Hiru eta zazpi urte bitarteko umeei zuzendutako hiru joko aurkeztu ditu Bizkaiko Ikastolen Alkarteak

Bizkaie! 2009-11-24 14:28   Euskerea berbagai

'Gure Gorputza' eta 'Urtaroak eta Hilak¡' puzzleak eta 'Nor da nor?' arau-jokoa dira aurkeztutako produktuen izenak. 'Proiektu honen -Jokogintza Egitasmoa- helburua gure herri tradizinoan oinarritutako baliabide didaktikoak euskeraz garatzea da', azaldu dau Bizkaiko Ikastolen Alkarteko presidente Juan Carlos Gomezek.

Bizkaiko Ikastolen Alkarteak, Jokogintza Egitasmoa proiektuaren barruan, hiru produktu barri aurkeztu ditu gaur: 'Gure gorputza' eta 'Urtaroak eta hilak' puzzleak eta 'Nor da nor?' arau-jokoa. Produktuon aurkezpenean Bizkaiko Ikastolen Alkarteko presidente Juan Carlos Gomez, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari Miren Dobaran eta Bizkaiko Ikastolen Alkarteko Jokogintza arloko arduradun Nerea Arregi egon dira.

'Proiektu honen helburua gure herri tradizinoan oinarritutako baliabide didaktikoak euskeraz garatzea da', azaldu dau Gomezek. Dobaranek bide beretik jo dau: 'aisialdiko euskerazko produktu erakargarriak diseinau eta sustatu behar doguz umeek, eskolaz kanpo be, euskeraz olgetako'.

Nerea Arregik aurtengo nobedadeen ezaugarrien barri emon deusku: 'Gure Gorputza' eta 'Urtaroak eta Hilak¡' puzzleak dira eta 'Nor da nor?', barriz, arau-jokoa. 'Lehenengoan, neskearen eta mutilaren gorputz-atalak gehi organoak eta hazurrak irakasten dira; bigarrena 36 aleko puzzlea da, urtaroak, hilabeteak gehi hileen ganeko atsotitzak lantzeko; hirugarren produktua logika-jokoa da eta edukietan euskal mitologiako zein kulturako hainbat pertsonaje sartu doguz: Tartalo, Marijaia, Atorrak, Basajaun... Joko klasikoa da eta arrakasta handia izaten dau'. Hirurak 3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoz.

Gabon-sasoia heltzear dagoan honetan, gurasoak euskerazko produktuak, batez be liburuak eta jokoak, erostera animau ditue ekimenaren bultzatzaileek. Horretarako, Bizkaiko Ikastolen Alkarteak katalogoan batzen dituan ia 200 produktuen artean aukera zabala topauko dabe gurasoek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu