'Egungo euskal nobela eta zinema' lana argitaratu dau EHUk Jon Kortazarren gidaritzapean

Bizkaie! 2009-10-30 14:41   Kulturea

Liburuak hiru arlo ditu: lehenengoan, literaturea zinemara bueltetako ahaleginen azterketa teorikoa eskaintzen da; bigarrenean, zinemara eroandako euskal nobelen historia eta azterketea egiten da; amaitzeko, nobelearen eta gidoiaren artean sortzen diran fenomenoen barri emoten da.

Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) Argitalpen Zerbitzuak Jon Kortazarrek zuzendu eta zortzi ikerlarik osotutako 'Egungo euskal nobela eta zinema' liburua argitaratu dau, Egungo Euskal Literaturearen Historia sailaren hirugarren lana. Aurkezpenean, Kortazarregaz batera, EHUko Euskara Saileko zuzendari Jon Irazusta eta ikerlarien ordezkari Ibon Egaña izan dira.

'Egungo euskal nobela eta zinema' liburuak hiru arlo ditu eta horreen barri Egañak emon dau. Lehenengoan, literaturea zinemara bueltetako ahaleginen azterketa teorikoa eskaintzen da, moldakuntza zinematografikoaren bideak, moldeak eta arazoak aztertu eta hizkuntza literarioaren eta zinematografikoaren artean sortzen diran desbardintasunen eta antzekotasunen barri emonaz. Bigarrenean, zinemara eroandako euskal nobelen historia eta azterketea egiten da. 1985ean grabautako 100 metro, Zergaitik panpox eta Hamaseigarrenean aidanez gogoangarrietatik hasi eta egun arte egin diran moldakuntza guztiak izan dira kontuan: 110. Streeteko geltokia lanaren itzulpena dan Menos que cero, oso gitxi ikusi dan Zeru horiek nobelan oinarritutako filma eta, azkenik, Obaba, Kutxidazu bidea, Ixabel eta Un poco de chocolate filmen ganeko irakurketea eskaintzen da. Amaitzeko, nobelearen eta gidoiaren artean sortzen diran fenomenoen barri emoten dau liburuak. Eta horreen guztien aurretik, Egañak azaldu dauen legez, 'hasieran, Kortazarrek, sarrera teorikoa egiten dau azken hamarkadatan zinemearen eta literaturearen arteko loturan oinarrituta egindako lanen sintesiagaz'. Kortazarregaz batera, Ur Apalategi, Miren Billelabeitia, Harkaitz Cano, Ibon Egaña, Angel Erro, Alvaro Rabelli, Iratxe Retolaza eta Javier Rojo ikerlariek osotu dabe lantaldea.

EHUko euskera arduradun Irazustak proiektuaren helburuak unibersidadearenakaz alderatu ditu, batetik ikerketea bultzatzen dauelako eta, bestetik, euskeraz dalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu