Txanpainaren burbuilen misterioak
2009-10-26 13:36 Jan edanakTxanpaina eta kolonia, perfume edo lurrinak buztartu ditue oraintsu Frantziako Reimseko Champagne-Ardenne Unibersidadeko zientzia fakultadeko adituek; kontua da ze txanpain kopa bateko burbuilatxoek, aerosol eran esentzia bitxi batzuk sortarazoten dituela eta likidoaren gainean geratzen dirala.
Txanpaina eta kolonia, perfume edo lurrinak buztartu ditue oraintsu Frantziako Reimseko Champagne-Ardenne Unibersidadeko zientzia fakultadeko adituek; kontua da ze txanpain kopa bateko burbuilatxoek, aerosol eran esentzia bitxi batzuk sortarazoten dituela eta likidoaren gainean geratzen dirala.
Ikerketearen bidez, txanpainaren burbuilatxoen molekula aromatiko bakotxa bereiztea lortu dabe, eta ehundaka osogai atzemon ditue horreetan; kontuak kontu, argi gelditu da edari honen aberastasun aromatikoa sekulakoa dala, orain arte pentsauezina zana. Orain arte pentsetan zan, burbuilek gusto azidoa eransten eutsiela edariari, besterik ez.
Gérard Lieger-belairek zuzendutako ikerketa honetan, erresoluzino handiko masa espektometria erabili dabe, molekuletatik eratorriak diran ioiak neurtu leikezan tresna bat da hau, zehaztasun handiz aztertu eta bereiztu ahal izan dituelarik txanpainaren gasean edo edozein ardao apartsutan dagozan osogai kimiko guztiak. Txanpainaren aerosolak aztertzeko, txanpaina zerbidu ostean askatutako aerosolen lorratzak identifikau ditue.
Ikerketearen egileek dinoe aerosolek, aromatikoak izateagaitik ezagunak ziran osogaien kontzentrazino altua eukela. Osogai horreek azaleko osogai aktiboak izateko joera euken edo tentsiaktiboak izateko, hau da, bere egitura kimikoan ura erakarten dauen amaiera kimiko bat dabelarik eta beste bat ura errefuxatzen edo atzera botaten dauena.
Ikerlariek uste dabe tentsioaktiboak txanpainaren burbuiletan pilatzen dirala alde bat burbuilearen barruan daukielarik eta bestea likidoan. Burbuilek, orduan, osogaiak eroaten ditue kopearen gainazalera igon ahala eta lehertzen diranean, barriz, osogai aromatikoak askatzen ditue aerosol eran.
Aditu honeen arabera, cavearen usain eta gustoaren gakoa, burbuiletan dago. Gaur egunera arte eginiko ikerketen arabera, burbuila txikiek gustoa jasoten dabe eta usainaren molekulek cavea freskagarriagoa izatea sortarazoten dabe.
Aitatu ikerlariek jakinarazo dabenez, karbono dioxido kantidade handia edari karbonikoetan, burbuilen hazkundearen eragile nagusia da, bai berez hartziduran sortutakoak diranean, baita modu artifizialean sortuak diranean be.
Nahiz eta burbuilearen neurria zehazterakoan karbono dioxido kopurua garrantzitsua izan, Lieger- Belair ikerlariak dino badagozala beste ezaugarri batzuk be, besteak beste, osogai kimikoak, gatz urtuak, karbohidratuak eta mineralek be eragiten dabela edarietako burbuilak sortzerakoan.
Era berean, ikerlari horreek atzemon eben, itsasoko aireari ur azalean sortzen diran burbuilek emoten deutsien itsas-ukutuaren antzera, edariari fruta usaina eransten deutsien zenbait osogai kimiko burbuiletan jasoak dirala, eta azalera eroanak ardaoan baino kontzentrazino handiagoetan.
Kontuak kontu, datu edo emoitza horreek erakusten dabe txanpain kopetako burbuilek eten barik azaleratzen dituela usainak, itsasoa hasarre dagoanean, aparrak edo bitsak inguru guztiari bere usaina zabaltzen deutson moduan.
Azken buruan, gauza jakina dan arren, txanpaina edo cavea behar dan moduan probau eta gozetako, gasaren kanporaketea erraztuko daben kopa egokiak erabiltea da onena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!