Zemendiaren 18an ekingo jako 'Kuadrillaz kuadrilla euskeraz' ekimenari

Bizkaie! 2009-11-12 10:19   Euskerea berbagai

Arabako kuadrilla guztietara euskerearen erabilera sozialaren aldeko mezua zabaltzeko 'Kuadrillaz kuadrilla euskeraz' ekimena jarriko dau martxan Ziurtagiriaren Alkarteak Arabako Foru Aldundiaren laguntzinoagaz.

Arabako kuadrilla guztietara euskerearen erabilera sozialaren aldeko mezua zabaltzeko 'Kuadrillaz kuadrilla euskeraz' ekimena jarriko dau martxan Ziurtagiriaren Alkarteak Arabako Foru Aldundiaren laguntzinoagaz. Programea aurrera eroateko kuadrilletako euskera teknikariakaz eta zenbait enpresagaz alkarlanean dabil Ziurtagiriaren Alkartea. Izan be, helburu nagusia Arabako arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea da. Azken batean, hizkuntzearen normalizazinoan eragin nahi da modu erakargarri eta parte-hartzailean.

2009ko zemendiaren 18an emongo jako hasierea programeari, Zuiako kuadrillan egingo dan saioan. Kuadrilla guztietan egitaraua antzekoa izango da, baina entidadeak eta euskera teknikariak aldatu egingo dira. Izan be, tokian tokiko errealidadeari emon gura jako garrantzia eta tokian tokiko testigantzak jaso nahi dira.

Saio guztiak antzerkiagaz hasiko dira. Araban, bertako kuadrilletan eta euren arlo sozio-ekonomikoan euskerearen egoerea zein dan adierazoteko umorez bustitako antzerki lana preparau dau Ortzai taldeak. Antzerkiaren ondoren, kuadrilla bakotxean euskerearen egoerea zelakoa dan erakusten daben datuak aurkeztuko ditue tokian tokiko euskera teknikariek. Ondoren, leku bakotxeko pare bat enpresek euskerea euren jardueretan txertatzeak enpresearentzat nahiz gizarte osoarentzat zein onura dakarzan azalduko dabe. Azkenik, Ziurtagiriaren Alkarteak euskerearen egoerea oro har zelakoa dan eta arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko Ziurtagiriaren Alkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez zelako lana egiten dauen azalduko dau.

Hizlariek amaitu ostean, bertaratutako guztiek hartu ahal izango dabe parte mahai-inguruan. Saioa amaitzeko, pare bat minutuko azken aitamena egingo dabe antzezleek. Horrezaz gan, saioetara hurreratzen diran guztiek ideien lehiaketan parte hartzeko aukerea izango dabe.

Proiektua pilotua danez, Arabako lau kuadrillatan egingo dira aurtengo saioak. Edegiak eta dobakoak dira saioak.

Hona hemen saioen egutegia:

* Zemendiak 18: Zuiako kuadrilla (Zigoitiko zentro soziokulturala - Ondategi).
* Zemendiak 19: Aiarako kuadrilla (Laudiko Lanbide Heziketako zentroa).
* Zemendiak 26: Aguraingo kuadrilla (Asparrengo udaletxea - Araia).
* Abenduak 1: Arabar Errioxako kuadrilla.

'Kuadrillaz kuadrilla euskeraz' ekimenaren amaierako saioa Gasteizko Artiumen egingo da, Bai Euskarari Ziurtagiriaren urteroko ekitaldi nagusiaren barruan, abenduaren 14an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu