Etxe: 'letrak tristeak izan arren, kantak ez dira zertan tristeak izan'
2009-11-09 11:28 BarriketanMusikari berriztarra
Lehenengo maketea autoedizinoa izan zan eta, ondoren, lehenengo diskoa etorri zan. Orain, bigarren diskoa aurkeztu dau Iñaki Etxezarraga 'Etxe'-k (Berriz, 1984-05-24), 'Heldu eskutik' izenekoa (Baga-biga diskoetxeagaz). Etxek eskua luzatzen deusku, gugaz egin gura dau rockaren eta poparen bideak ezagutzera eroango deuskun bidaia. Kantak sentimentuz josita dagoz, orain alaiak, orain tristeak. Alaitasunaren eta tristeziaren arteko batuketak rock musikaz zipriztindu eta bizitzaren arpegi ona erakusten ahalegindu da, tristeziak erakusten deuskuna poztasunez eroaten.
1.- Bai maketarako zein bi diskoetarako aukeratutako izenburuak oso adierazgarriak dira eta alkarren artean loturea daukie.
Lehenengo maketearen izenburua 'Zatoz nirekin' izan zan, baita lehenengo kantearen izenburua be. Gero, lehenengo diskoa 'Bidea eginez' izan zan eta, orain, bigarrena, 'Heldu eskutik'. Hor badago zeozelako buztarketea lortzeko helburua artistearen eta publikoaren artean, baita entzulearen edota ikuslearen artean be, eta horretan sakondu gura izan dot beti.
2.- Aurreko lanen kutsu malenkoniatsua albo batera itxi eta ikutu rockeroagoagaz zatoz oraingoan. Zergaitik aldaketa hori?
Orain arteko kontzertuetan, zeozer falta jakula igarten hasi ginan, gorputzak mobimentu gehiagoko zeozer egitea eskatzen euskun. Orain, disko barriaren zuzenekoak preparetan gagozala, giro hobea igarten dogu lokalean, indar gehiagogaz gagoz, aldaketarako gogoagaz. Askotan esaten da denporeagaz lasaitzen jaoten dala... bada, guk kontrako bidea egin dogu. Urtebete egon gara isil-isilik lan egiten lokalean eta etxean. Gero, estudioan, hilebete bi pasatxo emon doguz grabazinoak egiten Jon Olabarriagaz lanean. Lagun arteko lana izan da eta trankil ibili gara. Emoitzeagaz oso gustura gagoz.
3.- Baina, tarteka, kantei tristezia ikutuak be igarten jake, batez be berbatan.
Bai. Doinu alaiak egon arren, kanten letrei erreparau ezkero, ikutu triste edo malenkoniatsua topauko dogu. Azken batean, gai ugari sartu dodaz eta, tarteka, triste be egon nazan legez, bada kanta tristeak be badagoz. Egia esateko, hasieran disko alaia egitea zan amesa baina, tartean, zenbait pasarte triste bizi izan dodaz, irailean hil jatan anaiaren heriotza, kasurako; sentimentu horreek islatu dodaz lanean.
Momentu bakotxean, gorputzak gauza bat edo bestea sortzeko eskatzen deutsu. Letrak kantak sortu ostean idazten dodaz eta letrak tristeak izan arren, kantak ez dira zertan tristeak izan.
4.- Zerk jarten dau alai Etxe eta zerk triste?
Ni musikeak jarten nau alai eta triste injustiziak.
5.- Etxek beti egiten deutso tartea maitasunari. Maitasunak mobiduten dau mundua?
Maitasuna oso berba zabala da. Nik herria maite dot, musikea maite dot, nire gitarrea maite dot, lagunak maite dodaz, joan barri jatan anaia maite dot. Horregaitik, maitasuna agiri da diskoan, baina zentzu zabalean eta horrek puntu gazi-gozoa eskaintzen deutso lanari, kanta alaiak tristeakaz nahastauta dagoz eta, batzuetan, baladatxuren bat be sartzen dot. Baina gauzak tristeziaz eta malenkoniaz idatzi arren, musika aldetik ikutu alaiagoa emoten ahalegindu naz eta hori da bialdu gura dodan mezua: txarto pasetan nago baina aurre egin behar jake momentu txarrei eta ez dago atzera begiratzerik; aurrera, etorkizunera begiratu behar da.
6.- Disko honetan zure bizitzan oso garrantzitsuak izan diran gizonezko bi omendu dozuz: Mikel Laboa eta anaia.
Diskoa preparetan hasi eta berehala jaso neban Laboaren heriotzearen barri eta zeozer eskaini behar neutsala sentidu neban. Kanta alaia sortu neban, hasieratik argi neukalako Laboaren inguruko kanteak alaia izan behar ebala, ez tristea, heriotza bat ez da inoiz albiste alaia baina nik alaitasunez gogoratzen dot Laboa. Niri, Mikel Laboak asko emon deust, asko entzun dot bere musikea eta uste dot, kanta honegaz, beragandik jasotako poztasuna transmitidu dodala. Horretarako, bere kanta batetako berbak oinarri hartuta sortu dodaz nik be berbak.
Bestalde, behin diskoa eginda neukanean, anaia hil jatan eta eginda neukan kanta bat moldatu neban haren omenez. Ganera, diskoa zemendiaren 3an kaleratu gura izan dot, bere urtebetetze egunean, eta opari moduan egin dot aurkezpena gaur.
7.- Beste gizonezko bik be parte hartzen dabe lanean...
Bai, Anje Duhaldek eta Roberto Mosok. Nik Anje Duhalde eta Zarama betidanik jaso izan dodaz. Nik askotan esaten dot musikalki hamar urte zaharragoa nazala edo hamar urte berandu jaio nintzala. Oso zalea naz larogeta hamargarren hamarkadearen hasieran entzuten ziran taldeena, Zarama, Doctor Deseo, Hertzainak... eta sasoi horretako talde ugari. Uste dot anaia nagusien eraginez izan dala hori eta eskertzen deutset.
'Ametsak betetzen' kantan Roberto Mosok parte hartu dau eta lan horregaz erakutsi gura dodana da nik musikeagaz beteten dodazala nire amesak. Zarama eszenatokietara bueltau eta zuzenean ikusi nituanean, emozionau eta Robertogaz kontaktuan jarri nintzan alkarregaz zeozer egiteko eta niretzat plazer handia izan da disko honetan Roberto Mosok parte hartu izana.
Anje Duhalderi jagokonean, kanta bat egin neban, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko alkarrizketa antzeko bat irudikatzen ebana, eta Anjeri kanta horretan parte hartzeko proposamena egin neutsanean baiezkoa emon eta alkarlanean jardun dogu. Kantea 'Lurralde bakarra' izenekoa da.
8.- Kanta baten izenburua ingelesez dago: 'I have a dream'?
Izenburua ingelesez egon arren, kantea euskeraz dago. Sorkuntza aldetik nahiko inspirauta egon naz disko hau egiterako orduan eta, ganera, Iñaki Elortzak kanta bi eskaini eustazan, horreetako bat horixe. Kanpoan gelditu diran nire kantak lasaiagoak ziran eta berak eskainitako biek arreta berezia erakarten eben, horregaitik sartu doguz diskoan.
Kanta hori hainbat urtetan Estadu Batuetan torturak eta zapalkuntzea jaso daben biztanleei eskainita dago, orain, Obama presidente izentau ondoren, zeozelako lasaitua hartu dabenei. Kanta horretan Martin Luther King-en berbaldi famatuaren zatitxu bat sartu dogu eta hortik dator kantearen izenburua.
9.- Kontzertuak emoten hasteko prest zagoze?
Bai. Zemendiaren 21ean Berrizko Kultur Etxean egongo gara; gero, 26an, Donostiako FNAC dendan eta, hurrengo egunean, 27an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian The Uski´s taldeagaz batera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!