Adorez 11 hiztegia didaktikoa izateko jaio da
2009-11-11 14:40 Euskerea berbagaiBostak Bat kultura taldeak Adorez 11 Hiztegia argitaratu dau, urteko hamaikagarren hilabetearen hamaikan, goizeko hamaiketan, Bilboko Elkar Megadenda liburudendan.
Bostak Bat kultura taldeak Adorez 11 Hiztegia argitaratu dau, urteko hamaikagarren hilabetearen hamaikan, goizeko hamaiketan, Bilboko Elkar Megadenda liburudendan. Bertan izan dira, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburua, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko burua, Juan Luis Goikoetxea, Patxi Uribarren, Atotz Goikoetxea, Txomin Solabarrieta eta Luis Baraiazarra.
'Argitaratu barri dogun hiztegi hau, igaz, Bostak Bat kultura taldeak argitaratu eban lehen hiztegiaren (Sinonimoen hiztegia-1983) hogeita bosgarren urtea burutzean kaleratzekoa zan', azaldu dau Uribarrenek. Baina, sasoi berean 'Euskaltzaindiak Hiztegi Batua berrargitaratu eban eta holako lan mardul batek urteetako ibilbidea izaten dauenez, eskura genduan gure basea Euskaltzaindiaren azken erabagien arabera jartea uste izan genduan egokiena'.
Ordutik hona pausu sendoak izan ditu euskal lexikologiak eta azken urte honeetan eskura jarri jakezan iturri berriak kontuan izanik aldaketa sakon bat emonda argitaratu dabe hiztegi hau. Itxura eta edukiak barriztauta agiri jakuz. 'Hiztegi honen helburua didaktikoa izatea da eta, horretarako, terminoen antolaketa ahalik eta errazen egiten ahalegindu gara; bestalde, liburuaren erdialdean, aditzaren tratamentua agiri da, bizkaieraz eta batuaz', zehaztu dau Atotz Goikoetxeak.
Metodologia eta edukiak
Hiztegiak alde desbardin bi (euskera-gaztelania eta castellano vasco) dituanez, bakotxa preparetako orduan metodologia berezia erabili da, bai berben aukeraketea egiterakoan, bai berba horreei emondako tratamentuan.
Euskera-gaztelania:
Sarreren aukeraketea:
- Euskaltzaindiak euskera baturako onartutako sarrera eta azpisarrera guztiak jasoten ahalegindu dira. Letra etzanez eskaintzen dira, ondo bereizita gera daitezan.
- Euskaltzaindiaren Euskara Baturako Lantaldeak baturako proponidutako sarrerak be jaso dira, oraindino Euskaltzaindiaren behin betiko onarpena beharko daben arren. Hauek ere letra etzanez eskaintzen dira ondoan [+] markeagaz.
- Bostak Bat taldeak orain dala urte batzuk euskerako berben maiztasunaren ganean egindako ikerketaren emoitzetan hedadura handikotzat joten diren guztiak jaso dira.
- Zientzia arloko sarrerei jagokenez, lehendik genduzanez ganera, euskal zientzialarien artean adostasuna daben sarrerak jaso dira, zalantzen kasuan Euskalterm-en proponidutakoa jasoz.
- Euskalkiei jagokenean, ahalegin berezia egin da erabilera handiko berba guztiei lekua egiten.
Sarreren tratamentua:
- Euskaltzaindiak onartutako sarrerak letra etzanez eskaintzen dira. Beste hainbeste egiten da Euskara Baturako lantaldeak proponidutakoetan be, baina honeetan [+] zeinuagaz.
- Euskaltzaindiak bere Hiztegi Batuan erabilten dituan zeinuak [e. /h./ikus] erabili dira. Ikus-en kasuetan esku zabalagoz jokatu dabe, berba zaharkituak, gotxi erabiliak, euskalki arlo oso mugatuan erabiliak-eta batuz.
- Sarrerei, jagokezan zehaztasun gramatikalak [.iz./izond./izlag.; ad. /adond./adlag.; esap. / interj. eta abar] ganeratu jakez. Landare eta animalien kasuetan, zientzia arloko definizinoak be jaso dira letra etzanez.
- Adierak Euskaltzaindiak proponidutako ordenan jarri dira, jasoten ez dituan kasuetan Orotariko Euskal Hiztegian dakarrenean jarten saiatuz, beti be zenbaki bidez bereizita.
- Adibideak, esanahia zehazteko, erabilera egokia zein dan adierazteko eta kultura transmitiduteko erabili izan dira. Lehen partea letra beltzez eta gaztelaniako ordezkoa letra normalez eskaini dira erraz topetako.
Gaztelania-euskera:
Sarreren aukeraketea:
- Lehendik genduzanak aztertu dira, eta desegokitasunik ikusi danean zuzentzen ahaleginduz.
- Erdal Akademiak argitaratutako Diccionario Escolar deritxanean datozan sarrera gehienak (amerikanismoak izan ezik) jaso dira.
- Hezkuntza Ministerioak unibersidade aurreko irakaskuntza-mailetarako proponidutako lexiko osoa jaso da.
- Horreez ganera, oinarrizko hiztegi batzuetan adostasun handiz onartuta agiri diran berbak jaso dira.
- Zientzia arloko berben kasuan, gure datu-basea merkaduko hiztegiakaz eta Euskalterm-en eskaintzen dan datu baseagaz erkatu da, eta adostasun handiko hitz guztiak jaso dira. Halanda be, goragoko mailakotzat joz, LAROUSSE-n Gran Diccionario deritxanean agertzen ez diranak kanpo itxi dira.
Sarreren tratamentua:
- Adierak emoterakoan erdal akademiak proponidutako ordena zaindu dabe, zenbaki bidez bereizita.
- Adibideak, esanahia zehazteko, erabilera egokia zein dan adierazoteko eta kulturea transmitiduteko erabili dira. Lehen partea letra beltzez eta gaztelaniako ordezkoa letra normalez eskaini dira erraz topetako.
- Gaztelaniatik euskerarako ordezkoak Euskaltzaindiak onartutako berbak diranean, letra etzanez eta handiagoz jaso dira, horreek euskera baturako honezkero onartuta izan dirala adierazoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!