Laudion jakingo dogu finalaurrekoetan kantauko daben 17 bertsolariak nortzuk izango diran

Bizkaie! 2009-10-21 12:36   Bertsolaritzea

Laudioko Lamuza Granja Kiroldegian 1100 lagunentzako lekua egongo da eta momentuz 550 sarrera saldu dira. Intenet bidez www.bertsosarrerak.eu atarian eguen (urriak 22) gauerdia bitartean erosi ahal izango dira Laudioko saiorako sarrerak eta egunean bertan Kiroldegiko leihatilan jarriko dira salgai arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

Laudion jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasearen azken saioa, final laurenetako seigarrena, hain zuzen be. Laudioko Lamuza Granja Kiroldegian da hitzordua, zapatuan, urriaren 24an, 17:30ean hasita.

Giro beroa espero da, izan be, egun horretan erabagiko baita zeintzuk izango diran finalaurrekoetarako pasea eskuratu daben bertsolariak. Lehen fasean parte hartu daben 36 bertsolarietatik 17 izango dira final aurrekoetan kantauko dabenak eta, horreetatik, sei sailkatuko dira zuzenean. Laudioko saioan puntu gehien eskuratzen dituanak aurrera egingo dau Jone Uriagaz (Zestoako lehen sailkatua), Etxahun Lekuegaz (Leitzako lehen sailkatua), Iñaki Zelaiagaz (Bilboko lehen sailkatua), Beñat Gaztelumendigaz (Uztaritzeko lehen sailkatua) eta Iker Zubeldiagaz (Zarauzko lehen sailkatua) batera. Eta zuzenean sailkatutako sei bertsolari horreez gan, puntuazinoaren arabera, beste hamaika bertsolarik egingo dabe aurrera. Erabagigarria izango da, beraz, Laudioko saioa.

Laudion abestuko daben sei bertsolarietatik erdiak bizkaitarrak eta beste erdiak gipuzkoarrak dira. Fredi Paia da seietatik Txapelketa Nagusian eskarmentu gehien dauena; aurtengoa hirugarren aldia izango dau. Onintza Enbeitak, Iñigo Izagirrek eta Jon Martinek bigarren aldiz kantauko dabe Txapelketa Nagusian. Miren Amurizarentzat eta Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa'-rentzat, barriz, lehenengo aldia izango da. Lierni Altunaren aginduetara abestuko dabe sei bertsolariok.

Laudioko Lamuza Granja Kiroldegian 1100 lagunentzako lekua egongo da eta momentuz 550 sarrera saldu dira. Intenet bidez www.bertsosarrerak.eu atarian eguen (urriak 22) gauerdia bitartean erosi ahal izango dira Laudioko saiorako sarrerak eta egunean bertan Kiroldegiko leihatilan jarriko dira salgai arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Kiroldegiko ateak 16:30ean edegiko dira. Sarrerea Internet bidez erosten dauenak etxean inprimiduta eroan beharko dau Laudiora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu