Xabi Aburruzaga: 'trikiti-doinuak barriztau eta nire estiloa garatzen ahalegindu naz'

Saioa Torre Gereketa 2009-10-26 11:01   Barriketan
Trikitilaria

Xabi Aburruzaga oso pozik dago aurkeztu barri dauen 'Denboraren naufrago' diskoagaz. 'Disko honetan azken urteotako lanak, zeozelan, batu ditut. Konposaketa barriak sartu dodaz eta trikitixaren doinuak barritzen saiatu naz, estilo propioa garatzen baina, beti be, nondik natorren ahaztu barik'. Trikitixearen mundutik dator eta diskoan doinu tradizionalak be igarten dira. Folk mundutik datozan musika-tresnak trikitixeagaz buztartzen dira, bibolina, mandolinea, txalapartea... eta, bestetik, estandarragoak diranak be entzuten dira, gitarrea, bajua, pianoa eta beste batzuk.


1.- Diskoaren laburpen legez, esan geinke...

... lana hamabi piezaz osotuta dagoala; horreetatik hamar instumentalak dira eta kanta bik letrea daroe. Diskoan agiri diran doinu guztiak nire konposizinoak dira -beti be nire inguruko musikarien ekarpenakaz- kanta bat izan ezik, Bossa Nostra. Kanta hori Eloy Urrezolarena da. Letrea daroen kanta bietako bertsoak Iñaki Aurrekoetxeak egin ditu.


2.- Diskoagaz batera argitaratutako be liburuxkea berezia da.

Kanta bakotxa leku desbardin batean oinarrituta dago eta, liburuxkan, istorioan eta kantan barneratzen lagunduko deuskuen irudiak eta testuak agiri dira. Igor Zorrozuak irudi bat egin deutso kanta bakotxari, lekuetako irudi adierazgarri banagaz; oso pozik dago berak egindako lanagaz. Irudiagaz batera, testu batzuk be jarri doguz, oraintsu saritu daben Kirmen Uribek idatzitakoak. Testu horreek kantearen arimea islatzen dabe.

Liburuxkearen erdiko aldean be irudi piloa agiri dira. Hasiera batean, taldekide guztien argazkiakaz collage antzeko bat egitea pentsau genduan baina ideia tipikoegia otu jakun. Horregaitik, argazkiak erabili beharrean, irudiak jarri doguz, karikaturara ailegau barik, marrazki alaiak dira.


3.- Kantak leku zehatzetan oinarrituta dagozala dinozu. Konposizinoak be bai?

Bai, edo bertan sortutakoak dira edo, gitxienez, ideia leku horreetan sortutakoak dira zein leku horretan inspirauta dago. Berbarako, Mexikoko Chitzen Itzá-ri eskainitako kanta bat egon arren, ni ez naz sekula han egon. Kirmen Uribek ondo azaltzen dau bidaia bat egiteko nintzala Mexikora eta azken momentuan jakin neban azterketa bat egin behar nebala eta pasaportea eta maletea preparauta izan arren, berton geratu nintzan, Mexiko zelakoa izangoa zan amesten. Interneten topau neban Chitzen Itzá eta horren harian sortu neban kantea.


4.- Zeintzuk dira inspirazino-iturri legez balio izan deutsuen lekuak?

Lekuei jagokenean, Breakfast in Belfast kantan argi dago irudia Belfast dala; bigarren kantan Portugaleteko -eta ez Bizkaiko- zubia agiri da; hirugarrenean, Dublineko Half Penny Brigde; laugarrenean, Lago di Como; bosgarrenean, Sopelanako hondartza; gero Mexiko, Chitzen Itzá; ostean furgoneta gorri bat -ez da leku bat baina leku guztietara furgonetaz joaten garan legez, ba furgonetea jartea erabagi dogu-; hurrengoan Sizilia; gero London; Zamudioko dorretxea; eta, azkenik, Palenciako Velilla de la Peña herri txikitxua. Azken leku hori berezia da niretzat eta Zu gabe izeneko kantan jarri dot, kanta hori nire aititari eskainita dagoalako, aitita herri horretan lurperatuta baitago.


5.- Betiko lagunak ondoan izan dozuz lan honetan be.

Bai, diskoan hainbat kolaboratzailek parte hartu dabe: Igor Telletxea, Irkus Ansotegi, Alberto Rodriguez, Igor Peña, Xabi Zeberio, Jose Urrejola, Joxu Zalbide, Iñigo Egia, Ibon Ordoñez, Iban Gurrutxaga, Eloi Urrejola, Jon Piris, Pello Ramirez, Jesus Aranburu, Koldo Uriarte, Urbil Artola, Joseba Tapia, Mikel Markez, Amaia Oreja eta Oreka TX. Ez dot inor ahaztu nahi eta horregaitik egin dot zerrenda osoa, diskoan parte hartu gura daben danei eskerrak emon gura deutsiedazalako.


6.- Nondik dator diskoaren izenburua, 'Denboraren naufrago'?

Hamargarren kantearen izenburua da. Kanta horretan, abestu egiten da eta baleiteke irratietan-eta gehien erabiliko dan kantea izatea, musikeaz gan, letrea be badaukalako. Interesgarria otu jatan izenburu hori ze, uste dot, azken batean danok garala denporearen naufrago, denporea aurrerantz doa eta, begira geratu ezkero, ez dakizu aurrerantz ala atzerantz zoazen eta danok gara denporearen naufrago bizitzearen momentu batzuetan.


7.- Zelan ba, horren elegante diskoaren azalean?

Ja, ja, ja... Galdera ona da, ni, noramalean, ez naz-eta holan jantzita joaten, ezkontzaren batetarako ez bada... Esan geinke erropa horreek eta trikitixearen mundura ekarri gura dodazan haize-bolada barriak lotuta doazela. Ni trikitixearen mundutik nator baina disko hau askozaz be musikalagoa da. Horregaitik, ikutu barritzailea, modernoa ganeratu gura neutsan trikitixearen munduari. Berez, mundu tradizionala da eta ni apasionau egiten nau baina, musika-mueta horrezaz ganera, beste musika batzuk be entzuten dodaz eta nahasketa horretatik dator barrikuntzea, portadan daroadan itxurea be barria dan moduan, ez neban gura alboan pandero-jole bategaz urten, orain arteko trikiti-disko tradizionaletan legez. Holan, trikitizalea ez dan eroslea be erakarri neike ze trikitizaleek, honez gero, ezagutzen gaitue.


8.- Kanta bakotxa leku bat dala kontuan izanda, beste herrietako folk musikek eragina daukie zure lanetan?

Bai, handia ganera. Brekfast in Belfast kantea, berbarako, zeltiar munduko doinuez horniduta dago. Nik musika asko entzuten dot, batez be irlandarra baina baita Quebec-ekoa be, eta mundu osokoa, oro har. Diskoan, Quebec-eko zapatak be sartu doguz eta momentu batean emoten deutsu bertako talde baten sonoridadea entzuten zagozala. Mestizaje berbea asko erabilten da baina niri ez jat lar gustetan, gurago dot nahasketa edo buztarketa lako terminoak erabiltea gure musikea deskribiduteko, kolore desbardinakaz egindako diskoa da. Aitatutako kanta hori, 'Brekfast in Belfast', lehenengo jarri dot diskoan, oso kanta alaia eta energetikoa dalako. Baina, berbarako, Chitzen Itzá kanteak beste sonoridade bat dauka, Mexikoko ikutua daukalako. Horregaitik, esan geinke oso disko zabala dala, zeozelan esateko, internazionala, globala, kanpoan entzuteko modukoa -hori da, behintzat, gure esperantzea-.


9.- Estilo propioa landu gura izan dozula dinozu. Zelan deskribiduko zeunke estilo hori?

Trikitixearen munduan oso markautako estiloak dagoz. Trikitilari baten kanta bat entzuten dozunean, segiduan dakizu ze trikitilarirena dan. Ni, estilo horreetatik urruntzen saiatu naz eta erdiko bide bat topetan. Nire helburua da diskoa entzuterakoan entzuleagan diskoaren egilea nor dan jakiteko gogoa sortarazotea da. Trikiti-munduan freskotasun faltea igarri dot eta kezka hori azaltzea da disko honen helburua. Lortu dodan ala ez, entzuleek esango dabe.


10.- Kontzerturik lotuta daukazue? Nortzuk izango zaree taula ganean?

Horretan gabiz. Lehenengo, aurkezpen-kontzertu bat egin gura dogu taldearen oinarrizko formazinoagaz gehi konbidauakaz. Formazinoa trikitixeak, bajuak, gitarreak, bibolinak, tekladuak, flauteak eta bateriak osotzen dabe ze, taula ganean be, kanta guztiei modu duin batean egin behar jake aurre, zuzenekoan ez galtzeko puntu hori. Entzuleak ez dau pentsau behar diskoa zoragarria dala baina zuzenean kantak 'jausi' egiten dirala.


11.- Kantagintzaz eta diskogintzaz gan, beste ekimen batzuk be badaukazuz esku artean, Trikileku ekimena kasurako. Zelan dago trikitixeagazko afizinoa?

Bizirik, oso bizirik. Gaztetxuak oso fuerte datoz eta trikitixearen etorkizuna bermatuta dago. Halanda be, badagoz edadekoak be, gurasoak eta, sarritan, aitite-amumak be, trikitixea euren pasinoa izan dalako eta orain arte ez dabelako ikasteko aukerarik izan.


12.- Zenbat zor deutsazu Rufino Arrolari?

Dana. Rufino Arrolari esker ni neu trikitilaria naz, Rufino Arrolari esker 'Bizkaiko trikitixa' izeneko liburua idatzi neban, gero izen bereko diskoa atara neban eta lan horren arrakasteari esker nago hemen.


13.- Irkus Ansotegi eta biok herririk herri ibili zarie trikitixeagaz eta panderoagaz bazter guztiak alaitzen. Disko honen aurkezpenagaz eta ekarriko dauen promozino-lanagaz, kalerik kaleko jarduna albo batera itxiko dozue?

Ez, herririk herri segiduko dogu baina erritmo motelagoan, beti be agendearen arabera. Irkusek disko honetan parte hartu dau panderoagaz eta txikitatik gabiz alkarregaz joten. Horregaitik, ez dot uste jardun hori erabat itxiko dogunik.


14.- Bizkaiko Trikitixa diskoagaz, tradizinoa abiapuntutzat hartu baina tradizinoa zabaltzen, musika modernoagoa egiten ahalegindu zinan. Lortu dozu edo lortzen ari zara?

Ez dakit. Hori hemendik urte batzuetara erantzun beharreko galderea da, urruntasunak emoten dauen ikuspegitik aztertu beharrekoa. Jasotako kritikak oso onak izan dira eta ni neu oso pozik nago ataratako disko biakaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu