Sustrai Colina eta Amets Arzallus lehenengo; faborito asko artega

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2009-11-16 09:47   Bertsolaritzea

Zapatuan jokatu zan Tolosan lehenengo bueltako bigarren finalaurrekoa. I. Elortzari zortziko txikerreko bertsoko potoak hogei puntu kenduko eutsozan gitxienez. Saioa irabazteko behar zituanak justu. Bestalde, atzoko Hendaiako saioko puntuazino altua ikusi eta gero, bizkaitarrek finalean sartzen gatx izango dabe.

Zapatuan jokatu zan Tolosan lehenengo bueltako bigarren finalaurrekoa. Nahiz eta Usabal kiroldegiak 1.700 pertsonarentzat lekua izan, bertaratu ziran guztiak ez ziran kabidu. Seinale ona barriro be. Bertsolariek ordena honetan urten eben kantetan: Uxue Alberdi, Iker Zubeldia, Sustrai Colina, Igor Elortza, Iñaki Gurrutxaga eta Ainhoa Agirreazaldegi.

S. Colina ofizioetan igarri neban ondoen, baina indarrak bigarren faserako gorde dituan sentzasinoagaz itxi ninduan. Tolosan, gehien irabazi ebana U. Alberdi izan zan. Gero eta gehiago kontau eta gero eta gehiago josten ditu bere bertsoak. Barriro dinot: literatureak asko lagundu eta lagunduko deutso horretan. Bere kartzelako lehenengo bertsoa danetatik gehien gustau jatan. I. Elortzari zortziko txikerreko bertsoko potoak hogei puntu kenduko eutsozan gitxienez. Saioa irabazteko behar zituanak justu.

I. Gurrutxaga puntu erantzunakaz itzartu zan eta zortziko handian eta txikerrean puntu inportanteak galdu zituan. Hata guzti be, finalaurrekoen bigarren bueltan ikusiko dogu. A. Agirreazaldegik eta I. Zubeldiak ezin izan eben besteen martxea segidu. Nire eretxian, final laurdenetan baino beheratxoago ibili ziran.

Zortziko handian U. Alberdiren beharra aitatu behar da. Bertsoa sano ondo janzten dau. S. Colinak I. Elortzagaz egindakoa be ederra izan zan. Urruñarraren izen tartekatzea elegantea eta durangarraren erantzunak neurrikoak. Zortziko txikerrean I. Zubeldiaren eta S. Colinaren ofizioa izan zan txalotuena. Izan be, esan leiteke eurentzat berenberegi egindako ofizioa izan zala. Lehenengoaren golpeak eta bigarrenaren ironiak osotu eben neurri txikiak behar ebana. Sustrai, sano ondo barriro be ondokoari ondo erantzunez. Azkenean, www.bertsoa.com eta www.bertsoplaza.tv webguneek patrozinau egin beharko nabe, baina asteon be bertan eukiko dozuez ofizio hori eta beste guztiak.

Puntu-erantzunari jagokonez, Zubeldiaren hirugarrena ederra izan zan. I. Elortza ez zan fin ibili eta puntu-erantzun baten problemak izan zituan. Iñaki Gurrutxagaren hirugarrena, galanta. Seiko laburrean, barriz, Uxuek eta Igorrek egin eben ofizio osoena. Elgoibartarraren bigarren eta hirugarren bertsoak eder eta josiak izan ziran eta durangarraren lehenengoa be bere nibelekoa.

Bakarrekoan putetxeko aparkalekutik kotxea arrankau dauenaren papelean kantau behar izan eben bertsolariek. Igorrek Bizkaiko Txapelketako doinuagaz segiduten dau, Laboaren Izarren hautsa dalakoagaz, hain zuzen be. Patxadaz osotu zituen bere hiru bertsoak, baina, batez be, bigarrena. Lehen be esan dot, baina U. Alberdiren lehenengo bertsoa barriro entzun beharrekoa da.

Puntuak, honexek:

Sustrai Colina 646
Uxue Alberdi 637,5
Igor Elortza 629
Iñaki Gurrutxaga 626
Ainhoa Agirreazaldegi 594
Iker Zubeldia 591


Hendaiako saioa

Atzoko saioko puntuazino altua ikusi eta gero, bizkaitarrek finalean sartzen gatx izango dabe. Izan be, Beltzenia pilotalekuan jokatu zan azkeneko finalaurrekoak diferentzia handiak itxi ditu sailkatu diran bertsolari batzuen artean. Bost bizkaitarrek egingo dabe aurrera: Jone Uria, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Igor Elortza eta Unai Iturriaga; kanpoan parauko diranak, barriz, honexek: Xabier Paya, Etxahun Lekue eta Fredi Paia.

1.600 bertsozale aurrean zirala urten eben bertsolariok oholtza ganera: Jone Uria, Julio Soto, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Jon Maia.

Barriro be, katedradun errepikatzaileak BECarioen aurretik. Oraingoan, ostera, BECario guztiek daukie finalean sartzeko oportunidadea. A. Arzallus eta J. Maia maisuak beste nibel baten dagoz, ondo merezidutako puntuak aldean daroezela. A. Sarriegik saio polita egin eban, ez erregularra, baina bai golpe handiduna. Julio Sotok, atzera be, bertsoak josteko daukan gaitasuna erakutsi eban. Onintza Enbeita gero eta hobeto dabil kantetan eta Jone Uria final-laurdenetan gehiago gustau jatan.

Zortziko handian A. Arzallusen eta A. Sarriegiren beharra aitatu behar da. Asko gustau jatan zelan akabau eben bien arteko barriketea. O. Enbeita eta J. Maia be sano soltu ibili ziran, muxikarraren lehenengo bertso biak ederrak. Zortziko txikerrean A. Sarriegik, J. Sotogaz kantari, umorerako daukan erreztasuna erakutsi eban eta J. Maiak ofizio polita egin J. Uriagaz. Horrenbestekoak izan ziran A. Arzallusen eta O. Enbeitaren lehenengo bertsoak be.

Puntu erantzunetan denek itxi eben bertso ederren bat, baina, batez be, A. Arzallusen lehenengoa gustau jatan. J. Maiaren erregulartasuna be aitatzekoa da. Seiko laburreko ariketak sano puntuatuak izan ziran atzokoan. J. Maia, J. Uria eta A. Arzallus, puntuatuenak. Bakarrekora pasauta, honakoa izan zan gaia: 'Etxeko balkoian 'salgai' kartela zintzilakatzen ari zara'. Saio osoena J. Maiarena izan zan; A. Arzallusen lehenengo biak be eleganteak. Julio Sotoren jositako bakarrekoa be altu puntuatua izan zan.

Hendaiako saioko danak pasauko dira hurrengo fasera puntuazinookaz:

Amets Arzallus 704
Jon Maia 679
Julio Soto 652,5
Aitor Sarriegi 651
Jone Uria 634
Onintza Enbeita 631


Finalaurrekoak: 2. itzulirako sailkapena

Maialen Lujanbio (Bergarako saioan lehenengoa) 708,5
Miren Amuriza (Gasteizko saioan lehenengoa) 655,5
Sustrai Colina (Tolosako saioan lehenengoa) 646,0
Amets Arzallus (Hendaiako saioan lehenengoa) 704,0
1 Aitor Mendiluze 680,0
2 Jon Maia 679,0
3 Julio Soto 652,5
4 Aitor Sarriegi 651,0
5 Beñat Gaztelumendi 644,5
6 Iñaki Zelaia 643,5
7 Uxue Alberdi 637,5
8 Jone Uria 634,0
9 Onintza Enbeita 631,5
10 Arkaitz Estiballes 630,5
11 Igor Elortza 629,0
12 Unai Iturriaga 626,0
13 Iñaki Gurrutxaga 626,0
14 Jon Martin 619,0

Saioak

Gernika2009-11-21 Iruñea2009-11-22 Donostia2009-11-29
Sustrai Colina Amets Arzallus Maialen Lujanbio
Miren Amuriza Aitor Mendiluze Jon Maia
Beñat Gaztelumendi Julio Soto Aitor Sarriegi
Jone Uria Iñaki Zelaia Uxue Alberdi
Igor Elortza Onintza Enbeita Arkaitz Estiballes
Jon Martin Unai Iturriaga Iñaki Gurrutxaga

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu