Sustrai Colina eta Unai E.T.rriaga estralurtarra lehenengo

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2009-11-23 10:03   Bertsolaritzea

Sustrai Colina zapatuko irabazlearen eta beste guztien baimenagaz protagonista bana egon dira astegoieneko saio bakotxean: Igor Elortza, Gernikan eta Unai Iturriaga, Iruñean. Hori bai, kontrako arrazoiengaitik.

Sustrai Colina zapatuko irabazlearen eta beste guztien baimenagaz protagonista bana egon dira astegoieneko saio bakotxean: Igor Elortza, Gernikan eta Unai Iturriaga, Iruñean. Hori bai, kontrako arrazoiengaitik.

I. Elortzaren betiko arteztasunik ez dogu ikusi Txapelketan. Halanda be, finalean egoteko bertsolaria da; izan be, egin dituan poto biengaitik parauko da finalean kantau barik. Animo hurrengorako! U. Iturriagarena, barriz, beste planeta bateko bertsokerea da. Hankak lurrean iminten dituanean etorten jakoz problemak. Nire eretxian, gaur egun bera da, Maialen Lujanbiogaz batera, Andoni Egañari txapela kentzeko gaitasuna daukan bakarra.

Atzokoa maisu-beharra izan zan, erratu bakoa eta goia jo barik ia-ia 700 puntukoa. Durangarrak txapela buruan daroa, publikoak aspaldi ipinita. Tomaz Humar alpinista eslobeniarra be, bere bigarren urrezko piolet barik -alpinismoan dagoan sari inportanteena- parau zan Dhaulagiriko hegoaldeko horman bakardadean osotu eban igoera estralurtarra eginda be. 'Arriskutsuegia' izan omen zan egin eban bidea. Rheinold Messner bera be aireportura hurreratu jakon zoriontzeko. Arriskuak eta berezitasunak alderdi on hori be badauka.

Gernikako saioa (Gernika Jai Alai pilotalekua, 1800 lagun inguru)

Bertsolariek ordena honetan urten eben kantetan oholtza ganera: Igor Elortza, Sustrai Colina, Jon Martin, Jone Uria, Miren Amuriza eta Beñat Gaztelumendi.

S. Colina izan zan zapatuko saioan lehenengo. Barriro be saio polita egin eban urruñarrak. B. Gaztelumendigaz hamarreko txikerrean ofizio galanta egin eban, BECeko finalista baten ofizioa. Bere bakarrekoa izan zan danetan onena: ideak garbi eta puntuak poltsikora.

Igorren moduan, Beñat be finalerako aukera barik gelditu zan. Neurri txikerretan izan ezik, sano ondo ibili zan. Hori bai, hamarreko txikerreko bigarren bertsoa ederra izan zan. I. Elotzak eta J. Martinek zortziko txiker galanta osotu eben. Erantzun bakotxari beste buelta bat emonaz erantzuten eben. Igorrek kartzelakoan egin eban behera, Jonen moduan, potoa tartean.

M. Amuriza finalista izango zan honezkero bakarrekoan potorik egin ez baeban. Hurrengo asteko saioan jakingo da BECen kantauko dauen ala ez. Saio erregular eta osoa egin eban berriztarrak: hamarreko handian ideak argi; hamarreko txikerrean sano ondo J. Martin lagun hartuta eta beste ofizioetan nibela manteniduta. J. Martinek eta J. Uriak ez eben suberterik euki. Biek be hobeto kantau eben aurreko finalaurrekoan baina bertsoaldi politak entzun deutseguz Txapelketan zehar.

Azkenean, puntuak hemen:

Sustrai Colina 655
Igor Elortza 641
Beñat Gaztelumendi 634,25
Miren Amuriza 631,25
Jone Uria 613,25
Jon Martin 606,5

Iruñeako saioa (Anaitasuna pabilioia, 1600 lagun inguru)

Bertsolariei tokautako ordena hauxe izan zan: Julio Soto, Iñaki Zelaia, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Onintza Enbeita.

Artikulu hasieran esan dodan moduan, U. Iturriaga izan zan protagonistea. Kalidadeko saio erregular-naturala egin eban eta bakarrekoak emon eutson errematea. Gairik originalena berarena izan zan eta betelana, elegantea. Halanda be, barriro dinot, nire eretxian, bere goia ez eban jo inondik inora be. Hori bai, atzokoan, aurreko finalaurrekoa hobetu eban bakarra izan zan. Hau guztiau aituteko, hobeto www.bertsoa.com edo www.bertsoplaza.tv webguneetan ikusten badozue asteon.

A. Arzallus ondo ibili zan, baina ez bere onenean. Golpe handiko bertsoak kantau zituan: J. Sotogaz zortziko txikerrean eta, batez be, koplaka O. Enbeitagaz. Bakarrekoa be polito osotu eban. A. Mendiluze be beheratxoago igarri neban atzokoan, batez be, azkenerantza. Teknika landua dauka eta atzo horrek emon eutsozan puntuak. Bere hamarreko handia A. Arzallusegaz ona izan zan. Biak be BECen egongo dira.

I. Zelaiak bakarrekoan kantau eban ondoen. Aurreko saioetan seguruago egoalakoan nago. Kalidade handiko bertsolaria da eta plazarik ez jako faltauko edo ezin jako faltau. J. Soto be aurreko saioetan hobeto ibili zan. Saioa artega hasi eban eta ezin izan eutson bueltea emon. Dana dala, txapelketa osoa egin dau. O. Enbeita be aurreko saioetan baino beheratxoago igarri neban. Bertsoaldi erreal ederrak itxi ditu Txapelketan. Bere aurreko asteko agurra be akorduan eukiteko modukoa.

Puntuak, honexek:

Unai Iturriaga 692,25
Amets Arzallus 685,75
Aitor Mendiluze 669,75
Iñaki Zelaia 639,25
Julio Soto 628,5
Onintza Enbeita 620,75

Hurrengo domekan Belodromoan kantauko dabenak:

Maialen Lujanbio
Jon Maia
Aitor Sarriegi
Uxue Alberdi
Arkaitz Estiballes
Iñaki Gurrutxaga

Bertsolaria: Puntuak (1.itzulia) + Puntuak (2. itzulia) = Guztira

1- Amets Arzallus: 704 + 685,75 = 1389,75 puntu
2- Aitor Mendiluze: 680 + 669,75 = 1349,75 puntu
3- Unai Iturriaga: 626 + 692,25 = 1318,25 puntu
4- Sustrai Colina: 646 + 655 = 1301 puntu
5- Miren Amuriza: 655,5 + 631,25 = 1286,75 puntu
6- Iñaki Zelaia: 643,5 + 639,25 = 1282,75 puntu
7- Julio Soto: 652,5 + 628,5 = 1281 puntu
8- Beñat Gaztelumendi: 644,5 + 634,25 = 1278,75 puntu
9- Igor Elortza: 629 + 641 = 1270 puntu
10- Onintza Enbeita: 631,5 + 620,75 = 1252,25 puntu
11- Jone Uria: 634 + 613,25 = 1247,25 puntu
12- Jon Martin: 619 + 606,5 = 1225,5 puntu
13- Maialen Lujanbio: 708,5 puntu
14- Jon Maia: 679 puntu
15- Aitor Sarriegi: 651 puntu
16- Uxue Alberdi: 637 puntu
17- Arkaitz Estiballes: 630,5 puntu
18- Iñaki Gurrutxaga: 626 puntu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu