'Aspaldiko Maigret', Eusebio Erkiagak 1953an euskerara itzulitako lanak argia ikusi dau

Bizkaie! 2009-10-20 15:33   Kulturea

Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Labayru Ikastegiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe hemendik urte amaierara bitartean euskerea sustatzeko zenbait programa garatzeko helburuagaz. Agerraldi berean, hitzarmen horren emoitza garrantzitsu bat be aurkeztu dabe: George Simenonen La première enquête de Maigret lanaren euskerazko itzulpena, 1954an Eusebio Erkiagak egindakoa.

Bilboko Udaleko Euskara Sailak eta Labayru Ikastegiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe hemendik urte amaierara bitartean euskerea sustatzeko zenbait programa garatzeko helburuagaz. Hitzarmen honen bidez, erakunde biek herritarren artean euskerea eta euskal kulturea sustatzea eta euskerearen erabilerea suspertzea dabe helburu, bai berbaldunen kopuruari zein hizkuntzearen kalidadeari begira. Sinatze-ekitaldian Bilboko Udaleko Euskara zinegotzi Ana de Castro eta Labayru Ikastegiko zuzendari Adolfo Arejita egon dira. Agerraldi berean, hitzarmen horren emoitza garrantzitsu bat be aurkeztu dabe: George Simenonen La première enquête de Maigret lanaren euskerazko itzulpena, 1954an Eusebio Erkiagak egindakoa. Andres Urrutia be egon da prentsaurrekoan, berak egin baitau liburuaren berbaurrea.


Hitzarmena

Labayru Ikastegiak euskerearen eta euskal kulturearen ganeko ikerkuntzan, sormenean eta zabalkundean ekarpen handia egin dau hizkuntzea besterentzeari eta kalidadea eusteari jagokonean.

Labayru Ikastegiak Bilboko ondare linguistikoaren ganeko lanak egingo ditu, euskerearen arlokoak, hain zuzen be, bai idatzizko zein ahozko erabilereari jagokenez urian hizkuntzeak izan dauen bilakaerea ezagutzeko. Bestalde, Bilbon euskereak historian izan dauen eta egungo errealidadea herritarren artean zabaltzeko konpromisoa be hartu dau Labayruk. Horren harian, proiektu bi egingo ditue urtea amaitu baino lehenago: batetik, herri kantutegian tradizinozko lanbideei loturiko kantak aukeratu eta argitaratuko dira; bestetik, datorren urteko egutegia argitaratuko da, tradizinozko soinu-tresnak gaitzat hartuta. Hitzarmenean zehazten dan hirugarren puntuan Ikastegiak Bilboko Udalari eskainitako aholkularitzeari buruz hitz egiten da.

Bilboko Udaleko Euskera Sailak 12.500 euro bideratuko ditu hemendik urtea amaitu arte hitzarmen horretara.


Liburua

Sinatutako hitzarmenaren harian, erakunde biek Georges Simenon idazlearen La première enquête de Maigret lanaren euskerazko itzulpena, 1954an Eusebio Erkiagak egindakoa be aurkeztu dabe. Horren ganean Andres Urrutiak egin dau berba, berak idatzi baitau liburuaren berbaurrea. Erkiaga lekeitiarra hil ondoren (1993an), Urrutiak idazle horrek idatzitako lanak batzea erabagi eban eta gaur aurkeztutakoa da horren emoitza bat: 'aspalditik neukan zorra Eusebiogaz, bera izan zan-eta nire idazle sena biztu ebana'. Urrutiak, berbaurrean, 1953an Bilboko kaleetan euskerea zelan bizi zan eta debekuaren eta oztopoaren ganetik egoan giroa erakutsi gura izan dau.

Nobelea Eusebio Erkiagak itzuli eban baina argitaratu barik egon da. Andres Urrutiak galdutzat egon dana topau, edizinoa atondu eta orain argitaratu da. Eusebio Erkiaga lekeitiarra zan, baina Bilbon bizi izan zan eta bilbotartzat hartu behar dogu. Haren idazlanik gehienak lehendik argitaratuta dagoz; hauxe falta zan, ostera. Genero poliziakokoa da, eta Maigret polizia protagonista daukan nobela sortako bat da.

Sutondoan bilduman dator Simenonen elabarria, Erkiagaren ohoretan. Hauxe da Labayru Ikastegiak, Bilboren euskera eta literatura ondarearen mesedetan, aitatu hitzarmenaren barruan egiten dauen lehenengo ekarria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu