien laguntzinoa legez. Etxe hareetako batzuk Bilboko ikastolarik ezagunenetakoak dira orain, berbarako, Deustuko Ikastolea, Artxandape edo Santutxuko Karmelo Ikastolea.

1965ean, Lehen Hezkuntzako Legearen aldaketak eragina izan eban Bilboko ikastoletan. Lege barriagaz ezinbestekoa zan eskolatze-liburua batxilerra egin ahal izateko eta, artean ezkutuan ebilzan ikastolek, egin beharrekoak egin behar legezkoak izateko.

Orduantxe izan zan Julia Berrojalbizek, andereñoetako batek, Euskaltzaindiako aldabea jo ebanean, proiektu barrirako laguntzaren peskizan. Holan bada, Akademiaren babesagaz Bizkaiko Probintziako Diputazioaren laguntzinoa izan eben Resurreccion Maria de Azkue Ikastolea zabaltzeko Bilbon 1966an, legearen barruan sartua egoan bakarra Bizkaian.

Garai hori funtsezkoa da azken urteotan euskerazko irakaskuntzeak izan dauen gorakada ulertzeko, batez be Bilbon izan dauena. Halanda ze, Udalak eskerrak emon gura deutsez euren lan ezkutuarekin bidea argitu deuskuenei, lan horren emoitzea da-eta gaur egun dogun euskerazko irakaskuntzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu