Arabako Foru Aldundiak Euskerearen Lehen Plan Estrategikoa onartu dau

Bizkaie! 2009-11-25 10:22   Euskerea berbagai

Euskeraz bizi ahal izateko aukerea bermatu nahi jako holan egin nahi dauenari, eta horretarako behar beste neurri sustatu nahi da, bai eta Arabako gizarte eragileen eta erakundeen arteko koordinazino eta lankidetza ekimenak landu be, normalizazinorantz aurrera egiteko.

Arabako Foru Aldundiko diputadu nagusiorde Claudio Rodriguezek eta Euskera, Kultura eta Kirol Saileko foru diputadu Lorena Lopez de Lacallek foru erakundearen Euskerearen Lehen Plan Estrategikoa (2010-2013) aurkeztu dabe, Diputaduen Kontseiluak bart egindako bilkuran onartu ondoren.

Plana abiarazotearen arrazoi nagusia Arabako euskerearen normalizazinoan eragiteko baliabide batez hornidutea izan da. Euskeraz bizi ahal izateko aukerea bermatu nahi jako holan egin nahi dauenari, eta horretarako behar beste neurri sustatu nahi da, bai eta Arabako gizarte eragileen eta erakundeen arteko koordinazino eta lankidetza ekimenak landu be, normalizazinorantz aurrera egiteko.

Lopez de Lacalleren eretxiz, 'Euskerearen Plan Estrategikoaren balio nagusia da oinarrizko tresna gidaria dala gure lurraldeko euskera-politiken norabidea zehazteko, eta esan behar da ez dala holako tresnarik egon egun arte, eta arlo honetan dagoan gabezia beteten dauela'. Gainera, nabarmendu dau plana lantzeko prozesuak (joan dan maiatzean hasi zan) gizartearen zuzeneko parte-hartzea izan dauela oinarri, hausnartze, diagnosi eta helburu eta estrategiak proposatzeko fasean. 'Plan honek lehenengoz jasoten dau euskeraren inguruko erakundeek planteau dabena, parte-hartze handiko prozesu bati esker. Are gehiago, esan behar da testu honek Arabako biltzarkide taldeen proposamenak be jasoten dituala'.

Planak hemendik lau urtera ezarri dauen beste helburu bat barritasuna da. Foru diputaduaren esanetan, 'Euskerearen Lehen Plan Estrategikoa da Arabarako, eta agiri honek tresnak eskaintzen ditu euskerearen gizarte erabilerea bermatzeko lurraldean, horretarako baliabideak emonda'.

Lopez de Lacallek gogorarazo dauenez, 2006ko datuen arabera, Arabako biztanleen % 42,8 (125.000 persona inguru) gai da euskeraz komuniketako (% 25 elebidun eta % 17,8 elebidun hartzaile, hau da, etorririk izan ez baina ondo ulertzen dabenak). Esangura horretan, foru diputaduak esan dau elebidunak, laster, erdaldun elebakarrak baino gehiago izango dirala Araban, lehenengoz denpora askoan.

Kontuak kontu, Arabako Foru Aldundiaren Euskerearen Plan Estrategikoak esku hartzeko zazpi eremu jaso ditu: Gazteria eta aisialdia; Helduen euskalduntzea; Kultur jarduerak; Merkataritza eta ostalaritzea; Familia transmisinoa eta hezkuntzea; Komunikabideak; eta Administrazinoa. Eremuotan esku hartzeko aurreikusitakoa, danetara, miloe bat euro baino gehiago da, hain zuzen be, 1.039.978 euro.

Planak 75 neurri ezarri ditu planaren barruan garatu beharrekoak. Dana dala, Euskera, Kultura eta Kirol Saileko diputaduak horreetatik guztietatik bi nabarmendu ditu. Alde batetik, Euskera Teknikarien Sarea; planak bere barruan hartu dau orain hilebete batzuk martxan dan sarea, eta testuingurua emon deutso. Orain arte, Gasteizko, Laudioko, Amurrioko, Aramaioko eta Aguraingo udaletan baino ez dira euskera teknikariak egon, baina, orain, ekimen honi esker kuadrilla guztietan egongo dira, eta Trebiñun be sustapen lana egingo da.

Bestalde, www.euskaraba.com euskerearen ataria Araban sortu izana nabarmendu dau. Atari horrek 'bakotasun bat beteten dau sarean, Arabako euskerazko edukiei jagokenez'. Bi helburu nagusi ditu: bata da lurraldeko euskerearen jarduerea koordinetako, jardueroi buruzko informazinoa emoteko eta euskerearen topagune izateko bidea izatea, eta bestea euskerazko kulturea hurreratzea ezagutzen ez dauenari, web-orriko edukiak gaztelaniara itzulita eta gizarte berean batera bizi diren bi hizkuntza komunidaderen arteko zubi-tresna gisa planteauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu