Joxe Agirrek jarriko deutso txapela 2009ko irabazleari
2009-12-02 14:27 BertsolaritzeaAbenduaren 13an, domekan, Santa Luzia egunean jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala; 14.500 lagunentzat lekua egin da (orain dala lau urteko ekitaldian baino 1000 lagun gehiagorentzat) eta sarrerak orain egun batzuk agortu ziran, 'kultur adierazpide arrakastatsuaren seinale'.
Finala jokatuko dan Barakaldoko BEC-en agertu dira gaur prentsaurrekoan, hitzordu garrantzitsu horretan kantauko daben zortzi bertsolariak (Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maddalen Lujanbio, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi), Bertsozale Elkarteko Iñaki Murua, Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko zuzendaria eta Gorka Martinez, Bilbao Bizkaia Kutxako ordezkaria.
Iñaki Muruak azaldu ditu finalaren ganeko gorabehera guztiak. Abenduaren 13an, domekan, Santa Luzia egunean jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala; 14.500 lagunentzat lekua egin da (orain dala lau urteko ekitaldian baino 1000 lagun gehiagorentzat) eta sarrerak orain egun batzuk agortu ziran, 'kultur adierazpide arrakastatsuaren seinale'. Goizeko saioa, goizeko 11:00etan hasiko da. Baina ateak, goizeko 9:30etan zabalduko dira. Arratsaldeko saioa, barriz, 16:00etan hasiko da. Horren aurretik, baina, Zura taldeak 'Bertsoka-bertsoka' kantua joko dau zuzenean.
Leku handia jarri da bazkaritarako. Etxetik dakarrenentzat espazioa jarriko da, mahai-aulki eta taberneagaz. Bertsozale Alkarteak salgai ipini dituan bazkaritarako txartelak, barriz, 1600 lagunek erosi ditue.
Bertsozale Alkarteak preparautako autobusetan, barriz, ia 3000 lagun joango da BEC-era Euskal Herria osotik.
Aurten, Joxe Agirre izango da txapela irabazleari jarriko deutson pertsonea. 80 urte ditu. Azpeitiarra da. Oraindino be plazarik plaza dabil bertsotan eta bertsolaritzako zubilana egiten dauenetako bat da. Finalean kantauko daben zortzi bertsolarigaz kantau izan dau.
Babesle nagusienen aldetik, Miren Dobaran, BFAko Euskerea Sustatzeko zuzendariak poza azaldu dau BEC bertsozalez ez eze euskaltzalez beteko dalako. Era berean, bertsolaritzea zabaldu eta sustatzea Aldundiaren ildo estrategikoa dala azaldu dau eta, esangura horretan, eskoletan urteetan egindako lana azpimarratu dau, bertsolaritzea suspertzeaz batera, euskerearen eta bizkaierearen transmisinoa bermatze aldera.
Bardintasunerantz, emakumeen presentzia azpimarratu dau Dobaran and.ak; saio guztietan sartu diralako, maila ona emon dabelako eta finalean be ordezkari bat izango dalako.
Azken buruan, finalera heltzea lortu daben guztiei suberterik onena opatu deutse baina tartean bizkaitar bat be izango dala kontuan hartuta, bizkaitar ordezkariak irabaztea polita izango litzatekeela esan dau.
Beste alde batetik, Gorka Martinez, BBK Fundazinoko buruak be babes osoa adierazo deutso gero eta indar handiagoa hartzen dagoan bertsolaritzeari eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusia ez eze, azken urteotan legez, BBK-k gazteakaz eta Bizkaia mailan txapelketa eta sariketak babesten jarraitzeko asmoa azaldu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!