Amorebieta-Etxanoko lehenengo hiztegi etnografikoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2009-12-03 13:19   Euskerea berbagai

Jose María Etxebarria ikerlariak egin dauen proiektu hau Udalak eta Eusko Ikaskuntzak 2005ean izenpetu eben lankidetza hitzarmenaren frutua da. Lanak hizkuntza ondarearen atal bat gordetea ahalbidetuko dau.

Udalerriaren lehenengo hiztegi etnografikoa aurkeztu dau Amorebieta-Etxanoko Udalak. Jose María Etxebarria ikerlariak egin dauen proiektu hau Udalak eta Eusko Ikaskuntzak 2005ean izenpetu eben lankidetza hitzarmenaren frutua da, eta Ekin S. Kooperatiboaren laguntzinoa be jaso eban.

Amorebieta-Etxanoko hizkuntza ondarearen atal bat gordetea ahalbidetuko dau lanak. Udalerriko hainbat lekutako berrogei bat euskalduni esker jasotako testigantzei esker, egungo gizartearen eboluzinoaren eraginez bestela galduko litzatekeen materiala batzea lortu da. Lekuko horreen lanbideak be askotarikoak izan dira, emoitza oparoagoa eta aberatsagoa izateko.

Amorebieta-Etxano udalerriaren datu orokorrak, eboluzinoaren eta antolakuntzearen datu historikoak eta herritarren oroimenean bizirik dirauten pertsonaien ganeko informazinoa batu ditu lanaren egileak. Ondoren, azterlan linguistikoa dago eta, bertan, Zornotzako berbakerearen fonetika, morfologia eta sintaxiari buruz egindako azterketearen ondoren, lexikoa dago, hogeta hamabi gai nagusitan sailkatuta.

Etnotestuen, jazoeren, siniskeren eta ipuinen bildumea be egin dau Jose Mª Etxebarriak lan honetan, eta Amorebieta-Etxanon eta inguruetan topautako antxinako idatzizko testuek, gehien bat eleizan erabilitakoek, eta bibliografia zabal batek osotzen dabe ekarpen garrantzitsu hau.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoaren eskutik, CD formatuan argitaratu ditu hiztegiaren 1.000 ale eta webgunean (www.ametx.net) be topau daiteke informazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu