BFA, Bilboko Udala eta Azkue Fundazinoa Euskeraren Nazinoarteko Egunagaz bat

Bizkaie! 2009-11-30 14:51   Euskerea berbagai

'Gazteen artean euskerea sustatu gura izan dogu, era natural batean, hau da, teknologia barrietan, sare sozialetan eta eurei gustetan jaken jarduera batean musikea erabiliz hain zuzen be. Euskereak benetan praktikoa izan gura badau gazteek erabili behar dabe eta horretarako teknologia barrietan egon behar da gazteak teknologoak diralako eta alkarregaz komuniketako zein aisialdirako teknologia barriak erabilten dituelako'.

BFAk, Bilboko Udalak eta Azkue Fundazinoak gaur aurkeztu ditue prentsaurrean Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harian antolatutako ekitaldiak. Miren Dobaran, BFAko Euskerea Sustatzeko zuzendaria, Ana de Castro, Bilboko Udaleko Euskera zinegotzia, Rodrigo Gartzia Azurmendi, Azkue Fundazinoko zuzendari-kudeatzailea eta Iker Sagasti Irontec enpresako zuzendaria izan dira aurkezpen ekitaldian.

Aurtengo Euskerearen Nazinoarteko Egunaren inguruko ekitaldien artean, lehenengoa, Lauaxeta Saria'09 ekitaldia izango da abenduaren 2an, goizeko 12:30etan Foru Jauregian. Aurtengoa Lauaxeta Sarien bosgarren edizinoa da eta Jon Kortazar Uriarte jaunak jasoko dau. Urte asko emon ditu Kortazarrek literaturea aztertzen. Euskal kritikoen patriarka dala esan geinke, Irakaslea da, hainbat liburu argitaratu ditu eta aitatzekoa da Lauaxetaren lana aztertzen ordu eta egun asko emon dituala, beraz, merezitako saria eskuratuko dau.

Abenduaren 3an, ostera, Argazki Mosaiko erraldoia osotuko da Arriaga antzokiaren aurrean eta Moiua plazan. Bi stand jarriko dira bertan eta leku horreetatik pasetan diran personei, egitasmoan parte hartu nahi badabe, argazki bat atarako jake eta ondoren mosaiko handi bat osotzeko erabiliko da. 'Mosaiko horregaz batera adierazo gura dogu euskerea danona dala eta danon artean egiten dogula euskerea'.

Abenduaren 4an, barriz, Banden Lehia Txapelketearen Finala izango da arratsaldeko 19:00etatik aurrera Bilboko Rock Star aretoan. Bandenlehia.com txapelketako lehenengo fasea Internet bidez egin da eta bigarren fasera, finalera, hain zuzen punturik gehien lortu daben lau taldeak pasauko dira, horretarako, zuzeneko emonaldi bat eskainiko dabe Bilboko Rock Star aretoan. Publikoak talderik onena aukeratuko dau eskuko telefono bidez dei galduak eginez eta kontzertua Internet bidez ikusi ahal izango da. Finalean bertan lau talde horreek eta Kerobia taldeak joko dabe.

Miren Dobaran, Euskerea Sustatzeko Zuzendariak adierazo dauenez, 'txapelketa honen bidez gazteen artean euskerea sustatu gura izan dogu, euskerea sustatzea era natural batean, hau da, teknologia barrietan, sare sozialetan eta eurei gustetan jaken jarduera batean musikea erabiliz hain zuzen be. Euskereak benetan praktikoa izan gura badau gazteek erabili behar dabe eta horretarako teknologia barrietan egon behar da gazteak teknologoak diralako eta alkarregaz komuniketako zein aisialdirako teknologia barriak erabilten dituelako'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu