Hizkuntza ergatiboei buruzko nazinoarteko mintegia zemendiaren 4tik 6ra Bilbon
2009-11-05 13:01 Euskerea berbagaiJardunaldiotan hizkuntza ergatiboak deitzen diranak aztertuko dira, munduko hizkuntzen % 25 diranak, hain zuzen be, euskereari arreta berezia eskainiz edizino honetan.
Biltzar hau bi urtean behin egiten da eta aurtengoa UPV/EHUko Gogo Elebiduna-La Mente Bilingüe ikertaldeak antolatu dau. Aurreko edizinoak Toronton eta Bostonen egin ziran.
Biltzarrera etorriko diran nazinoarteko 30 hizlarien artean, hizkuntzalaritzeari egindako ekarpen bereziagaitik, honako honeek nabarmendu geinkez: Julie Legate, Pensilvaniako Unibersidadekoa; Anoop Mahajan, Californiako Unibersidadekoa; eta Esther Torrego, Massachusetts-eko Unibersidadekoa.
Jardunaldi honeetan hizkuntza ergatiboak deitzen diranak aztertuko dira, munduko hizkuntzen % 25 diranak, hain zuzen be, euskereari arreta berezia eskainiz edizino honetan.
Europako hizkuntza gehienak nominatibo-akusatiboak dira, gaztelania eta ingelesa kasu. Hizkuntza ergatiboak horreek baino ezezagunagoak dira eta giza hizkuntzearen inguruko ezaugarri orokorrak zehazterakoan funtsezko gaiak planteatzen ditue, baita hizkuntzen aldakortasunaren mugei buruzkoak be.
Biltzarra ingelesez egingo da zemendiaren 4, 5 eta 6an. Interesatuak dagozan baina bertaratzea ezinezkoa daben personek, hitzaldiak online jarraitu ahal izango ditue biltzarraren web orriaren bidez: www.kongresuak.ehu.es/p275-shergahm/en/
Giza hizkuntzek subjektu edota osogarriak markaukeran, bi hizkuntza mota nagusi sortzen dira, bata nominatibo-akusatiboa edo akusatiboa, inguruko hizkuntza erromanikoak, gaztelania edota frantsesa, adibidez, eta ergatibo-absolutiboa edo besterik barik ergatiboa, euskeraz doguna. Gaztelaniaz, subjektuari kasu marka bat bera egozten jako, hau da, nominatiboa eta osogarriari beste bat, akusatiboa. Aldiz, euskerea lako hizkuntza ergatiboetan, subjektuak bi marka erakusten ditu predikatua zelakoa dan: ni etorri naiz vs. nik Jon ikusi dut, absolutiboaz markatuz ni subjektua lehen perpausean eta ergatiboaz (nik), barriz, bigarrenean.
Munduko hizkuntzen artean, nagusitzen diranak akusatiboak izan arren, asko dira hizkuntza ergatiboak: euskerea, kaukasiar hizkuntzak, besteak beste, georgiera edota abarera; hindiera/urduera Indian edota Pakistanen, eta azken herri honetan, burushaskiera; paleo-siberiar hizkuntzetatik, txuktxi-kamtxatkar hizkuntza familiako txuktxiera; baita inuitera eta oro har, eskimo-aleut hizkuntzak, eta hotzetik epelera goazela, maiar familiako hizkuntzak, besteak beste, tzeltzalera edo tzotzilera, edota cabécarrera, txibtxa familiakoa, Costa Rican. Hizkuntza horreetako batzuk izango dira aztergai mintegian. Eta hizkuntza horreek aztertzeko askotariko ikuspuntuak erabiliko ditue mintegira hurreratuko diran nazinoarteko adituek: hizkuntza teoria, tipologia, jabekuntza eta prozesamendua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!