Joan Mari Torrealdaik euskaltzain oso kargua hartu dau Forun

Bizkaie! 2009-11-02 10:21   Euskerea berbagai

Asteburu honetan izan da Joan Mari Torrealdai euskaltzainaren sarrera ekitaldia Foruko Frantziskotarren eleizan. Euskaltzaindiak 2007ko zemendiaren 30ean izentau eban euskaltzain oso Joan Mari Torrealdai.

Astegoienean izan da Joan Mari Torrealdai euskaltzainaren sarrera ekitaldia Foruko Frantziskotarren eleizan. Euskaltzaindiak 2007ko zemendiaren 30ean izentau eban euskaltzain oso Joan Mari Torrealdai.

Igor Duñabeitia Foruko alkatearen ondo etorriak eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurrak emon eutsen hasierea ekitaldiari. Ondoren, Miren Azkarate eta Joseba Lakarra euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu zan Joan Mari Torrealdai 'Bibliografiatik bibliotekara. Esperantzari leihoa' izenburuko sarrera-berbaldia irakurteko.


Joan Mari Torrealdai: 'Bibliografiatik bibliotekara. Esperantzari leihoa'

Parisen Soziologia karrerea amaitzean, tesinea osotzeko 1936 ondoko euskal idazleen produkzinoa aztertzea aukeratu eban Torrealdaik, informazino faltearen kontra egin, eta horrek bultzatu eban lehen aldiz bibliografia lanera. 'Bibliotekak eta aldizkariak arakatuz neu hasi nintzan zerrendak osotzen, oinarrizko fitxa bibliografikoa osotuz'.

Bitarteko eginkizun hori bizi osoko langintza bihurtu jako Torrealdai euskaltzain oso barriari eta hori izan da, hain zuzen be, sarrera-berbaldirako aukeratu dauen gaia, 'Bibliografiartik Bibliotekarra. Esperantzari Leihoa' izenburupean, noiz eta, bere esanetan, 'Euskal Bibliografia eta Euskal Bibliotekaren lehen ahalegin eraginkorraren mendeurrenaren atarian' gagozan honetan. Izan be, urte gitxi barru ehun urte beteko dira Quadra Salcedo eta Odon Apraiz bibliografia lanetan hasi ziranetik (1914-1915 aldera) eta maila horretako eginkizuna mamitzeko egin zan lehen ahalegina.

Berbaldiak, bada, euskal bibliografia eta biblioteka martxan jarteko asmoen historia batu dau, XIX. mendeko aurrekarietatik abiauta. Juan Mateo Zabala, Bonaparte printzea, Aizkibel-en hasierako ahaleginak aitatu ditu, aurrekoek itxitako ondare mugatua (Larramendi kasu) aberasten saiatu ziranak. Hareen ondotik, lehen bizkundearen haritik, euskerazko lanen eta euskal gaiak jorratzen zituen liburuen bibliografia gauzatzeko saio sistematikoagoak etorri ziran, batik bat Sorrarain, Vinson edota Allendesalazarren eskutik. Asmook, lan bateratu eta zientifikoa sortzeko proposamenaz gan, egile bakotxaren lana izan eben frutu nagusi.

XX. mendearen hasieran saiatu zan orain arteko egitasmorik sendoena, euskal bibliografia sortu eta biblioteka nazionala zabaltzeko. Gasteizko eta Bilboko Ateneoetan lehentasunezko gaitzat eben, tartean Estudios Vascos taldearen sorrerea dogu eta, gainera, Bizkaiko Aldundian 1917an abertzaleek hauteskundeak irabazi zituelarik, bertan aurkeztu zan bi aldeko proiektua mamitzeko proposamena, instituzinoen babes erabagigarriaz.

Sasoi haretako ekintzaileei Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzearen sorrerea zor deutsegu, baina euskal bibliografia eta bibliotekearen amesa ezerezean geratu zan. Joan Mari Torrealdairen ustez, halanda be, orduko lanak gaurko eredu izan daitekez. Bere esanetan, 'ez gagoz zero puntuan'.

Badira, batetik, Joana Albret mintegiaren aldarrikapenak, euskerearen eremua hartzen daben hiru komunidade politikoen alkarlanaren alde, Biblioteka bakarra gauzatzekoa. Eta zatiketa administratibo horrek dakarren baldintzak baldintza, bada Eusko Jaurlaritzeak 2007an onartutako Euskal Kultur Ondarearen legea. Haren barruan, 'Euskal Bibliotekeari ganeratzen jakozan funtzino guztiok tertzioz bete ezkero, sekulako aurrerapausua ekarriko leuskio bibliografiari eta euskal bibliotekeari'.

Gauzak holan dirala, mende honetan aurreratutakoari orduko markak gehituta -'oraindino be bizirik dagozalako'-, etorkizun aberatsa amesten dau: 'Bizkunde sasoian diseinautako liburutegiaren helburua zan euskal jenteari jagokon guztia batzea: bibliografia bere eremu guztietan, euskerazko liburua, euskal lurretan jalgia, euskaldunen ganekoa, euskaldunek idatzia. Bizkundeko gogoari teknologia txertatuta sor daiteke Euskal Gutenberg egitasmoa, analogikoa, digitala, birtuala, hau da, liburua euskarri guztietan hartuko dauena'.

Irudikapen horretan, leku berezia gorde deutso orain Euskaltzaindiari, maila honetako egitasmoak Euskal Bibliografia eskatzen baitau: 'Euskerearen produkzinoa eta euskearen ganean mundu zabalean argitaratu dan guztia. Euskaltzaindiaren ikergune barri bat izan daiteke, ahala eta nahia buztartu ezkero'.

Atzo legez, gaur be, euskereari eta euskal kultureari zor jakon ahalegina da, merezidu dauen arloa bete dagian: 'Topikoa onartutzat emoten da eta suposatu egiten da euskaldunak ez dauela idatzi, edo gitxi idatzi dauela. Zergaitik suposatzen da hori? Idatzi dabena ez dalako ezagutzen. Eta zergaitik ez da ezagutzen? Inoiz ez dalako modu sistemanikoan aztertu'.


Jose Antonio Arana Martija: 'Alexandriatik digitalizazinora'

'Euskerearen alde Joan Marik egin dauen lana amaiera ezinezkoa da' Jose Antonio Arana Martijaren esanetan. 'Deskantsurik hartzen ez dauen' Foruko euskaltzainaren ibilbide akademikoa gogorazoteaz gan, arlo profesionalean Torrealdaiak izan dituan ardurak nabarmenduz hasi dau berbaldia.

Bibliografia izan dau berbagai Torrealdaik, eta gai horri lotu jako Arana Martija erantzunean, haren egiteko nagusia zein dan aitatuz: 'Ondare bibliografikoa batzeaz harago, memoria historikoa bermatzea eta Euskal herria diferentziau izatea dagoz jokoan. Beraz, Bibliografia eta Bibliotekak gauza fisiko edo materialak ez eze, gure izaerearen oinarria eta adierazpena be badira'.

Bibliografiaren garrantziaz ohartzeko, hainbat izen eta momentu historiko ekarri ditu gogora Arana Martijak: Jon Bilbaoren Eusko Bibliographia lana aitatu dau –'orain arte eusko bibliografiaz egin dan lanik garrantzitsuena'- eta berarengandik jaso eban ikasgaiaren garrantzia azpimarratu dau: 'Bibliotekari lana baino askoz garrantzitsuagoa zala bibliografia esaten eustan eta asmo biok batera erabili ditut urteetan. Liburuak bai, baina aldizkariak eta artikuluak be katalogatu behar zirala esaten eustan, Odon Apraizek esaten eban legez, aldizkarietako artikuluetan, sarri, liburuetan baino gauza interesgarriagoak agertzen baitira. Esana egin neban, eta gure euskaltzain barria be ekintza horretan bidelagun izan dot'.

Esparru honetan, hiru mugarri historiko unibersal markau ditu: Alexandriako Liburutegia, Gutenberg-en inprimategia eta aro digitala. Azken horretan, harro adierazo dauenez, 'Euskaltzindiko Azkue Bibliotekan izan gara euskerazko katalogazinoaren aitzindari MARC formatu informatikoa darabilen programa standar bat erabiliz, 75.000 dokumentu honezkero katalogatuz. Digitalizazinoaren bide barrian sartuta gagoz, barrikuntzearen aroan, hain zuzen, gaurko teknologiari lotuta gure erakundea bizi daiten. Beraz, hirugarren mugarrira ailegau gara: Alexandriako Bibliotekatik, Gutenbergen asmakizunera eta orain aro digitalera'.

Amaitzeko, Euskaldunon Egunkaria zarratu ostean, Joan Mari Torrealdai auzipetua dagoala gogorarazo dau Arana Martijak eta alkartasuna adierazo deutso: 'Gure artean nahi eta behar zaitugu, Joan Mari!'


Opariak

Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dala adierazoten dauen diploma eta dominea emon eutsozan Joan Mari Torrealdairi.

Azkenik, opari honeek jaso zituan Torrealdaik:

- Udalak Ricardo Abaunzarren koadro bat oparitu deutso.
- Urdaibai Dantza Taldeak jantzan egiteko beharrezko diran oinetakoakaz egindako oroigarri bat.
- Usurbileko lagunek koadro bat.
- Eta Torrealdai-Nabea familiak erloju bat.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu