CAF-Elhuyar sariketea martxan dago

Bizkaie! 2009-11-05 16:48

Zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskerazko dibulgazinoa, kazetaritzea eta narrazio-lanak bultzatzeko helburuagaz, hiru kategoria egongo dira: 'Dibulgazino-artikulu originalak', 'Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoak' eta 'Zientzia-kazetaritzearen arloko lanak'.

Elhuyar Fundazinoak martxan jarri ditu CAF-Elhuyar sariak, CAF enpresearen babesagaz, zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskerazko dibulgazinoa, kazetaritzea eta narrazio-lanak bultzatzeko helburuagaz. Sariketa honek 15 urte bete zituan igaz eta, aldi barri bati hasierea emoteko amesagaz, aurten berrikuntza ugarigaz dator.

Antolatzaileek azaldu dabenez, hiru kategoria egongo dira: 'Dibulgazino-artikulu originalak', 'Gazteei zuzendutako zientzia-narrazinoak' eta 'Zientzia-kazetaritzearen arloko lanak'. Parte-hartzaileek 2010eko urtarrilaren 31ra arte izango dabe hareen lanak edozein kategoriatara bialtzeko aukerea.

'Dibulgazino-artikulu originalak' kategorian 2.000 euroko bi sari emongo dira inoz argitaratu bako dibulgazino-artikulu onenei; bata dibulgazio-artikulu orokorrari jagokona eta bestea egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluari jagokona.

'Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak' kategorian, 5.000 euroko sari bat izango da gazteei zuzendutako euskerazko literatur lan onena aurkezten dauenarentzat. Lan horreek zientzi edo teknologia-gaien presentzia izan beharko dabe.

Azkenik, 'Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak' kategorian, 2.000 euroko sari bat egongo da jokoan, eta 2009. urtean argitaratu diran kazetaritza-lanak aurkeztu ahal izango dira, edozein formatu eta generotakoak.

CAF-Elhuyar sari barriek Elhuyarren CAF-Elhuyar Sariak eta Basque Research Tesi Sariak ditue oinarri. CAF-Elhuyar Sariak zientzia-gaien euskerazko dibulgazinoa eta, batez be, idazle barriak sustatzeko sortu ziran; Tesi Sariak, barriz, euskal ikertzaile gazteen lanak ezagutarazoteko. CAF-Elhuyar Sari barriak sariketa bi horreek batu ditu, eta bi esparru barritara zabaldu da: gazteentzako zientzia-narrazino lanetara eta komunikabideek euskeraz egiten daben zientzia-kazetaritzara.

Epaimahaia zientzia eta teknologiako adituek zein literaturaren eta kazetaritzaren munduko adituek osotuko dabe eta 2010eko apirilaren 30a baino lehen jakinarazoko ditu irabazleak. CAF-Elhuyar sarietan parte hartzeko epea zemendiaren 1etik dago zabalik eta oinarriak www.elhuyar.org/zientziaren-komunikazioa webgunean dagoz eskuragarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu