Durangoko 44. Euskal Liburu eta Disko Azokea gero eta hurrago
2009-11-18 16:44 KultureaKultura kataluniarraren protagonismo bereziagaz, Gerediaga Alkarteak abenduaren 4tik 8ra ospatuko dan azokearen ganeko gorabeherak prentsaurrekoan emon ditu gaur. Landakon kokatuko diran 292 stand-etan (14 eskari barri), danetara, 308 liburu barri (igaz baino 37 gitxiago) eta 69 disko (igaz baino bost gehiago) izango dira.
Kultura kataluniarraren protagonismo bereziagaz, Gerediaga Alkarteak abenduaren 4tik 8ra ospatuko dan azokearen ganeko gorabeherak prentsaurrekoan emon ditu gaur, hilak 18, Durangoko Elkartegian. Eroski, Bilbao Bizkaia Kutxa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Durangoko udala babesleen eskutik, Landakon kokatuko diran 292 stand-etan (14 eskari barri), danetara, 308 liburu barri (igaz baino 37 gitxiago) eta 69 disko (igaz baino bost gehiago) izango dira.
Josune Ariztondo Bizkaiko Aldundiko kultura diputaduak aurkezpenean nabarmendu dau, alor askotan egoera ekonomiko larriak aurrekontu murrizketea eragingo dauela kultura alorrean, baina euskal kulturaren dinamizatzaile eta integratzaile legez dauen garrantzia kontuan hartuta, sekula baino beharrezkoa dala Durangoko Azokea. Jon Irazabal azokako zuzendariak azaldu dauenez, iazko aurrekontuaren parekoa izango dau Liburu eta Disko Azokak aurten: milioe erdi euro ingurukoa.
Kultura kataluniarra da 2009ko azokako konbidatua, eta aurkezpenean Institut Ramon Llull erakundeko Josep Bargalló zuzendariak nabarmendu dau, euskeraz eta katalanezko literaturen hartu-emon sendoetarako lehenengo pausua dala abenduaren 4tik 8rako ekitaldiakaz abiatutakoa. Nerea Mujika Gerediaga Alkarteko buruak adierazo dau egitaraua alkarlan horren emoitzea izango dala. Alkarlan horren sinbolo legez, Olmako tximiniaren ondoan Kataluniako casteller tradizionala eregi dau Bartzelonako Unibersidade Autonomoko taldeak, prentsaurrekoaren ostean.
Danetara, sei gune izango dira:
- Landakogunea.
- Ahotsenea (sortzaileen eta publikoaren arteko hartu-emon zuzenerako gunea).
- Haur Literatur Aretoa (Berbarok kudeatutako etorkizuneko irakurleen gunea).
- Aurkezpen gunea.
- Herria (San Agustin eta Andra Marian izango diran kultur ekitaldiak).
- On-line gunea (www.durangokoazoka.com helbidean, zuzenean emongo ditue azokako ekitaldiak lehenengoz).
Argizaiola omen-saria
Lehenengo andereño guztiei zuzenduta, Ikastolen sortze garaian lanean ibilitako bost ordezkarik jasoko dabe Argizaiola. Izaskun Arrue (Araba), Libe Goñi (Iparraldea), Izaskun Gastesi (Nafarroa), Karmele Esnal (Gipuzkoa) eta Begoña Aranguren (Bizkaia) izango dira saria jasoko dabenak. Abenduaren 5ean, 20:30etan San Agustin kulturgunean izango da.
Gerediaga 1992an beste garai batzuetan zenbait persona eta erakundek euskera eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatzeko 'Durangoko argizaiola omen-saria' emoten hasi zan. Sari hau Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan emoten da urtero.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!