'Agurrik gabeak', Borrokalari Antifaxisten II. Omenaldia Durangon
2009-10-21 18:43Datorren barikuan, urriaren 23an, Durangon egitekoa dan 'Agurrik gabeak' ekitaldia (Faxismoaren kontra burrukatzearren, hil, desagertu eta fusilautako durangarren omenez) aurkeztu dabe gaur.
Datorren barikuan, urriaren 23an, Durangon egitekoa dan 'Agurrik gabeak' ekitaldia (Faxismoaren kontra burrukatzearren, hil, desagertu eta fusilautako durangarren omenez) aurkeztu dabe gaur Maria González Gorosarri, Durango 1936 Kultur Alkarteko kideak eta Juanjo López, 'Durango, oroimenaren gogoan' dokumentalaren egileak.
1938ko urriaren 24an, Durangoko Ordena Publikoko kide Juan Eskubi (ELA-STV) Larrinagako (Bilbo) kartzelatik atara eta Derioko kanposantuan fusilau eben eguna da (orain 71 urte). Eskubik bonbardeautako Durangoko eguneroko bizimodua antolatzeko ardurea hartu eban. Aurten zapatua izango dan legez, ekitaldia barikuan egingo dau (urriak 23).
Bariku arratsaldeko 20:00etan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egingo dan ekitaldian, Olmako tximinian aurreskua eta lore-eskaintzea egin ostean, 'faxismoaren kontra burrukatu ziranen inguruko datuak ezagutzen hasi garenean, aurten oroimena zaindu ebenak omenduko dira'. Ondoren, 'Durango, oroimenaren gogoan' dokumenatala emitiduko da eta, azken buruan, Fermin Balentziaren kantaldia egongo da.
Durango 1936 Kultur Alkartea
Durango 1936 Kultur Alkartea orain bi urte sortu zan. Durangon eta Durangaldean gertatu zana ikertzeko, garai haretako agiriak topau eta batzeko, eta orduan faxismoaren biktimak izan ziranak ezagutzeko, omentzeko eta aldarrikatzeko lanean dabil alkartea. Errepublikeagaz eta Euskadiko Gobernuagaz batera askatasuna, justizia eta Euskal Herriaren nazino-eskubideak defendidutearren euren bizia eskaini ebenen inguruko datu-basea osotzen dabil (hildako, desagertu eta ganerako errepresaliatuen inguruko datuak). Orain arte, ehun bat lagunen datuak jaso ditue. Argibideak: www.durango1936.org.
'Durango, oroimenaren gogoan' dokumentala, demokrazia eta askatasunaren alde euren bizia emon ebenentzako omenaldia
* Iraupena: 55 minutu.
* Hizkuntzak: Euskeraz eta gazteleraz editatua (bi dokumental).
* Zuzendaria: Juanjo López (Durango, 1957).
* Argazki-arduraduna: Iñigo Camarero.
* Musikea: Ander Ertzilla.
* Produkzinoa: Durango 1936 Kultur Alkartea.
* Helburuak:
1.- Errepresaliatuen testigantzeari formea emon eta Gerra Zibilari buruzko informazinoa zabaltzea, egiaren mesedetan. Frontean, kartzelan, fusilatuak, desagertuak… ehundik gora durangar izan ziran eta Nafarroako Pirinioetan, bakar-bakarrik, Durangaldeko 37 lagun esklabo egon ziran.
2.- 2008ko 'Agurrik gabeak' ekitaldia Frankismoaren esklabutzeari buruzko erakusketeagaz osotu zan eta, aurten, urriaren 23ko ekitaldiaz gan, beste zeozer eskaini gura izan da.
3.- Jasotako lekukotzakaz artxiboa osotzen joatea. 'Horretarako, Aranzadi Zientzi Alkarteagaz alkarlanean ari gara'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!