Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza ikaragarri
2009-11-09 10:01 BertsolaritzeaBergarako saioak zera argitu euskun: txapelketako errepikatzaile katedradunak kokotekoak errepartidu zituela BECarioen artean. Gasteizen, Miren Amurizaren saio erregular eta kontrolatua aitatu behar da, onenen parekoa eta bere bakarreko bertsoak, barriz, barriro entzun beharrekoak.
Kronikeagaz hasi baino lehenago gauza bat esan gura deutsuet. Bihotz oneko bertsozale bat joan jakun zapatuan. Astebete be ez da Joanjo Zearretagaz berba egin nebala Txapelketa Nagusiaren ganean. Ez dot egundo ahaztuko ze ondo hartu ninduen egun horretan. Egunotan, baina, bururik altzau ezinda gabilz. Notiziak ingurukoak zelan itxi gaituen ikusita, bere familiakoei besarkada handiena agindu gura deutsiet Bizkaie!koen partetik. Aupa, Joanjo!
Labegaraieta kiroldegia jentez josita egoan (1.500 bertsozale inguru), Bergaran jokatu zan lehen finalaurrekoa ikusteko. Txapelketa honetan baten baino gehiagotan pasau dan moduan, jentea kanpoan parau zan saioa ikusi ezinda. Euskal Herriko Txapelketan igarten da, txapelketetan, behintzat, bertsozale kopurua gorantza doala eta aurreikuspenak sarritan apurtu egiten dirala.
Bertsolariek ordena honetan urten eben oholtza ganera: Fredi Paia, Etxahun Lekue, Aitor Mendiluze, Jon Martin, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi.
Nire eretxian, lehen saio honek zera argitu euskun: txapelketako errepikatzaile katedradunak kokotekoak errepartidu zituela BECarioen artean. Beñat Gaztelumendik baino ezin izan eban segidu, urrunetik bada be, Maialen Lujanbioren eta Aitor Mendiluzeren saioa. Hori bai, seguru nago Etxahun Lekue eta Fredi Paia ez zirala sano gustura ibili bertsotan. Jon Martin, barriz, bere teknika landua parau barik erakutsi euskun.
Etxahunen agurra asko gustau jatan. Saioaren aurretik mobilean egurra emoteko mezuak jaso zituala eta, eurena ez zala oilar-burrukea kantau eban eta holantxe akabau eban bertsoa: egurra emon dezagun seirok / baina elkarri lagunduta. Maialenek be polito esplikau eban azken urteetako gure herriaren ibilbidea.
Ofizioetan A. Mendiluze sano seguru ikusi neban. M. Lujanbio arean irregularrago, baina bertso baten baino gehiagotan, ondo mereziduta, gora eta gora egin eban puntuazinoak. Teknikatik harago eroaten dau bertsoa eta hori puntuetan derrigor igarri behar da. Beñat Gaztelumendigaz batera kantau eban hurrengo bertsoa neska bat bortxatu dauen mutil baten amaren papelean:
Eska dezaket errukia edo / belaunikatu lurrean / baina 'barkatu' ze hitz hutsa den / heriotzaren aurrean.
Maialen bera eta J. Martin zortziko txikerrean ebilzala mikroak argi barik parau eta Martinek publikoaren boza euki eban lagun bere bertsoa errepetiduteko orduan.
Puntu erantzunean, harrituta parau nintzan A. Mendiluzeren beharragaz. Gatx egongo da berak bestean puntuari erantzuten. Seiko laburra be M. Lujabio eta A. Mendiluzerena izan zan; bakarrekoa, barriz, Maialenena, gertakarira ailegau barri dan argazkilariaren papelean. Hau dana hobeto aituteko, asteon, www.bertsoa.com webgunean izango dozue hau saioau osorik Gasteizkoagaz batera.
Bergarako puntuazinoak, honexek:
1 Maialen Lujanbio 708,5
2 Aitor Mendiluze 680
3 Beñat Gaztelumendi 644,5
4 Jon Martin 619
5 Etxahun Lekue607,5
6 Fredi Paia 596
Gasteizko final aurrekoa
Bertsolariek ordena honetan urten eben kantetan publiko aurrera: Xabier Paya, Arkaitz Estiballes, Unai Iturriaga, Iñaki Zelaia, Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza.
Jentez ganezka egoan (1.200 bertsozale inguru) Gasteizko Europa pabiloian kontrako sentzasinoak bizi izan genduzan. Alderdi batetik, Miren Amurizaren saio erregular eta kontrolatua: onenen parekoa eta bere bakarreko bertsoak, barriz, barriro entzun beharrekoak. Bestetik, Unai Iturriagaren azertau ezina. Pabiloi osoak igarri eta sentidu ebana.
I. Zelaiaren txapelketea ikaragarria izaten dabil. Arriagan be harritu ninduala esan neban, baina berarena ez da kasualidadea: finalean kantetako beste kandidatu bat. Bere puntu erantzunak eta bere seiko laburreko lehen bertsoa galantak izan ziran. A. Estiballesen urterik urteko aurrerakadearen lekukoak izan gara. Ofizioetan gustura dabil eta bakarrekoak gero eta hobeto edertzen ditu. Kontuz beragaz.
X. Paya ez neban gustura igarri igazko Bizkaiko finalean eta Txapelketa Nagusian bez. Hori baino askoz hobeto egiten badaki algortarrak askotan erakutsi deuskun legez. Saioko suberte txarra M. Arzallusengana ondoratu zan. Patxadaz hasi eban saioa zortziko handian eta txikerrean, baina puntuaren erantzunaren errimea txarto aitu eta puntuak hegaz egin eutsien. Seiko laburrean polito ibili zan baina, aurreko erratuaz konturatuta, bakarrekoan iparra galduta moduan ibili zan. Halan da be, seguru nago finalean sartzeko borrokan egoteko bertsolaria dana.
Akabetako, epaileen beharra aitatu gurako neuke. Nire eretxian, finalaurreko biak artez epaitu ditue. Orokorrean, txapelketa guztian egin daben moduan. Beti egongo da kaltetuen bat edo zer hobetu, baina hori fazil esaten da saioak bi-hiru bider entzun eta gero.
Gasteizko puntuazinoak:
1 Miren Amuriza 655,5
2 Iñaki Zelaia 643,5
3 Arkaitz Estiballes 630,5
4 Unai Iturriaga 626
5 Xabier Paya 616
6 Maddalen Arzallus 588
Lehen saio bietako irabazleak (M Lujanbio eta M. Amuriza) segiduan pasauko dira final erdietako bigarren fasera. Hurrengo saio bietako irabazleei be gauza bera pasauko jake. Besteak, puntuazinoei begira egon beharko dabe puntuazino gitxien lortzen daben sei bertsolariak bigarren fase barik parauko dira eta. Puntazinoak, hemen:
Aitor Mendiluze 680
Beñat Gaztelumendi 644,5
Iñaki Zelaia 643,5
Arkaitz Estiballes 630,5
Unai Iturriaga 626
Jon Martin 619
Xabier Paya 616
Etxahun Lekue 608
Fredi Paia 596
Maddalen Arzallus 588
Hurrengo saioak:
- Zemendiaren 14an, zapatuan, Tolosako Usabal kiroldegian, 17:30ean. Bertsolariak: Igor Elortza, Sustrai Colina, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi, Iñaki Gurrutxaga eta Ainhoa Agirreazaldegi. Aurkezlea: Saroi Jauregi.
- Zemendiaren 15ean, domekan, Hendaiako Beltzenia pelotalekuan, 17:30ean. Bertsolariak: Amets Arzallus, Jon Maia, Jone Uria, Aitor Sarriegi, Julio Soto eta Onintza Enbeita. Aurkezlea: Zuriñe Iarritu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!