Emakumeek Zuzendutako Zinemaren XIV. Erakusketea egingo da Bilbon gaurtik zemendiaren 14ra

Bizkaie! 2009-11-05 14:47

Aurten erakusketea inauguretako ardurea izango dauena zinema erotikoko zuzendari Erika Lust izango da. Gaur, hilak 5, iluntzeko 20:00etatik aurrera, zinema feminista eta pornografikoaren aukereari buruzko berbaldia emongo dau Lustek Lan Ekintzako ekitaldi-aretoan, 'Posiblea al da porno feministea?' izenburupean.

Emakumeek Zuzendutako Zinemaren XIV. Erakusketea izango da Bilbon gaurtik zemendiaren 14ra bitartean. Egunero, herrialde desbardinetako zuzendarien hamar film luze eta bederatzi film labur eskainiko dira Capitol zineman, 20:00etan.

Erakusketearen asmoa kalidadea eta barrikuntzea buztartzea da, nazinoarteko hainbat zinemalditan saritutako baina oraindino argitara ekarri bako filmak, film laburrak eta dokumentalak areto komertzialetan emonaz. Atzerriko hizkuntzetan dagozan film guztiak jatorrizko bertsinoan eta azpitituluakaz eskainiko dira.

Bilboko Udalaren Bardintasun, Lankidetza eta Hiritargo Sailak eta Simone de Beauvoir Alkarteak antolatu dabe erakusketea, BBK Fundazinoaren lankidetzeagaz.

Erakusketearen asmoa 'ikusezina ikusgai jartea da', emakumeen begirada desbardinak Bilboko publikoaren eta zinema-munduaren esku jarriz. Hori guztia zinemazaleek munduari beste era batean begiratzeko aukerea izan daien.

Aurten erakusketea inauguretako ardurea izango dauena zinema erotikoko zuzendari Erika Lust izango da. Gaur iluntzeko 20:00etatik aurrera, zinema feminista eta pornografikoaren aukereari buruzko berbaldia emongo dau Lustek Lan Ekintzako ekitaldi-aretoan, 'Posiblea al da porno feministea?' izenburupean.

Filmetarako sarrerak Capitol zinemako leihatiletan edo BBK kutxazainetan erosi daitekez.

Urtero legez, erakusketan aukerea izango da emakumeek zuzendutako film onenetarikoak ikusteko. Erakusketan zehar, emonaldi bat izango da egunero eta, horretan, film luze bat eskainiko da, Espainian edo Euskal Herrian produzidutako film labur bategaz batera.

Ondokoak dira, besteak beste, egitarauan dagozan film laburrak: 'A las once', Antonia San Juanena; 'La Espinita', Tania Arriaga euskal zuzendariarena; eta 'El Palacio de la Luna', Ione Hernandez donostiarrarena. Hernandezen lanik barriena, eskizofreniari buruzko dokumentala, Julio Medem ospetsuak produzidu dau.

Horrezaz gan, zemendiaren 14ko 16:00etatik aurrera, 'dosi txikiko' zinemak esparru propio eta berezia izango dau lau film labur hartuko dituan 'Laburrak femeninoz' atalean zein 'Minutuko bideoa' atalean. Azken hori Trama alkarteak aldizka antolatzen dauen emakumezko biztanle guztientzako sorkuntza-espazioa da.

Erakusketea amaitzeko, zemendiaren 14ko 18:30etatik aurrera, zirkuitu komertzialetan ikusgai egon diran lau film luze jarriko dira 'Ikusi ahal izan zeduzan?' atalaren barruan, filmak galdu zituenek ikusteko aukerea izan daien: Aizpea Goenagaren 'Sukalde kontuak', Nina Paleyren 'Sita sing the blues', Shamim Sarifen 'The World Unseen' eta Chus Gutierrezen 'Retorno a Hansala'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu