BAD-en hamaikagarren edizinoko kartela egitarauaren atal bihurtu da aurten

Bizkaie! 2009-10-22 18:47   Kulturea
BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen XI. Jaialdia, urriaren 26tik zemendiaren 8ra

XI. BAD iragarten dauen kartel ikusgarria Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren nortasun ikur bilakatu da, baina ekimenaren aurtengo edizinoan, egitarauaren atal be bihurtu da Mabi Revuelta bilbotar artistearen lanari esker.

XI. BAD iragarten dauen kartel ikusgarria Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren nortasun ikur bilakatu da, baina ekimenaren aurtengo edizinoan, egitarauaren atal be bihurtu da Mabi Revuelta bilbotar artistearen lanari esker. 'A' letrea osotuz bi eskeletogaz batera agertzen diran bi jantzariren irudi harrigarriak erakusketa bat, ballet bat, performance bat eta sormen prozesuari buruzko berbaldi bat iragarten ditu.

Proiektuari ABECEDA izenburu generikoa jarri jako, 1926an Devetsil txekiar talde abangoardistako hiru artistek (Vitezslav Nezval poeta, Karel Teige diseinatzailea eta Milca Mayerova jantzari eta koreografoa) sinatutako alkarlanaren oroimenez. Nezvalek alfabetoaren letrei eskaini eutsen lauko errimako 25 bertso oinarritzat hartuz, Mayerovak jantza iraultzailea taiutu eta ABECEDA liburua argitaratzeaz arduratu zan. Teigek collage tipografiko baten antzera diseinau eban liburua, eta Poetismoa deritzonaren adibiderik onena ei da. Poetismoa Devetsil taldearen oinarrizko ideia da, baita arte modernoaren teoriari egin eutsen ekarpen nagusia be.

Erreferentzia historiko honetatik abiatuta landu dau Mabi Revueltak bere azken proiektua, era askotako osogai eta erreferentziak buztartuz: Pragako Antzerki Baltza, Bauhausen ballet esperimentala eta tradizino surrealistea eta dadaistea, besteak beste.

Kontuak kontu, BADen XI. Edizinoa iragartzen dauen kartelak era askotako jarduerak aurreratzen ditu, besteak beste, Vanguardia Galerian (Mazarredo Zumarkalea 19), bihar hasita (urriak 23), artistak balleta zuzentzeko erabilitako material kontzeptualetako batzuk batuz antolatu dan erakusketea; urriaren 28an Arriaga Antzokian egingo dan ballet honen estreinaldia eta ballet honetan oinarriturik egindako performancea, galeria berean urriaren 29an taularatuko dana. Mabi Revueltaren ikuskizun esperimental honetan, izaera eszenografikoa eta disziplina-anitzekoa da nagusi, eta jantzea, antzerkia, poesia eta musikea buztartzen ditu.

Jaialdia iragarteko kartelaren argazkiari jagokonez, artisteak lehengo poemea ilustretan dauen irudia egin dau, hau da 'A' letrea, alfabetoko lehena eta bokalik oinarrizkoena. Zeinu honen oinarrizko izaerak erreferentzia zuzena egiten deutso gerren arteko garaian Europan sortutako abanguardiako lehenengo antzerkiaren filosofiari. Eskeletoek, letrak legez, gure adierazpiderik oinarrizkoena irudikatzen dabe, baina horrezaz gan, irudian eurei oratuta agertzen diran bi jantzariak babesten dituela emoten dau.

Erakusketaz eta performanceaz gan, Vanguardia Galerian proiektu honen sormen prozesuaren inguruko beste jarduera batzuk be antolatuko dira BAD jaialdiak irauten dauen bitartean. Adibidez, Mabi Revueltak emongo dauen berbaldia. Erakusketea urriaren 26tik zemendiaren 7ra egongo da ikusgai.

Mabi Revuelta

1967an Bilbon jaioa da eta Arte Ederrak ikasi zituan EHUn, lizentziaturea 1990ean lortu ebalarik. Hurrengo urtetik aurrera hasi zan bere obrak erakusten profesionalen moduan, eta ordutik, mundu osoko esparru, galeria eta museoetan ikusi ahal izan dira bere lanak. 2000. urtean, hiru lan egin zituan Bilboko Guggenheim museoan ikusgai egon zan 'La Torre Herida por el Rayo' erakusketarako. 2000 eta 2005 urteen artean, denporaldi batzuetan, New Yorken bizi izan zan, eta 2003an, Marcelino Botín Fundazinoaren bekea lortu eta uri horretara joan zan bizitera, International Studio & Curatorial Program dalakoan parte hartzeko asmoz.

Mabi Revueltaren lanak (www.mabirevuelta.com) ondorengo Museo eta Bilduma Publikoetan ikus daitekez: TEA Tenerife Arteen Espazioa; International Museum of Women, San Francisco, California; Marcelino Botín Fundazinoa; Artium, Euskal Arte Garaikideko Museo-Zentrua; Nafarroako Museoa; Iruñeko Udala; Gazteria Institutoa; Bizkaiko Foru Aldundia; Muskizko Udala; Segoviako Diputazino Probintziala; Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Eder Fakultadea; Balmasedako Udal Ateneoa eta BilbaoArte Fundazinoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu