UEUk 'Aldiri. Arkitektura eta abar', arkitektureari buruzko euskerazko lehen aldizkaria argitaratu dau
2009-11-05 17:47 Euskerea berbagaiUdako Euskal unibersidadeak (UEU) Donostian egin dau gaur aldizkariaren aurkezpena. Euskerea bide eraginkortzat hartuz, argitalpen barri honek kultura eta jakintza arkitektonikoaren zabalkundea dau helburu. Dagoeneko 0 alea kalean da, 'Hasiberriak. Arkitekto gazteon komeriak' izenburupean.
Udako Euskal unibersidadeak (UEU) Donostian egin dau gaur aldizkariaren aurkezpena. Euskerea bide eraginkortzat hartuz, argitalpen barri honek kultura eta jakintza arkitektonikoaren zabalkundea dau helburu. Dagoeneko 0 alea kalean da, 'Hasiberriak. Arkitekto gazteon komeriak' izenburupean.
Prentsaurrekoan Lore Erriondok, UEUko zuzendariak, Unai Fernandez de Betoño eta Ibai Gandiaga, arkitektoek eta Aldiriko zuzendariek hartu dabe parte.
Lore Erriondok hartu dau lehenengo hitza. UEUren zuzendariaren esanetan, testuliburuak, aldizkariak eta, oro har, idatzizko lanak oinarri dira edozein ezagutza transmitiduteko, bai eta hizkuntza bat guztiz garatzeko be. Bide horretan UEU aitzindari izan dala adierazo dau Erriondok, izan be, '1977. urtean gure lehen liburua egin genduanetik, 360 izenburu baino gehiago argitaratu doguz. Argiago esateko, unibersidade-mailako euskerazko liburuen laurena produzidu dogu. Eta hau lortzea gaur mahaian lagun dodazanen moduan, unibersitario euskaldun askoren konpromisoei esker izan da, bai eta UEUk gai honekazko dauen erantzukizunagaitik be. Hutsuneak beteten, unibersidade-ikasketak osotzen eta hizkuntzea eregiten saiatzen gara gure argitalpenen bidez. Aldizkariak, bereziki, euskerazko komunikazino zientifiko biziaren oinarri dira, eta bizitasun horren adierazle gaur Aldiri. Arkitektura eta abar jaiobarriaren bataio publikoa. Jaiobarriek dakarten ilusino eta guraso-harrotasun handienagaz gatoz'.
Jarraian, Unai Fernandez de Betoñok eta Ibai Gandiagak, Aldiri. Arkitektura eta abar aldizkarien zuzendariek, argitalpen barri honen zehetasunak emon ditue. 'Gure nahia arkitektura aldizkari bat sortzea da. Euskerea bide eraginkortzat hartuz, aldizkari honek kultura eta jakintza arkitektonikoaren zabalkundea dau helburu. Estilo bizia eta hurrekoa izan nahi dau. Bizia, euskeraz ikasi daben arkitekto barriei zuzendutako edukiak plazaratuko doguzalako. Hurrekoa, beste arkitektura aldizkarietan baztertuta gelditzen diran bertako gaiak (ezelan be interes gitxikoak) landuko doguzalako'.
Arkitektura euskalduna sustatzeko sortu da aldizkaria. Era berean, eretxi eta kritiken banaketaren foroa bihurtzeko asmoa dauen ekimena be bada. Jorratuko diran gaiak, besteak beste, arkitekturea, urigintzea, ekologia, energia barriztagarriak, diseinua, artea eta soziologia izango dira, beti be euskal gaiei lehentasuna emonez.
Bestetik, igaz, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoak 25 urte bete zituan; euskeraz emondako irakasgaiak, bestalde, orain hamar urte inguru hasi ziran apurka-apurka ezartzen, egun irakasgai guztiak euskeraz gauzatzea dagoalarik. Beraz, gure lurraldean bere ekimen profesionala gauzatzen daben teknikari askok irakaskuntzea euskeraz izan dabe eta, esangura horretan, munduaren Historian lehenengoz, euskeraz produzidu dan arkitekturaz hitz egin geinke. Horregaitik, normala eta logikoa iruditzen jaku pentsamendu horreei gauzatzeko espazio bat emotea, ikerkuntza eta garapena sustatuz.
Pentsamendua eta hizkuntzea eskutik datoz. Hizkuntza bat garatzeko orduan, ezinbestekoak doguz arlo tekniko eta artistikoan sortuko diran terminoak lantzea. Beraz, euskeraz produziduko dan euskal arkitekturearen beharrean gagoz eta itzulpenak erabilgarriak eta beharrezkoak iruditu arren, euskerazko produkzino bat lortzea da asmoa.
Talde murriztua izanik, euskal arkitektoei luzatuko deutsegu eskua, euren lana plazaratzeko. Holan ba, gure lurraldeko arkitektoek sail finko bat beteko dabe. Atal honetan, arkitektoen lan prozesua, euren pentsamendua eta besteak beste, euren proiekturik nabarmenenak aztertuko doguz.
Horrezaz gan, produziduko diran artikuluak eta idazkiak interneten jarriko doguz http://www.unibertsitatea.net/blogak/aldiri blogean, aldizkariaren kontrapartida digitalean. Holan irakurleen balizko iruzkinak jaso nahi dira, eztabaida edegia eta anitza sustatzeko asmoz.
Ezagutzaren produkzinoa da gure helburua. Xede hori helburu, copyleft lizentziak erabiliko doguz, ezagutzaren produkzinoa eta teknologia barriek ahalbideratzen daben zabalkundea bermatzeko nahian.
Arkitekturearen historian zehar, hainbat aldizkarik garaiko pentsamenduaren erakusleiho papera bete dabe. Gure helburua, arkitekturaren garaikidearen kritikarako foroa izatea da, beti be Euskal Herriaren errealidadeari erreparauta. Helburua, beraz, bikoitxa da: alde batetik ondorio 'fisiko' bat lortu nahi bada be (aldizkaria, objetuala, ukigarria), bestetik 'jakintza' bat produziduteko saiakera baten atzetik gabilz.
Funtsean, arkitekturea eta bere jarduerari tangentzialak diran arloak aztertu nahi dira, besteak beste, soziologia, urigintzea, ekologia, energia berriztagarriak, jasangarrintasuna, geografia, artea, diseinua, edo filosofia. Horretarako, arkitektoak ez eze, beste profesionalen ekarpenak bilatuko doguz.
Aldizkaria hiruhilabetekaria izango da, urtean 4 ale izango dira eta hainbat eredu jorratuko dira, berbarako, monografiak eta artikulu sortak. Harpidetzea 18 euro pagau beharko da (aldiri@ueu.org)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!