Dantzaroa, Durangaldeko jantzen agerraldia

Bizkaie! 2009-10-29 10:50   Kulturea

'Durangon, urriaren 31an, 'Dantzaroa...' izeneko Durango folkloreko agerraldiagaz, gure asmoa, jente askok ezagutzen ez dituen jantza horreek plazaratzea eta ezagutzera emotea da. Bertan parte hartuko dabe Durangaldeko herri desbardinetako jantza taldeek'.

Durangaldeak, jantza eta kantu inguruko folklore aberatsa gorde dau mendeetan zehar, eta horren adierazpen nagusia, oraindino be herri batzuetan, agintarien aurrean egiten diran jantza distiratsuak doguz. Askotan jantza multzo horreekaz loturik beste ohitura batzuk be mantentzen dira, esate baterako, Garaiko herrian, prozesinoan, jantzariak eta herritarrak, Santiagoren irudiaren ohorez 'Gernikako arbola' izeneko jantzea egiten dabe; edo Elorrion, Errosarioko Ama Birjinearen aurrean, Errebonbiloakaz beste garai bateko arma alardea gogoratzen daben prozesinoa; edo Durangoko Euskal Jaietarako, Valentin Zubiaurre maisuak, beste batzuen laguntzinoagaz, 1886. urtean berreskuratutako gorulari estanpea; edo Iurretan 1972. urtean berreskuratutako jantzak.

Era berean, andrazko eta gizonezko arteko jantzak be badaukaguz gure herrietako jai nagusietan: Soka Dantzak, bai mutilak edo bai neskak zuzendutakoak; Garaiko Santa Ana eguneko aurresku nagusia, andre ezkondu batek egiten dauena; Iurretan 'San Sebastian...' kantuagaz neska gazteak agintzen daben jantzea.

'Durangon, urriaren 31an, 'Dantzaroa...' izeneko Durango folkloreko agerraldiagaz, gure asmoa, jente askok ezagutzen ez dituen jantza horreek plazaratzea eta ezagutzera emotea da. Bertan parte hartuko dabe Durangaldeko herri desbardinetako jantza taldeek'.

Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan Durangoko alde zaharretik zehar izango dan kalejira bategaz hasiko da. Ordu erdi geroago, 19:30ean, Andra Mariako eleizpean egingo dabe jantza agerraldia eta bertan aurkeztuko dira Durangaldeko jantzak, zehatz esateko:

- Garaiko Gernikako arbola jantzea.
- Gorularien estanpea.
- Arkudantzea.
- Domingillo jantzea.
- Elorrioko errebonbilloak.
- Durangoko platilo soinua.
- Iurreta eta Garaiko nesken sokadantzea.
- Dantzari jantzea.

Azkenik, bertara hurreratuko diranentzat euskal baserriko oilasko degustazino txiki bat antolatu dabe Zarate-Elexpe Fundazinoaren eta Eusko Label Fundazinoaren eskutik.

Gerediaga Alkarteak antolatu dau Dantzaroa Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eta Durangaldeko dantza taldeen laguntzinoagaz eta Durangoko Udalaren, Zarate-Elexpe Fundazinoaren eta Euskolabel Fundazinoaren babesagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu