Unai Elorriaga: 'Garenak gara gure aurrekoek diktadurea bizi izan dabelako'

Karolina Almagia 2009-11-16 11:07   Barriketan
Idazle getxotarra

'Londres kartoizkoa da' (Joseba Jaka Beka) izenburukoa da Unai Elorriagaren (Algorta, 1973) laugarren eleberria, 'SPrako tranbia' (2001) -Espainiako Narratiba Saria irabazi ebana- , 'Van’t Hoffen ilea' (2003) eta 'Vredaman' (2005) ondoren. Aurrekoakaz konparauta, oso bestelakoa da azken liburu hau, bai idazkeran, bai gaian bai eta egituran. Diktadurea, krudelkeria, gomutak, bildurrak eta zauriak agertzen dira bape erosoa ez dan eleberri honetan.


1.- Liburu honegaz, barrikuntza osoa emon deutsazula zure obreari esan dau Elkar argitaletxeak. Zeuk be uste dozu hori? Apropos egindako zeozer izan al da?

Esango neuke pausu txiker bat emon dodala nire idazteko moduari begira. Ez dakit pausu hori zuzena ala okerra dan, ezkerretara ala eskumatara desbideratu nazen, estropezu egingo dodan metro batzuk harago. Halan eta guzti be, ahalegina egin dot lehengo lekuan ez lotzeko. Bestetik, bai, beren-beregi eginikoa da. Liburuagaz lau urte emon eta gero, gauza gitxi dago beren-beregi egin ez diranak (ondo ala txarto). Hasikeratik dago dana pentsauta (ondo ala txarto); tartean estiloa eta gaiak aldatzearen kontua.


2.- Nobelea hasi eta dana jazoten da teilatu baten gainean. Zeozer alegorikoa al da? Zergaitik teilatuak?

Teilatuetatik ikuspegi diferentea dago. Diferente ikusten da mundua: batzuetan txikerrago eta beste batzuetan handiago. Ganera, gauza inportante bat kontetako aukerea emoten deust horrek: totalitarismoak jokerea daukala herrietako ezaugarri jakinak debekatzeko. Eta teilatuetan batzea da danik eta ezaugarririk markatuenetako bat.


3.- Diktadura politikoa dago istorioaren atzean. Zergaitik hurreratu nahi izan dozu gai horretara?

Guretzako esentziala dalako. Hau da, garenak gara gure aurrekoek diktadurea bizi izan dabelako. Eta diktadura-oste batean bizi izan garelako. Gure bizitza, zoritxarrez, gidatu dauen firuetako bat da diktadurea.


4.- Oso berezia da liburu hau, batez be kontetako eran, baina baita pertsonaien izen eta beste detaile askotan be. Zer lortu nahi zenduan horregaz guztiagaz?

Horregaz arrarotze bat lortu gura izan dot. Gauzak gertatu diran moduan eta hainbestetan kontau diran moduan kontetan badira, irakurlearen perzepzinoa lokartu egiten da, betiko lo-kantua entzuten dabilela pentsetan dau, hainbestetan kontau izan dana atzera entzuten dabilela, leloa balitz legez. Arrarotze horren bidez lortu gura dana da irakurlearen atentzinoa izartutea.


5.- Bildurra oso presente dago. Desosegua eragiten dau irakurketeak...

Eskertzen deutsut komentarioa. Hori dalako, izan be, bilatu dan gauzetako bat. Pelikula batean lortzea ez da horren gatxa, irudiak, soinua eta musikea daukielako horretarako, baina hori berori paper baten ganean lortzea ez da erraza.


6.- Tartean, argudio poliziako bat agertzen da. Zergatik sartu duzu elementu hori?

Jolas literario moduko bat da hori. Nobela baten barruan beste nobela bat. Azkenean lotzen dira biak, baina ezin da kontatu zelan. Irakurleak ikusi behar dau liburu osoa leidu eta gero.


7.- Idazten dozunean, zeure irakurle hipotetikoagaz akordetan al zara?

Bai, jakina. Batzuetan oso irakurle zorrotza da, beste batzuetan ez hainbeste; batzuetan oso irakurle fina da, beste batzuetan ez hainbeste; batzuetan oso irakurle sinisgogorra da, beste batzuetan ez hainbeste… Pasarte bakotxak bere irakurle mota dauka.


8.- Zeintzuk izan dira zure erreferentzia literarioak liburu hau idazterakoan?

Asko dira erreferentziak, baina esango neuke kapitulu bakotxean agertzen diran zitetako batzuk behintzat badirala.


9.- Zelan aldatu da zure bizitza Espainako Sari Nazionala emon eutsuenetik?

Ate asko zabaldu deustez. Ateak ez eze, leihoak be zabadu eustazan. Baina gero idazleak egin behar dau bidea, eta ahalegin horretan nabil. Eta problemarik ez bada, urte batzuk egingo dodaz horretan.


10.- SPrako Tranbia zinemara heldu zan. Zer iruditu jatzun?

Zure eskuetatik kanpo dagoan proiektu bat danean beti gertatzen dana gertatu jat: gauza batzuk asko gustau jatazan eta beste batzuk ez hainbeste. Halan eta guzti be, proiektuak eukitako baliabideei erreparau ezkero, nahiko emoitza duina izan zala begitantzen jat.


11.- Gustauko litxakizu zeure azken liburu hau pantailaratzea?

Beti da ederra baten batek zure ideia hartu eta proiektu barriak asmetan dituanean. Horrek asko esan gura dau. Horrek esan gura dau, besteak beste, zuk idatzirikoak zeozer eragin deutsala… Egia esateko, batek baino gehiagok esan deust oso liburu zinematografikoa dala hau. Ikusiko dogu…

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu