Gari: 'kanta bakotxean, amiltegian behera bota dot neure burua'
2009-11-30 11:21 BarriketanKongora proiektu humanitario batean parte hartzera joan aurretik, Iñaki Garitaonaindia 'Gari' musikariak bere 25 urteko ibilbidean sortutako kanta esanguratsuenak -edo, behintzat, artisteak berak aukeratutakoak- grabauta itxi zituan orain, urtea amaitu baino lehenago, argitaratzeko. Bakarkako ibilbidean zein Hertzainak taldeko ahots moduan sortutako kantak ('Aitormena' eta 'Amets') topau daitekez '16 lore' izeneko diskoan eta, tarteka, kolaborazino bereziren bat be badago.
1.- Hogeta bost urteko ibilbidean, Hertzainak taldeagaz zein bakarka ataratako disko guztiak kontuan izanda, honezkero lan barriak definiduteko erraztazuna izango dozu. Zer azpimarratu zeinke '16 lore' lanetik?
Arriskuak hartzea gustetan jat ze arriskuak hartzen dozuzanean, onerako zein txarrerako, bizitzak gauza asko irakasten deutsuz eta emozino gogorrak biziten dozuz. Niri, emozino horreek ikaragarri gustetan jataz, motibau egiten nabe. Eta hori da grabazino honetan bizi izan doguna, emozinoa, arriskua; zeozelan esatearren, disko hau modu inkonzientean eginda dago, danok batu gara eta ez dogu norabide zehatzik izan. Bide horretan, askotan, amildegiaren ertz-ertzean be egon izan gara ze inork, ezta nik be, ez genkian nora goiazan.
2.- 'Danok batu gara', dinozu. Kolaboratzaile-sare zabala izan dozu alboan lan hau grabetako.
Bai, eta momentu magikoak bizi izan doguz, Patti Smith-egaz, Berangoko ikastetxeko umeakaz bizitakoak -Berrizen autobus bete ume ikusi nebanean harrituta geratu nintzan- edo Gose taldeagaz pasautakoak.
Diskoaren produktore Miguel Moyano be zoratu egin dot, bilatzen neban adierazkortasuna topetako hainbat gauza eskatu deutsodazalako, norantz nindoan ondo jakin ez arren. Zuriz egoan paper bat pintetea modukoa izan da, urteten eutsuna margoztu eta gorputza eroaten itxi, zoramenak eroaten. Disko zoroa da, zentzu guztietan, eta niri gehien balio deustana grabazinoan bizitako esperientzia da.
Taldelanean egindako diskoa, proiektua, lana da, inoiz baino gehiago, eta hori asko gustau jat niri, hori baita nire ikuspuntu pertsonaletik disko honen ezaugarri garrantzitsuena: taldelana.
3.- Zelan egin dozu errepertorioaren aukeraketea? Zure ibilbidean egindako lan guztiak entzun eta gero aukeratu dozuz ala buruan euki dozuz batu beharreko kantak?
Orain arte egindako kanta danak errepasau izan ezkero, disko honetan ez litzatekez agiri diran kantak egongo, beste batzuk baino. Batzuk bai, baina gehienak ez dira nire kantarik komertzialenak. Momentuan aukeratu dodaz eta, tartean, egon badagoz errepertorioko garrantzitsuenak eta ezagunenak, baina beste asko momentuan bertan sartu dodaz lanean, intuizinoari jaramon egin deutsat kantak aukeratzerakoan.
4.- Zein da diskoaren izenburuaren jatorria?
Ez da diskoaren izenburu originala edo, behintzat, nire amesa ez zan lan honi izenburu hori jartea. Arratsalde batean, film bat ikusten nengoala, asko gustetan jatan aktore frantses batek urteten eban eta bizitzearen ganeko metafora batek urteten eban, baloreetan oinarritutakoa. Jarroi bat, korala, burbuilak... agiri ziran eta nik hortik jo gura neban diskoaren izenbururako, jarroia, burbuilak, korala... hiru berba horreek neukazan buruan diskoari izenburua jarteko, baina oso zaila zan zeozer erakargarria topetako. Ez jatan ezer etorten burura eta kontua azkenerako itxi neban, '16 lore' otu jatan arte.
Hamalau kanta gehi bi agiri dira lanean, hau da, hamalau kanta desbardin eta kanta horreetako biren bertsino bana. Diskoak grabetan diranean, beti sortzen dira bersinoak eta nik opari moduan ganeratu dodaz. Baina, azkenean, hamasei kantak dira opariak eta, hortik, loreen asuntua.
5.- Kazetariok lana bilduma legez aurkeztu dogu, baina, zeuk be izen hori emoten deutsazu?
Bai, bildumea da, baina ez ohiko bildumak lakoa. Normalean, bilduma batean pentsetan hasten zaranean, beste parametro batzuetan antolatzen dozu lana, ohikoagoak diran parametroetan. Baina, nik, kantei egungo ikutua emon deutsiet ze estudiora sartu nebanean ez nintzan disko bat egitera sartu. Disko hau harian-harian sortutakoa da, aurretik ezer pentsau barik. Bide horretan, beti dago lagunen -edo arerioren- bat gogorarazoten deutsuna ez dakit zenbat urte pasau dirala lehenengo diskoa atara zenduanetik eta ondo egongo litzatekelela zeozer barria egitea. Gitxika-gitxika, kontuak formea hartzen dau eta emoitza honezkero entzungai dago. Ni ez naz gauzak lar pentsetan dituan musikaria, gurago dot barruko senari kasu egin eta egunerokotasunak ekarten deustanari jarraitu.
6.- Musikalki, orain arte ezagutzen doguzan bertsinoakaz konparauta, asko aldatzen dira kantak?
Diskoa sonoridade desbardinez osoturiko abaniko zabala da, euren artean oso desbardinak. Kanta batean gitarra bat eta ahotsa besterik entzuten ez dan bitartean, beste batean ordenagailuz egindako programazinoak topau daitekez. Nik, kanta bakotxean, amildegian behera bota dot neure burua, kanta berean beste adierazmen-bide batzuk topau gura izan dodaz. Horregaitik, diskoa ez da bape homogeneoa.
7.- Ezer berezirik preparau dozu kontzertuetarako?
Zuzenekoak erronka moduan hartuko dodaz. Nik beti jo izan dot taula ganean nire bandeagaz eta, oraingoan, ez, ezta estudioan be. Estudioan egindako lana aprobetxau gura izan dogu eta, horretarako, ordenagailua erabili dogu. Eszenatokian, musikari bat eta ni izango gara eta, gugaz, gitarrak, tekladuak eta perkusino-set txiki bat. Hori da, behintzat, hasiera batean dogun amesa baina ikusiko dogu ideia aurrera atarateko modua dagoan, erronka baita. Ni oso pozik nago, ilusinoz beteta, ez nazalako inoiz horrelako abentura batean sartu. Baina, beste alde batetik, bildurtuta be banago, ez nazalako inoiz holako abentura batean sartu ze, ordenagailuek egindako lanetan, orduak eta orduak egon zaitekez estudioan eta ez dozu sekula kantea osorik entzuten eta ni abrozidu egiten naz.
Abenduaren erdialdera hasiko gara kontzertuakaz, Donostian, Elgetan, Bilbon...
8.- Disko honegaz, orain arte ezagutu ez zaituenek be ezagutuko zaituela uste dozu ala zure betiko publikoari zuzenduta dago?
Diskoa ez dakit nori zuzenduta dagoan. Honelako intuizinozko proiektu batean sartzen zaranean, zure bihotzak eroaten zaituen lekura zoaz. Rock gogorra gustetan jakonak disko honetan ez dau topauko, baina beste rock mueta bat topauko dau, rock asko, ganera. Ni ez nago arduratuta diskoa nork entzungo dauen; hori, akaso, diskoetxeko arduradunari egin beharreko galderea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!