Etorkinak eta euskerea berbagai XIV. Jagon Jardunaldietan

Bizkaie! 2009-11-24 10:47   Euskerea berbagai

Euskal Herrian azken urteotan indartu dan fenomeno bat jorratu da berenberegi jardunaldietan: etorkinen gaia euskerearen ikuspuntutik. Horrezaz gan, beste ekitaldi bat be egin da: Akademiaren Euskera agerkari ofizialaren azken zenbakia aurkeztu dabe.

Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak antolatuta, XIV. Jagon Jardunaldiak egin ditu Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, 'Etorkinak eta Euskara' gaiaren inguruan. Unesco Etxeagaz eta Deustuko Unibersidadearen Euskal Gaien Institutuagaz batera preparau ditu Akademiak jardunaldi honeek.

Euskal Herrian azken urteotan indartu dan fenomeno bat jorratu da berenberegi: etorkinen gaia euskerearen ikuspuntutik. Horrezaz gan, beste ekitaldi bat be egin da: Akademiaren Euskera agerkari ofizialaren azken zenbakia aurkeztu dabe. Agerkarian, 2008an Bilboko egoitzan 'Euskara, Kontsumoa eta Hizkuntza eskubideak' gaiaren inguruan egindako XIII. Jagon Jardunaldien emoitzak jaso dira.


XIV. Jagon Jardunaldiak: berbaldiak

Xabier Aierdi eta Erramun Osa

Denbora laburrean etorkinen kopurua asko hazi da eta etorkizunean gehiago haziko dala aurreikusten da. Euskerearen indarbarritzeaz arduratzen diran taldeek etorrera horrek euskereari zertan eragingo deutson ikertzen dabez, hau da, immigrazinoak hizkuntza arazo berririk ete dakar gure artera? Xabier Aierdi soziologoa eta Ikastolen Elkarteko ordezkari Erramun Osa galdera horri erantzuten ahalegindu dira jardunaldietan.

Euskereak dituan arazoak, pertsona horreen etorrereagaz nabarmendu egin diran arren, ez dira sortu barriak. Konklusio horretara ailegau dira adituak eta, beraz, ondorio moduan, etorkinen integrazioa bultzatzea da irtenbiderik egokiena euren esanetan.


Erramun Baxo eta Jean-Baptiste Coyos

Aditu honeek biek egindako ikerketak euskerea ikasten daben Ipar Euskal Herriko helduen ezaugarriak aztertzen ditu, herrikoenak (Euskal Herrian sortu diranak) eta etorkinenak bananduta. Emoitzak AEKko ikasleen matrikulazio-fitxetan oinarritzen dira.


Eduardo Javier Ruiz Vieytez

Nahiz eta garrantzi handikoa izan, etorkinen hizkuntz aniztasunaren eta gizarteratzearen arteko loturea ez da ondo aztertu ikerlari honen esanetan.

Etorkinen eta eremu urriko hizkuntza autoktonoaren (euskerea) artean ezarri beharreko arau juridikoak zehazten ditu Ruiz Vieytez-ek etorkinek gure gizartera gehitzen dituen hizkuntzetara edegi behar diran espazio publikoak definiduteko. Hizkuntz aniztasunaren kudeaketa edegiagoa eta integratzaileagoa egin behar dala dino.


Ibon Manterola eta Eider Lardizabal

Aurkezpen honetan, etorkinen euskerearen ikaskuntza aztertu da. Ikerketa-lan baten lehen emoitz batzuk aurkeztu dira, adin desbardinetako haur etorkinek euskeraz lortutako trebetasunak erakutsiz. Ondorio moduan, eskolan hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritu behar dala dinoe.


Iratxe Lasa

Iratxe Lasa etorkinen ugaltzeak Markina-Xemeinen izan duen eraginaz egin dau berba. Lehentasuna euskereagazko jarreran eragitea dala argi dauka, aurreretxiak eta hizkuntza komunitateen arteko trabak ebitau.


Begoña Zestau

Immigrazinoa fenomeno barria da Nafarroako Sakana eskualdean, baina oso denpora laburrean kanpotik etorritako pertsonen erroldea ehuneko 8raino igo da. Mankomunidadeak, euskerea sustatzeko, informazino, aholkularitza eta prestakuntza arloak garatu ditu euskerea be integrazinorako tresna eraginkorra dala erakusteko.


Joaquim Dolz

Joaquim Dolz ikerleak hizkuntzen didaktika izan du berbagai bere berbaldian. Adituaren esanetan, eleaniztasuna geroz eta fenomeno normalagoa da gizarte garaikidean, komunidade berean hizkuntza bat baino gehiago garatu dalako. Doltz-ek hizkuntzen didaktikea modu pluralean egituratu behar dala dino eta hizkuntzen tratamentu integratu eta koordinatua oinarrizkoa da ikasleen hizkuntza-maila –ahozkoa zein idatzizkoa- garatzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu