Finaleko ateetan sarritan parau danak kantauko dau BEC-en

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2009-11-30 09:59   Bertsolaritzea

Aitor Sarriegi da falta zan azken finalistea. Aurreko finaletan ateetan parau ostean, lortu dau beasaindarrak. Belodromoko saioan 651,75 puntu batuta, Sustrai Colina be aurreratu dau sailkapenean.

Aitor Sarriegi da falta zan azken finalistea. Aurreko finaletan ateetan parau ostean, lortu dau beasaindarrak. Belodromoko saioan 651,75 puntu batuta, Sustrai Colina be aurreratu dau sailkapenean.

Miren Amuriza bizkaitarra bederatzigarrena izan da azkenean, Uxue Alberdiren atzetik puntu erdiko diferentzia baino egon ez dala. Halanda be, zorionak berriztar gazteari egin dauen Txapelketeagaitik. Arkaitz Estiballes zan Mirenegaz batera bizkaitarroi finalerako geratzen jakun esperantzea, baina ez eban suberterik euki domekan. Hori bai: galdakoztarrak be saio eleganteak egin ditu.

Belodromoa 6.000 bertsozalez beteta egoala, 'Pozik eta harrituta gagoz zuen erantzunagaz. Eskerrik asko', Saroi Jauregi gai-jartzailearen berbak entzun genduzan. Izan be, aurtengo Txapelketea marka guztiak apurtzen dabil eta finalean zer pasauko dan imajinau be ezin geinke egin.

Ordena honetan urten eben bertsolariok kantetan: Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Uxue Alberdi, Jon Maia, Iñaki Gurrutxaga eta Arkaitz Estiballes.

Belodromoan bertsolari bat nagusitu zan ofizio danetan: M. Lujanbiok harritu egin gintuan barriro be puntuetatik harago doan bertsokereagaz. Bere hamarreko handia, hamarreko txikerra eta koplak, batez be, bildurgarriak izan ziran. Bakarrekoan egin eban behera arean, baina, ha ta guzti be, puntu gehien berak batu zituan arlo horretan. Markoan sartzeko saioa, hain zuzen be.

J. Maia be txiri-txiri puntu arloagaz joan zan etxera. Kalidade ikaragarria, sensibilidadea eta hori transmitiduteko erreztasun handia dauka zumaiarrak. Nire eretxian, bertsolaria izateko behar dan dana. Bere zortziko eta hamarreko txikerrak asko gustau jatazan; bere kopletako beharra be polita izan zan eta bere kartzelakoa danetatik gehien gustau jatan. Igarten da sano ondo kontroletan dauela aukeratu eban doinu eta neurria.

A. Sarriegik behar zituan puntuak erraturik egin barik hartu zituan. Saioa polito hasi eban Maialeneri erantzunaz, baina hortik aurrera ez eban goirik jo eta bere aurreko finalaurrekoA zatia gehiago gustau jatan. Bere bakarrekoa sano puntuatua izan zan.

U. Alberdik, barriz, Belodromoan be gora egin eban. Azkenean, Euskal Herriko zortzigarrena izan da puntuazinoan eta hori ez da bromea. Saio asko egin ditu aspaldian eta emoitzea Txapelketan be ikusi da. Bertsoa osotu egiten dau eta bere kantakerea asko eskertzen da. Bere hamarreko txikerra, I. Gurrutxagagaz egindakoa, ederra benetan.

A. Estiballesek eta I. Gurrutxagak ezin izan eben euren aurrekoa saioa hobetu. Neurri txikerretan ibili zan beheratxoago galdakoztarra. Bakarreko behar diferenteena berarena izan zan eta sano txalotua, ganera. Gorantza doan bertsolaria da eta bere bakarreko betelanak gero eta hobeak dira. Zorionak berari be! Iñakiren zortziko txikerreko lehenengoa barriro entzun beharrekoa, eta bere bakarreko beharreko bigarren bertsoak, esate baterako, sano berba-joko polita eukan. Bertsook www.bertsoa.com edo www.bertsoplaza.tv webguneetan eukiko dozuez aste honetan, aurrekoetan lez.


Donostiako puntuazinoa:

Maialen Lujanbio 703
Jon Maia 661,5
Aitor Sarriegi 651,75
Uxue Alberdi 649,75
Arkaitz Estiballes 627,5
Iñaki Gurrutxaga 608


Finalerako Sailkapena. Puntuak (1. itzulia)/Puntuak (2. itzulia)/Danetara

1.- Maialen Lujanbio 708,50/ 703,00/ 1411,50
2.- Amets Arzallus 704,00/ 685,75/ 1389,75
3.- Aitor Mendiluze 680,00/ 669,75/ 1349,75
4.- Jon Maia 679,00/ 661,50/ 1340,50
5.- Unai Iturriaga 626,00/ 692,25/ 1318,25
6.- Aitor Sarriegi 651,00/ 651,75/ 1302,75
7.- Sustrai Colina 646,00/ 655,00/ 1301,00
8.- Uxue Alberdi 637,50/ 649,75/ 1287,25
9.- Miren Amuriza 655,50/ 631,25/ 1286,75
10.- Iñaki Zelaia 643,50/ 639,25/ 1282,75
11.- Julio Soto 652,50/ 628,50/ 1281,00
12.- Beñat Gaztelumendi 644,50/ 634,25/ 1278,75
13.- Igor Elortza 629,00/ 641,00/ 1270,00
14.- Arkaitz Estiballes 630,50/ 627,50/ 1258,00
15.- Onintza Enbeita 631,50/ 620,75/ 1252,25
16.- Jone Uria 634,00/ 613,25/ 1247,25
17.- Iñaki Gurrutxaga 626,00/ 608,00/ 1234,00
18.- Jon Martin 619,00/ 606,50/ 1225,50


Finala, abenduaren 13an, Barakaldoko BEC-en, 11:00etan eta 16:30ean. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina. Aurkezleak: Alaitz Rekondo, Zuriñe Iarritu eta Saroi Jauregi.


Zorionak finalisteei eta Txapelketean parte hartu daben artista guztiei. Bizkaie!-ko kronikak segidu dituanari, barriz, eskerrik asko geugaz egotearren. BECen alkartuko gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu