Fredi Paia: 'antxina sentimentu kultural osoagoa egoan, continuum kulturala zan nagusi'

Koldo Isusi Zuazo 2009-11-23 11:09   Barriketan
Ikertzailea, bertsolaria, idazlea...

'Maruri-Jatabe. Bizimodua eta ohiturak' izeneko liburua aurkeztuko dau oraintsu Labayruk. Liburuagaz batera DVDa zabaldu da herriko lekukoen grabazinoakaz. Liburuaren egilea Fredi Paia izan da eta DVDan Akaitze Kamiruagak be parte hartu dau. Lanau Labayru Ikastegiko Herri-ondare sailaren egitasmoa izan da.

Horrezaz gan, Bizkaiko Trikitixa Alkartearen eskutik egunotan ikusi dau argia Paia anaiek atondutako 'Aupa Maurizia!' liburua, Maurizia Aldeiturraga panderojoleari buruzkoa.

Fredi Paia sano lanpetuta dabil azken bolada honetan. Aitatu lan horreek atondu eta plazaratzeaz gan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasean be kantau dau eta anaia Xabigaz batera kanpoan geratu arren, txapelketeak orain arte emondakoaz eta emon leikenaz be itaundu deutsagu.

Hona hemen Fredik kontau deskuzanak:


1.- Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia azken txanpan sartu da. Lehenengo fasean, aretoak jentez ganezka, zu ta anaia kanpoan geratzea, Elortzaren potoa, Miren Amurizak aurrera egitea, Xabier Silveiraren jokabidea... Besterik nabarmenduko zeunke?

Aurtengo txapelketan, izen barriak agertu dira, batzuk ez dogu aurrera egingo eta zuk aitatu dozuzan gauza horreek gorabehera, ez ahaztu bertsolaritzea ez dala torniloak ipintea, egunak eta egunak dagoz, haize egunak esaten dau nire lagun batek eta gu belaontziak gara, batzutan haize gehiagogaz beste batzuetan gitxiagogaz batzuetan erramutan gabiz... Kontuak kontu, maila handiko txapelketea da aurtengoa eta gure asmo personal eta gure frustrazino txikien gainetik, euskerea eta euskal kulturea dagoan egoera beti lanbakor horretan, sano pozgarria da milaka lagun batzea euskera hutsezko jardun baten inguruan.


2.- Ikusten dozu inor Egañari txapela kendu leikionik? Zenbat bizkaitar sartuko dira finalean?

Bai. Maialen (Lujanbio) da hautagai argia Egañari txapela kentzeko, sendoen bera ikusten dot. Amets Arzallus eta Sustrai Coliba be bai eta Unai Iturriagak be sarritan erakutsi dau zelako genioa dan, lehenengo bueltan puntu gitxi atara arren, bueltea emon deutso egoereari eta finalean sartu da. Egun ona badauka durangarrak txapela jantzi leike seguru.

Bizkaitarrak finalean? Ni ez naz futurologoa. Hori bai, bitxia izan da bizkaitarron garapena txapelketa honetan. Inoizkorik bizkaitar gehien egon gara aurten eta gero semifinaletan ez gara izan kapaz aurreko faseetan emon dogun maileari eusteko. Dana dala, aurtengo finalean bizkaitarrak indartsu ibiliko dirala esango neukizu; penea Elortza kanpoan geratzea baina oraindino aukerea dago finalean hiru bizkaitar sartzeko be. Unaik patrikeran dauka txartela, Miren Amurizak aukerea izan leike finalean sartzeko eta Arkaitz Estiballes be ez ahaztu, Donostian kantauko dau eta suberte apur bategaz saioa irabazi eta finalerako txartela irabazi leike.


3.- 'Maruri-Jatabe. Bizimodua eta ohiturak' lan potoloan, oinarrian herri ondarea batzea izan da zure zeregina. Zelako esperientzia izan da? Azaldu eiguzu behar egiteko modua, informateen aukeraketea, grabazinoak, fitxak...

Maruri-Jatabe ezagutzea, bertako jentea ezagutzea niretzako bidaia zoragarria izan da. Labayrugaz nabil beharrean eta J. M. Barandiaranek bere sasoian sortutako metodologia etnografikoa darabilgu, Etniker taldeak be erabilten dauena; oinarrian galdetegi bat erabilten dogu lekuan lekuko 'kulturea' jasoteko eta, beraz, ahozkotasuna eta lexikoa lantzeaz gan, sakonago be jo izan dogu. Kasu honetan, hizkuntzea bitartekoa da azpian ze kultura dagoan ulertzeko. Kontuan hartu, aldaketa teknologikoa bizi izan daben herritarrak dagozala, laiakaz eta narruzko abarketakaz jaio ziran 80 urte inguruko belaunaldi bat daukagula, egun eskuko telefonoaren eta Interneten munduan be sartu diranak. Maruri-Jatabeko 23 barri-emoleen lekukotza garrantzitsu hori alkarrizketen bidez jaso dogu, 100 ordu inguru izan dira soinu eta irudi grabazinoetan.


4.- Informateakaz anekdota edo pasadizo berezi bat baino gehiago biziko zenduzan, ezta?

Asko. Nik orain esaten dot Maruri-Jataben amuma asko daukadazala. Sarritan beharrean hasi aurretik, Cola Cao beroa eta jateko zeozer ipinten izan deustie eta agindu zorrotza izaten zan hori guztia amaitzea ezertan hasi aurretik.

Beste alde batetik, gure funtzinoa ondo ulertzen ez dauen jentea be topau dot. Zergaitik itauntzen dogun soloko behar eta tresneriaren ganean... Sarritan itaunari erantzun beharrean, tresnak edo dana dalakoak ekarri egin deustiez... Eurekaz beharrean joateko konbitak be egin izan deustiez...

Ikerketa lan zoragarri honetan emon doguzan bi urteetan pasadizo ederrak, ahaztu ezinezkoak bizi izan doguz.


5.- 'Joan joakun euskal mundu txikia ezagutzea ezinbestekoa da bihar-etzi hobeto eta seguruago jokatzeko' esan eban Adolfo Arejitak lanaren aurkezpenean. Halan da be, gaur egun denporea arin pasetan da eta beti gagoz aurrera begira. Bidean zer galtzen dogu?

Bidean gauza asko galtzen doguz. Pentsakera teknologikoaren arabera, iraganak, jondakoak ez dau balio etorkizunerako eta egia da tresna teknologikoakaz, aplikazinoakaz eta holan dala, gaur barria dana bihar zaharra dalako. Edozelan be, ez gara konturatzen persona moduan eta gure gizartean egun daukaguzan kezka, ardura, arazo eta burukominak betikoak dirala. Hor badagoz erantzun batzuk, kulturalak gure herriak eta gure kultureak milaka urtetan arazo horreei konponbidea emon izan deutsienak eta egun be sano erabilgarriak diranak. Berbarako, lagun batek esan eustan ama hil jakonean, estutasun handiak pasau zituala kalean lagunakaz topo egin eta banan-banan azalpenak emon behar zituanean, sano nekeza zala. Egoera horrek gogoetea eragin eustan ze gizarte tradizonalean, holako kasuetan baltzez janzten ziran goitik behera eta hori mezu argia izaten zan danantzat.


6.- Herri ondarea batzeko premina handia dago, orain informante diranak falta diranean eurekaz galduko dalako bizimodu jakin bateko barri guztia. Oso oker ez bagagoz, 'Herri ondarea' egitasmoaren barruan, Uribe-Kosta osoko lanak be laster ikusiko dau argia eta eginbidean dagoz Galdakao eta Nerbioi ibarreko herrietako lanak. Sano lanpetuta zabiz...

Kontuan hartu joaten jakun barriemole bakotxagaz kontzeptu kulturalak eta hizkuntza arlokoak joaten jakuzala eta gaur egun premina handia daukagu batez be Bizkaiko mendebalde honetan egiten diran euskalki eta azpieuskalkiei eta tradizinoei eusteko ze galtzeko arrisku argia dago.

Bestetik, bai, sano lanpetuta nabil eta oso gustora. Hori bai, lanpetuta gabizela esan beharko neuke ze lantalde ederra daukagu, saileko buru Akaitze Kamiruaga dogularik. Nerbioi-Ibaizabaleko unidade didaktikoak aurkeztu dira oraintsu eta, oso oker ez banago, datorren urtean Uribe-Kostarako egindakoak aurkeztuko dira. Eskualde askotan etenda dagoan kate kulturala berreregiteko material interesgarria.


7.- Beste alde batetik, pasa dan astean aurkeztu dozue anaika eta biok 'Aupa Maurizia!' liburua, Maurizia Aldaiturriaga arratiarraren biografia. Idazketa prozesua ez eze, dokumentazino lana be ez zan makala izango...

Euskal kulturan arazo bat daukagu, hain zuzen, datu gitxi dagoala idatziz. Esangura horretan, guk aurretik idatziz egon dan materialaz gan (Agurtzane Intxaurragak egindako beharra, Arratiako herri aldizkarietan idatzitakoa...), Etniker taldearen metodologia etnografikoa erabiliz, Maurizia ezagutu eben lagunei alkarrizketak eginaz be jaso dogu informazinoa. Beren beregi Jose Javier Abasolo 'Tiliño'-ren laguntzinoa eskertu gura neuke, bere laguntzino barik ezinezkoa izango zalako liburu hau.


8.- Zein da liburuaren helburua?

'Aupa Maurizia!' liburuagaz, datu idatzietan topetea sano gatxa dan memoria kulturala berreskuratzea izan da asmoa, Mauriziaren denporetako giroa, ingurune kulturala, orduko musika eta musika tresnak, erromerietako errepertorioa, erromerietako ezaugarriak... Horrexen ganeko ahalik eta informazino zehatzena jasotea izan da gure burukomin eta ardura nagusia.


9.- Mauriziaren ezaugarri edo bereizgarrietako bat bakarra aitatu beharko bazeunke, zein izango litzateke?

Mauriziaren kantakerea nabarmenduko neuke eta liburuan esaten dogun moduan, Mauriziaren kantakerea Euskal Herrian eta Europako zati zabal batean antxina egiten zan kantakera baten azken arrastoetako bat da. Mauriziaren kantetako modua polemikoa be izan da musika aztertzaile askorentzako. Ondare garrantzitsua dira Maurizia eta bere belaunaldikoak, euren izaera koplaria, panderolaria, egun espezializazinorako dagoan jokereagaz konparauta; berbarako, bertsolariak jantzan jakin behar ez dauen sasoi honetan, musikariek beste arlo batzuetan adituak izan behar ez daben honetan, atzera begiratu eta jaubetu gara antxina mundu guztiak ekiala jantzan, kantetan... Sentimentu kultural osoagoa egoala, continuum kulturala zan nagusi.


10. Koplak, bertsoak... literatur generotzat har daitekez?

Koplaritzea literatur genero garrantzitsua izan da geroagoko bertsolaritzearen garapenerako eta Bizkaian sano ondo eutsi izan jako. Ganera, musikeagaz hartu-emon sendoak izan ditu eta egun bertsolariak musikari izatetik baino idazle izatetik hurrago dagozan honetan, nire ustez ahoskotasunaren inguruan egiten dabilzan ikerketa barriek argi gehiago ekarriko deuskue gai honen inguruan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu