Behatokiak bere proiektua aurkeztu dau Bretainian

Bizkaie! 2009-11-11 17:27   Euskerea berbagai

Ondorio bat atara dabe Bretainian diran Behatokiko ordezkariek: 'Asko gara hizkuntza gitxiagotuetako kide, lan handia egiten ari gara geure hizkuntzen berreskurapenerako, eta batasunak indar handiagoa emongo deusku geure hizkuntza-eskubideen defentsan'.

Hizkuntza eta kulturen eskualde-arteko 19. topaketetan parte hartu dabe Behatokiko ordezkari Paul Bilbaok eta Ione Josiék Bretainian, bertako erakundeek konbidauta.

Topaketok bi urterik behin antolatzen dira eta Frantziako Estaduko berezko hizkuntza gitxiagotuetako ordezkariek parte hartzen dabe. Aurten Euskal Herriko ordezkaritzaz gan, Bretainia, Okzitania, Herrialde Katalanak, Alsazia, Guayana, Martinika eta Reunion herrietakoak be izan dira.

Paul Bilbao zuzendariak Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren egitekoei buruzko berbaldia eskaini dau. 'Behatokia sortu zanetik, egiaztatu ahal izan dogu gure herritik kanpo miretsi egiten dabela gure lana'. Izan be, Behatokiaren bertsino bretoia abian jarteko asmotan dagozalakoan konbidau ditue Euskal Herriko ordezkariak. 'Behatokiaren metodologia, zorroztasuna eta eraginkortasuna balioetsi dabe partaideek, eta Bretainian be holako ekimen baten beharra agirian jarri dabe', azaldu dau Bilbaok. Are gehiago, Alsaziatik be begi onez ikusi dabe Behatokiaren lana, eta informazinoa eskatu deutsee Euskal Herriko ordezkariei.

Bestalde, Ione Josié Behatokiko iparraldeko arduradunak azken bi urteotan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abian jarritako proiektuak azaldu ditu. 'Frantziako Estaduko hizkuntza gitxiagotuetako ordezkariei ez jake arrotza subertatu aurkeztutakoa, baina harridurea agertu dabe Behatokiak erakunde publikoetatik jasotako erantzunakaz', azaldu dau Josiék.

Horregaz batera, Behatokiko iparraldeko arduradunak mahai gainean jarri nahi izan dau Frantziako Konstituzinoaren 75. artikuluaren aldaketak ez dauela ezelako aldaketarik sortu euskaldunon hizkuntza-eskubideei jagokenez: 'Behatokia hasieratik agertu zan kritiko Konstituzinoaren aldaketeagaz, baina azken hilebeteotan Frantziako instituzinoek berretsi egin deuskuez gure kezkak. Beraz, gu lako beste hizkuntza gitxiagotuetako ordezkariak Estaduak egindako iruzurraz ohartarazo nahi genduzan', adierazo dau Josiék.

Bost eguneko topaketetan Bretainian abian jarritako hainbat ekimen be aurkeztu ditue, besteak beste, Ar Redadeg (Korrika), Ya d'ar Brezhoneg (Bai Euskarari ziurtagiria) etab. Hainbatetan Euskal Herrian sortutako proiektuak izan badira be, Behatokiko ordezkariek jakinarazo deutsee azken hilebeteotan abian jarritako zenbait dinamika eurek hasitakoaren jarraipena izan dirala. 'Oraintsu Behatokia La Poste erakundeagaz hartu-emonetan hasi da euskerazko toponimoak onartzeko, eta horretarako Bretainian abiatutako dinamika bati jarraitu deutsagu', azaldu dau Bilbaok.

Bestelako gaietan be Behatokiak parte hartu dau, eta besteak beste, France 3 kateak azken boladan euskaldunakazko erakutsi dauen mespretxua jakinarazo dau Josiék: 'Urtean zehar euskerazko bost ordu emotetik, bi ordura bajatu dabe; eta horrek erakusten dau ondare berbearen esanahi praktikoa'.

Kontuak kontu, ondorio bat atara dabe Bretainian diran Behatokiko ordezkariek: 'Asko gara hizkuntza gitxiagotuetako kide, lan handia egiten ari gara geure hizkuntzen berreskurapenerako, eta batasunak indar handiagoa emongo deusku geure hizkuntza-eskubideen defentsan'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu